Andoaingo zesta puntaren historiaren zati bat, ETBn

Xabier Lasa 2021ko mar. 31a, 09:57

Juan Inazio Zulaika Andoaingo zesta punta jokalari ohiari buruzko erreportajea ikusi ahal izan da ETB1n oraindik orain, Helmuga saioan. Bere ibilbideaz gain, zesta puntaren oraina eta etorkizunaz eta egungo esku pilotaz jardun zuen. Erreportajea berean, Andoaingo aspaldiko irudiak ikusi daitezke, zuri beltzean: Rafael Elizondo zesta puntako irakaslea eta bere ikasleak Goikoplazan, erakustaldia egiten, hain zuzen.

Kirolarien beste aldea nabarmentzea xede duen Helmuga (igandero, 11:30ean) saioak, Ana Ramosek zuzenduta. Hainbat erreportaje egiten ditu kirolari nahiz kirolari ohiekin, kirol minoritarioei begira batik bat. Bada, otsailaren 7ko saioan, Anartz Agirre kazetariak Juan Ignazio Zulaika zesta puntista ohiarekin, Juan Inazio Zulaika, zesta eskuan munduan barrena izenburua zeraman 23 minutuko erreportajea egin zuen. Sarean ikusgai dago.

Zulaikak Aiurri-ri 2010eko otsailaren 26an elkarrizketa eskaini zion, eta erantsita doa behean, pdf formatuan.

 

Juan Inazio Zulaika

Andoainen 1956an jaio zen, eta Rafael Elizondo irakasle zuen Beotibarko “zesta puntaren akademian”ren eskutik murgildu zen zesta puntaren munduan. Jada 14 urterekin debuta Zaragozan egin zuen Milan eta Bartzelonako frontoietatik pasa eta gero, Estatu Batuetarako jauzia egin zuen; bi hamarkadetan bertan bizitu zen, Tampa, Ocala eta Bridgeporten jokatuz. Euskal Herrira ere hurbildu zen tarteka jokatzera, urte horietan. 1992an utzi zion profesional izateari.

Idaztea izan du afizio pilotan jokatzeaz gain, eta makina bat artikulu idatzi izan ditu prentsan (Egunkaria, Berria, El Mundo, El Diario Vasco…). Azken urteetan Kontrakantxatik izeneko blogan idazten ditu artikuluak, pilotari buruzko iritziak eta kutsu literarioa dituzten kontaketa irudimentsuak egoki uztartuz. Gutxik idatzi eta hausnartu izan dute Zulaikak adina Jai-Alai izenez ere ezaguna den zesta puntaren inguruan.  

ETB1eko erreportajean, kontu ugariri buruzko adierazpenak egiten ditu: bere ibilbidearekin hasi (Andoainen  lehen urratsak, Beotibar), eta jarraituz Zaragozan egindako debutarekin, jokalari profesional gisa Bartzelona eta Amerikan egindako urteekin, 1988ko greba mitikoarekin... Azkenik, Baiko enpresako pilotarien greba eta esku pilotaren analisiaz gain, gaur egun zesta puntaren osasuna eta etorkizuna ditu hizpide.

 

Andoaingo irudi zaharrak

Erreportajean zehar, Andoainen Goikoplazan aspaldi-aspaldian egindako grabazioa agertzen da. Grabazio bitxia benetan! Rafael Elizondo zesta puntako irakaslea eta bere makina bat diszipulu, denak zuri-zuri jantzita. Garai haietan, Arrate pilotalekua egin gabe zegoen, eta Elizondo eta beste ikasleak kontsejupean edo plazako frontoi estali gabean aritzen ziren zesta puntan. Elizondoren eskutik konta ezin ahala pilotari irten ziren Andoaingo zein Tolosako zesta puntako eskolatik, gero munduan zehar ibili zirenak profesional gisa.

Irudi zahar horiek, ETBk Euskal Pilotaren historia izenburupean 1992an egin zituen 13 saioetako batean agertzen dira. Grabazio zaharrez baliatu ziren saio horiek atontzeko, Fernando Lopetegiren ardurapean.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!