Naturaren Oinarrizko Eskubide Unibertsalen Aldarrikapena

Axier Miron 2021ko mar. 27a, 08:00

Hamarkada luzea igaro da, Andoainen agintzen zuen  udal-gobernuak Otieta Parkean Leitzaran  bisitari-zentroa eraikitzea eta irekitzea erabaki zuenetik.

Azpiegitura horren helburu nagusienetako bat 'garapen turistikoa jasangarria' bultzatzea zen, eta, batez ere, Andoaingo Leitzaran bailaren dagoen txoko honetara bisitariak erakartzea. Eraikin horren egitasmoa, zalantza eta galdera ugari sortu zituen herriko herritar askorengan. Azken aldi honetan, Leitzaran Bisitarien Etxeak bultzatuta, Sorgin-Zubi edo Unanibia inguruan tirolina bat eta aisialdi jarduera ezberdinak ezartzea da Udal-gobernuak eta alderdi guztiak aho batez hartu duten erabakia. Andoaingo udalerriaren branding korporatiboa hauspotu eta turismo eta aisialdiaren merkatuaren rankingnean lehiakorra izatea omen da, gaur egun hiriei eta udalerriei piztu zaien gogoa, irrika eta sukarra: “Aukerak antzeman behar dira eta indar guneak ustiatu” da puri-purian dabilen leloa erakunde publikoen kudeaketaz arduratzen direnen asmo eta praktika gehienetan. Nahiz eta bizi zaren bazterreko lur eremu periferiko horrek, lurraldearen bizkar-hezurra osatzen duen konurbazioaren hamaika azpiegituren lotune nagusia eta zementu ekoizleen kokapen pribilegiatua izan. Egia esan, honaino esandako guztia ez du inolako gauza berririk eransten guztion pentsamenduan dagoen ideia nagusiari: Logika patriarkala-kapitalista bateri lotuta dagoen sistema batean, merkatuaren praktika liberalak dira nagusitzen direnak eta errealitatea asmatu, egituratu eta antolatzen dutenak. Gure Udaletxean, Foru Aldundian, Ajuria-Enean edo San Jeronimo karrikan ebazten eta gertatzen direnak, besterik ez. Inor ez da harrituko orduan, lurzoruaren politikek eta espazio publikoaren kudeaketak, hauek hiri-eremukoak izan, landa-eremukoak edo natura-eremukoak, aspalditik funtzionatzen dutela Henry Lefebvre, “diru-truke balioa" deitu zion logika merkantilistaren mesedetan, “erabilpen balioa” kontuan izan gabe.

Bizitutakoak eta memoria kolektiboa astintzen gaituen Andoaindarrei, geure buruari egiten dizkiegun galderak, iragana, oraina eta etorkizuna zeharkatzen dute eta gaur egun oraindik ere, zilegiak eta beharrezkoak direla uste dugu. Duela bi hamarkada baino gehiago Leitzaran bailararen defentsan, autobiaren aurka azaldu eta borrokatu genuenok, zergatik egin genuen? Zergatik Leitzaran parke naturala izateko aldarria?  Zertarako? Zer nahi dugu? Gatazka horren konponbide ‘salomonikoan’ irentsi behar izan genituen kontraesan eta apo mordoak alde batera utzita, azkenean, gatazka hura elkarrizketaren bidez konpondu zen, eta A-15 autobiak eragin duen kalte ekologikoa eta paisajistikoa erdeinatu gabe, Leitzarango bailara ez zuen azkenean zeharkatu Irurtzuneraino doan errepide hori. Garai hartan, Lurraldea koordinakundearen bozeramaile lanak egiten zituen Jonen Fernandez jaunak esan zuen moduan: Leitzarango bandera duintasunez defendatu dugu.

Baino baso-ustiapen suntsitzaileak, lurraldeen zatiketa administratiboa(k), Kafkiarrak diren egitura politiko-burokratikoak eta alderdi nahiz erakunde ezberdinen epe motzeko  lehentasunek, Leitzaran bailara eta Plazaolako ibilbidea babesteko ikuspegi estrategikoa eta integratzailea bultzatu eta indartu baino, “nire ondasuna muga (eta ardura) amaitzen da, zure (fikziozko) lur-jabetza materiala hasten denean” joko arauetara mugatu egin da, eta kitto. Eta horrela, parke naturalaren amets zoroa alde batera utzi eta Biotopoak eskaintzen dituen lege, arau eta babes aukera mugatuen eskuetan utzi dugu, herrigunetik metro eskasetara dugun altxor izugarri hori.

2000. urtean, kimikako nobel saria jaso zuen Paul J. Crutzenek, Antropoceno deitu zion bizi garen garai geologikoari. Aro honetan bere ustez, gizakiaren jarduerak erabakiko du ekosistemen eta gure planetaren etorkizuna eta biziraupena. Etorkizunaren ikuspegi ezkor (edo errealista) horren aurrean, egile eta pentsalari feminista batzuek ikuspegi eraikitzaileago baten alde egiten dute. Donna Haraway filosofoa eta biologoak adibidez, antros (gizon) hori erdigunetik kendu eta planeta hau partekatzen dugun espezie bizidun guztien interes amankomuna erdigunean jartzearen alde egiten du. Espezie anitzeko itun bat, gure interes berekoietatik haratago, planeta txiki honetan bizi garen guztion bizitzak eta ongia lehenetsiko duena, beste gauza guztien gainetik.

Nire ustez, gizakiontzat, Andoaindarrentzat, ingurune eder eta maitatuenak direnak, Otieta eta Sorgin-zubi kasu, orain gehien behar dutena begirunea, enpatia eta zaintza dira. Eta, bizi dugun pandemiarekin gertatzen den bezala, erantzukizun hori gutako bakoitzari dagokio, baina batez ere, hautatu eta erakundeetan ordezkatzen gaituzten pertsonei, haiek baitira, hain zuzen ere, horretarako eskumenak, gaitasuna eta boterea dutenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!