Abian da indarkeriarik gabe bizi nahi duten emakumeen autolaguntza taldea

Xabier Lasa 2021ko mar. 26a, 14:04

Indarkeria matxistak eragindako egoerei aurre egin dieten edo aurre egin nahi dieten emakume talde baten berri eman dute, udaletxean egin duten agerraldian. Maider Lainez alkateak, Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Maider Andonegi emakumeen taldeko dinamizatzaileak aurkeztu dute "indarkeriak gabeko bizitzaren aldeko emakumeen" autolaguntza taldea. Aurkezpenaren bideoa, ikusgai:

Maider Lainez alkateak esan duenez “indarkeria matxista egunero jasaten duten emakume askok adierazte dute argi eta garbi arazo sozial baten aurrean gaudela, eta arazo horren arrazoia eta jatorria egitura bera dela, funtzionatzeko modua eta gizonei eta emakumeei leku bat esleitzeko modua dela. Emakumeen eta gizonen arteko botere harreman historikoki desorekatuaren adierazpena da, eta emakumeen diskriminazioa bultzatu dute”. 

 

Zalantzak eta kezkak partekatzeko gunea

Berez, urtebete da taldea abian jarri zela, eta herriko zenbait emakumek hartzen dute parte bertan. Urigainen, ostiralero (15:30-17:00) biltzen da taldea. Orain arteko eskarmentua kontuan hartuta, oso balorazio baikorra egin du Maider Andonegik, Sorburu kooperatibako dinamizatzaileak.

Bertan parte hartu duten edo oraindik parte hartzen ari diren emakumeei zertan egin zaien baliagarri taldea, adierazi du Andonegik. “Zalantzak eta kezkak argitzeko, erantzunak aurkitzeko, beldurrak eta bestelako emozioak prozesatzeko, entzunak eta errespetatuak izateko, babesa emateko, laguntzeko eta indarkeriatik, tratu txarretatik eta umiliaziotik nola atera ikasteko…”.

Gune irekia eta askea dela, eta konfidentzialtasuna errespetatzen duela azpimarratu du Andonegik. Era berean, gehitu du bertan bakoitzak daukan erritmoa errespetatzen dela, eta bakoitzak daukan errealitate pertsonalera, baliabideetara eta indarguneetara egokitzen dela.

Hiru modutara jarri daiteke harremanetan taldearekin:

* Sorburu kooperatiba:688724747 (Maider), edo, sorburutxiki@gmail.com

* Andoaingo Udaleko Gizarte zerbitzuak: 943304343.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!