Hona bi jardunaldiei buruzko xehetasunak:
*Apirilaren 20n , asteartean, 18:30ean: mahai ingurua. Gaia: “Jokoak eta apustuak”.
Parte-hartzaileak: Joxean Barcenilla (Gipuzkoako Ludopatia eta Mendetasun Psikologikoen Errehabilitazio Elkarteko lehendakaria), Alberto Ruiz de Alegria (Norbera programaren zuzendaria), eta, Estibaliz Ansotegi (Ortzadarreko adikzio programaren koordinatzailea).
* Apirilaren 22an, osteguna, 18:30ean. Gaia: “Nerabezaro konektatua. Internet, mugikorrak eta sare sozialak, ezinbestekoak seme-alabentzat?”. Hizlaria: Leire Lasuen Gutierrez (Pantallas Amigas elkarteko hezitzailea).
Doakoak dira jardunaldiak, baina horietan parte hartzeko gonbidapenak Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean jaso daitezke. 08:00etatik 14:00etara apirilaren 20tik 22ra, edota, Basteron, hitzaldia hasi aurretik.
Menpekotasunaren arriskua
Maider Lainez alkateak, Gizarte Zerbitzuetako Ana Sanz teknikariak eta Iker Alustiza udaleko programa sozioedukatibo eta psikosozialeko koordinatzaile eta Hezizerbeko langileak aurkeztu zituzten bi jardunaldiak, joan den ostiralean.
Lainezen hitzetan, “gaur egun, teknologia berriak gure eguneroko bizitzaren parte bihurtu dira, internet, sare sozialak, apustuak, on-line jokoak eta konektatutako beste zerbitzu teknologiko batzuk. Zalantzarik gabe, aurrerapen teknologiko horiek ezin konta onura ekarri dizkigute, gure eguneroko bizitza erraztuz”.
Baliabide berri horien erabilera menpekotasunean bilakatzen denean sor daitezkeen arriskuak aipatu zituen ondoren: “erabilera arduratsua egiten denean, teknologia berriak erabilgarriak eta onuragarriak dira, baina gehiegikeriek menpekotasuna sortzen dute, eta gure bizitza baldintzatu dezakete. Horrexegatik prebentzioa oso garrantzitsua da”.
Alustizak jardunaldien nondik norakoa azaldu zuen, agerraldian: “kezka partekatu batetik, eta gizarte zerbitzuen eta ikastetxeen arteko koordinaziotik sortu dira. Errealitatetik eta egunerokotasunean lan egiten dugun kasuetan ikusten duguna, 2018aren amaieran gai errepikakorra eta kezka zen. Guraso, tutore eta abarrentzako eta haur eta nerabeentzako prebentziotik, Andoainen haur eta nerabeentzako gune seguruak eta tratu onekoak eraikitzeko lanean eragin dezakegula uste dugu”.