Jakina da Espainiako estatuan elite (ekonomikoa, komunikatiboa, finantzieroa, politikoa…) baten interesen alde jokatzen duela; jakinekoa da kazetari pribilegiatuen kasta batek zuzentzen duela, jainkotutako star system egozentristak direla bere kide gehienak, eta, izan ezkerrekoak izan eskuinekoak, ondo ikasita daukatela lezioa, hots, etzazula sakoneko kritikarik egin Franco hil ostean 1978an sortutako erregimenaren aurka, bere altzoan eroso bizi nahi izatera behintzat.
Jakina da telebista horretako hainbat kazetarik arau etikoak hamaika aldiz pasa izan dituztela hanka azpitik; jakina da Telecinco tele-zaborraren faktoria izan dela, eta izaten segitzen duela; bertakoak, artistak direla morboa, exhibizionismoa, espektakulua eta sentsazionalismoa esplotatzen. Eta gainera, prostituitu egin dutela gizakien arteko bizikidetzan oinarrizkoa den elkarrizketaren esentzia (patsada, errespetua, besteari entzuteko gaitasuna eta interesa, enpatia…). Normalizatu egin dutela iraina, garrasia, zalaparta…
Eta aldi berean, ezin ukatu Rocio Carrascok, gaztetan, folklorika baten eta boxeolari ohi baten alaba izatea esplotatu zuenik, gogo onez erabaki zuenik “bihotzeko” prentsak, zenbait pertsonaje publikoek eta tele-ikusle kontsumitzaileek osatutako hiruko unibertso horretako protagonistetako bat bilakatzea, eta horretaz baliatu zela bere interes partikularen alde. Badakigu Rocio Carrascok ez zuela batere erreparorik edukitzen bere bi seme-alabak -txikiak zirenean- zirku horren parte izan zitezen, eta horrela, ez zituela babesten beren eskubideak –intimitatea, anonimotasuna…– telebista kamerak eta argazkien flashak aurrean zituenean.
Bestetik, agerikoa da Telecincok urrezko formula topatu duela “Rocío, contar la verdad para seguir viva” doku-seriearekin. Alegia, audientzia bidezko diru-iturria dela bere helburu nagusia, ez genero-indarkeriarekin lotutako injustizia pertsonal bat erreparatzeko grina. Eta jakin ere badakigu Rocio Carrascok dirutza jaso duela (bi milioi euro inguru, diotenez…) bereak eta bere familiarenak diren giza-miseriak kontatzeagatik.
Izatez, nahiko arrazoiak pilatzen zaizkigu muzin egiteko Rocio Carrascoren inguruko fenomenoari, bonbardaketa mediatiko guztiarekin nazka-nazka eginda. Baina jokabide horrek zilegitasun eta ulermen osoa daukala aitortu arren, atrebentzia ez bada, halaxe jokatu duenari gonbidapena luzatuko nioke auziaren azaletik hasita pittin bat aztarrika egin dezan. Izan ere, topa baititzakegu zenbait elementu, ikasgai, mezu… txit interesgarriak eta aberasgarriak, show guzti horrengandik abstrakzio ariketa eginez gero. Hots, analisiak eta gogoetak egiteko, zenbait gaien inguruan: emakumeen eta gizonezkoen rol tradizionalak familiaren baitan, genero-indarkeriaren azpian maiz dauden ertz konplexu eta ikusezinak, komunikabide eta kazetari askoren jarrera etikoa (eza) eta ahalmena iritzi publikoan eragiteko…
Jar gaitezen testuinguruan, labur bada ere: hogei urte igaro dira Rocio Carrasco eta Antonio David Flores banatu zirenetik eta bigarrenak bi seme-alaba txikien zaintza lortu zuenetik. Isilik igaro ditu lehenak, bi hamarkadak; bien bitartean, senar ohiak, komunikabide ugariren konplizitatea lortu izan du bere bertsioa zabaltzeko, bere emazte ohiaren irudia kakazteko, ama gaiztoaren eta aita zintzo-idealaren rolak zabaltzeko… Bere bertsioa plazaratzeari ekin dio Carrascok orain, eta horretan, gizaki nazkagarri bat deskribatzen ari zaigu: kalean uso eta etxean otso, tratu txar psikologikoen eragilea, dominatzailea, manipulatzaile emozionala… Kontaketa sinesgarria egiten da berea, genero-indarkerian adituak direnen ez ezik, baita ere ikus-entzule andanaren iritziz. Nahiz eta justiziak ez ulertu horrela sententzien bidez.
