Sahararen aldeko bertso saioa, bertsoaldiz bertsoaldi

Xabier Lasa 2021ko mar. 29a, 14:45

Sei bertsolariak eta gai jartzailea, Sahara-Hurriako kideekin

Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Alaia Martin, Eli Pagola, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiok Sahararen aldeko bertso saio polita osatu zuten Basteron igande eguardian, Unai Ormaetxea gai jartzailearen agindutara. Bertsoaldi gehienak, bideoz ikus litezke klik batera.

Berrehun bat bertsozale bildu ziren bertsoekin gozatzeko gogoz Basteroko auditorioan, nahiz eta eguraldi zoragarriak gehiago gonbidatu kalera irtetera eta eguneko argitasunaz gozatzera. Entzule horiek nekez eduki zuten damutzeko arrazoirik, ordea, saio polita eskaini baitzien seikoteak.  

Horretarako, lagungarri suertatu ziren Ormaetxeak bertsolariei luzatu zizkien egoera anitzak, gogoetarako eta umorerako bidea egoki jartzen zutenak: euskal labeleko txertoarekin frogak egiteko bi boluntario; izurrite garaian bizikleta erosi arren bada erabili ez duen pertsona bat, eta txangoa egitera gonbidatzen dio lagunak; Basteron emankizun baten ostean denetik topatzen duten bi garbitzaile; banketxe bateko lapurra izateko hautaketa prozesua; saio aldiko kobratu ala ez bi bertsolarien eztabaida; elkar ikusi ezin duten bi, zahar egoitzan elkarrekin bizitzera kondenatuta; Real eta Athleticeko bi jokalarien arteko eskupeko beltza; Saharako bi errefuxiatuek etxera itzuli ala ez erabakia hartu beharra gerra garaian… 

Bertsolariak kantari hasi aurretik, Maitane Lopez de Munainek, Sahara-Hurria elkarte antolatzailearen izenean, Saharako herria azken hamarkadetan jasaten ari den zapalketa eta bazterkeriari buruzko azalpenak eman zituen.

 

Segidan, Basteron kantatutako bertsoaldi gehienak, bideoz ikusteko moduan.

 

Bertsolariak: Mendiluze, Zubeldia, Martin, Pagola, Egaña eta Lujanbio

Agurra.

 

 

Bertsolariak: Mendiluze, Zubeldia, Martin, Pagola, Egaña eta Lujanbio

Gaia: Ordu aldaketa izan dugu bart gauean. Noiz egin zaizue zeozertarako beranduegi? Bertso bana.

 

 

Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio

Behin haserretu zineten bi pertsona zarete, urteak gaizki esaka eta elkarri begiratu gabe pasa dituzue. Bizitzako azken urteetan baina, zahar egoitza berean eta logela berean bizitu beharra daukazue.

 

 

Bertsolariak: Iker Zubeldia eta Andoni Egaña

Euskal labeldun txertoa sortu dute eta zuek euskaldunak izaki, boluntario aurkeztu zarete laborategian. Egunak pasa dira, eta ospitalean topo egin duzue. Sintoma arraro samarrak dauzkazue.

 

 

Bertsolariak: Alaia Martin eta Eli Pagola

Gaia: Reala-Athletic finala laster da. Alaia Realeko aurrelaria da eta Eli Athleticeko atezaina. Zu, Alaia, Eli sobornatzeko ahaleginetan zabiltza, zure jaurtiketak geldi ez ditzan.

 

 

Bertsolaria: Maialen Lujanbio

Gaia: Beste bertso saio bat zurentzat, Maialen. Bertsozaleek, beren herrian, Maialen Lujanbiok mailarik hobena eman dezan espero dute. Bi errealitate, hortaz: batzuen espektatibak, eta zuk, Maialen, eman dezakezuna. Nola bizi duzu hori?

 

 

Bertsolariak: Iker Zubeldia eta Alaia Martin

Gaia: Pandemiak bultzatutako itxieraren ostean, Ikerrek punta-puntako bizikleta erosi zuen, nahiz eta ez izan kirolzalea. Hasieran bai tope ibili. Baina tabernak irekiz gero, bizikleta kieto! Gaur, Alaia etorri zaio, esanez: zuk bizikleta bazenuen ezta? Bihar animatzen txangoa egitera?

 

 

Bertsolariak: Andoni Egaña eta beste bostak (Mendiluze, Zubeldia, Martin, Pagola eta Lujanbio)

Gaia: Irungo banketxeko lapurreta prestatu zuen liderra da. Aste bete lehenago, beste bostak etorri zaizkio beren burua eskainiz laguntzaile gisa. Hautaketa prozesua ireki du Egañak.

 

 

Bertsolariak: Eli Pagola eta Maialen Lujanbio

Gaia: Kultura nahiko prekarioa dela ez da gauza berria. Hara hor koherentzia falta, baina: aukeraz eskaintzea edo zutaz baliatzea. Zuek, biak, bertso eskolan urteak eman ostean, jendaurreko bertso emanaldiekin hasi zareten bi gazte zarete, batez ere bertso afarietarako gonbidatzen zaituzte, afariaren truk. Gaur, Elik, hemendik aurrera ordain sari txiki bat eskatzen hasiko dela pentsatu du. Maialenek ez dauka garbi hori.

 

 

Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia

Zuk, Aitor, sare sozialen eskutik, Bizkaiko pertsona bat ezagutu zenuen, baina herrialdeen artean jarritako mugaz ezin zenez pasa, mugikorretik aritzen zineten hizketan. Mugak ireki direnean, joan ahal izan duzu pertsona horrekin egotera. Ikaragarri gustura zaudete, baina iritsi da ordua banatzeko, eta Iker ertzaina sartu da tabernan.

 

 

Bertsolariak: Alaia Martin eta Andoni Egaña

Gaia: Saharako bi errefuxiatuak zarete biak; herriko egoera desegonkorra zela-eta, etxetik aldegin zenuten. Baina exilioa ez da pentsatzen zutena; Alaiak ez du bueltatu nahi, Egañak bai nahiz eta gerran aritu Sahara.

 

 

Bertsolariak: Iker Zubeldia eta Maialen Lujanbio

Gaia: Zuek lankideak zarete. Janari ekologikoa eta 0 kilometroko jakien eskaintzen zuen jatetxea ireki zenuten. Pandemiak, baina, negozioa itxi arazi zizuten, eta zeozer irabazteko, etxera eramateko janari azkarra prestatzen hasi zineten (pitzak, hanburgesak…). Berriro ere, aurreneko negozioa irekitzeko aukera daukazue. Zalantzak piztu zaizkizue: Maialenek lehengo ohituretara itzuli nahi du, baina Ikerrek ez, oraingoak funtzionatzen duela ikusi baitu.

 

 

Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Eli Pagola

Gaia: Basteroko auditorioko langileak zarete. Bertso saioa bukatu da, eta aretoa garbitzea tokatu zaizue. Ea zer aurkitu duzuen.

 

 

Bertsolariak: Iker Zubeldia, Alaia Martin, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio

Gaia: Bi taldetan banatuko zarete; Iker eta Alaia batetik, eta Andoni eta Maialen bestetik. Mendiluze Pagolari buruzko bitxikeria batzuk kontatuko dizkizuet, eta zuek asmatu nori dagokion bakoitza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!