Saioz saio, Carrasco erradiografia nahiko osatua ari da egiten etxe barruko biolentzia matxistak berarekin maiz duen errealitate ezkutatuaren inguruan. Egoera modu pertsonalean sufritzen ari den, edo sufritu duen, emakume bat baino gehiago testigantzarekin identifikatua sentitu den irudipena daukat. Eta baita ere, gizarte sektore handia astintzea lortu duela. Espektro sozial eta ideologiko anitza, alegia: mutur batean aurki daiteke genero ikuspegitik mentalitate zaharkituarekin funtzionatu ohi duen Telecincoko txutxu-mutxu zaleen parrokia, eta beste muturrean, kontzientzia feminista sakoneko pertsonak.
Rocio aferak ikusgarri egin du genero-indarkeriaren problematika, eta guztiok interpelatu gaitu, batez ere gehien egin dezaketen hainbat agente (klase politiko araugilea, komunikabideak, psikologoak, epaileak, fiskalak, poliziak…).
Telecincok, jakina, ederki planifikatu du estrategia, afera txiklea bezainbat luzatuz eta bere programazioko ordu asko horren zerbitzura jarriz (Salvame Limon, Salvame Naranja, Salvame Tomate, Salvame de Lux, Socialite, Viva la vida…). Bere-berea duen fribolitate-dosi handiarekin ari da jokatzen. Bere identitateari eusten dio, nolaz ez. Baina, tarteka, fundamentuzko eztabaidak aurkezten ari zaizkigu, eta biolentzia matxista agerikoaren zein inplizitoaren aurkako diskurtso sinesgarria eta zorrotza egiten dakiten zenbait kazetari (Patricia Lopez, Ana Pardo de Vera, Consuelo Garcia del Cid…) ere gonbidatu izan dituzte.
Bestalde, Rocio aferaren bertuteen artean, zera ere azpimarratuko nuke: ipurdi-bistan utzi dituela kazetari izartsu askok jokatu izan duten rola urtetan. Auzitan jarri ditu beren sinesgarritasuna eta jokabide etikoa. Urtetan Flores lankide eduki dutenak, harekin platoetan goxo-goxo jardun dutenak, orain zera aitortzen ari dira: Carrascori sinesten diotela, badakitela bere senar ohia tratu-txar psikologikoen eragile nazkagarria izan zela. Aho txikiarekin aritu ere "mea culpa" entonatzen, nolanahi ere; nahiago dituzte gezi akusatzaileak Floresengan zentratu…
Disimuluak disimulu, kazetari horietako gehienak aitortzen ari dira jakitun zirela abusatzaile bat programetako kolaboratzaile izateko kontratatu zutela, edota, abusatzaile batekin lanean ari zirela (atzo arte aritu ere).
“Bihotzeko” prentsaren genero horretan aritzen dira kazetari horietako gehien-gehienak, eta puntu bateraino ez da harritzekoa horiek erakusten ari diren sakoneko koherentzia falta eta lotsagarrikeria. Baina aparteko arreta inork bereganatu badu, hori Javier Sarda izan da. Gogoan hartu behar baitugu tele-zaborra formatuaren ideologoetako bat izan zela bere Cronicas Marcianas programa okaztagarriarekin (1997-2005). Gauero-gauero erakutsi zuen edozer marra etikoa eta humanoa gainditu zitekeela, eta zilegia zela jendeen artean xextrak probokatzea, giza-degradazioko eszenak pizteko xedez. Carrasco-Flores aferari ere zuku ederra atera zion Sardak orduan, guardia zibil ohia bera bere kolaboratzaile gisa fitxatu zuenean. Eta hara non, egun, estatuan iritzi-emaileen arloan autoritate handiko pertsona erreferentzialtzat aurkezten digutela sozialismo politikoak zein mediatikoak (Ser Katea, LaSexta…), Kataluniako afera hizpide denean batik bat…
Azken batean, indarkeria matxistaren errealitate konplexuari ikusgarritasuna emateko, eta, estatuko establishment (komunikabideak, justizia, politika…) askoren azal gogorra plazaratzeko baliagarri zaigu Rocio Carrascoren doku-seriea. Kontua da auzitan jartze hori moralki kontserbadorea izaten segitzen duen gizartea arnas-berritzeko balioko ote duen. Ala, soilik, Antonio David Flores lintxatzeko
eta gaitz guztiak haren bizkar jartzeko erabiliko ote duen establishment horrek,
esku garbitze errugabetzaile eta hipokrita bat
burutuz.