Lore eskaintzaz gain, txalapartariak (Juan Godoi eta Jon Urtasun), aurreskua (Xabi Olazabal akordeoia, eta, Ane Fernandez dantzaria) eta bertsolariak (Xabier Aranzeta eta Unai Ormaetxea) parte hartu zuten, Oroituzeko kide den Lurdes Arteagak aurkeztuta.
Andoaindik kanpo bizi diren biktimen familiar ugari, urtero hurbiltzen direnak, aurten ezin izan zuten etorri egoera sanitarioak eragotzita. Aldi berean, kantutegi antifaxistarekin emanaldia eskaini ohi duen Banda Errepublikanoak ere ezin izan zuen bere emanaldia eskaini.
Arteagak, izurriteak eragindako hildakoak gogoan hartu zituen, eta bereziki Andoaingo herriaren memoria historiko kolektiboan bere ekarpena egin izan dutenak. Arteagak gehitu zuenez “zailtasunak zailtasun, aurrera goaz, eta gaurkoan, ekitaldi xume honen eskutik, berriro ere adierazi nahi dugu gogoan dauzkagula frankismoaren biktimak. Demokraziaren, sexu berdintasunaren, justizia sozialaren, nazio eskubideen… eta beste hainbat balio aurrerazaleen alde ari zirelako zapaldu zituzten. Eta horrexegatik goraipatu nahi ditugu gaurkoan”.
Urteroko ohiturari jarraituz, frankismoak erail eta desagerrarazitako 25 andoaindarrak izendatu zituzten, bakoitzeko omenez lora sorta bat ipiniz Goiztirian eskulturan: Kruz Aldasoro Elizaso, Jose Amilibia Saldias, Migel Amondarain Zumeaga, Secundino Anton Sancho, Jose Arana Etxenagusia, Faustino Aldaz Labaka, Antonio Aranzabal Urrestarazu, Pio Arzallus Albisu, Bonifacio Etxebeste Bibile, Patxi Fernandez Usandizaga, Nemesio Fernandez Argiarro, Ambrosio García Cascante, Juan Antonio Irulegi Ulanga, Casiano Izquierdo Sanz, Jose Lasa Barandiaran, Jose Mari Monge Castillo, Bautista Martinez Fernandez, Gregorio Martinez Fernandez, Antonio Melendo Antón, Julio Melendo Antón, Esteban Olalde Aspuru, Sixto Prestamero Martinez, Blas Rubio Peña, Biktor Sarasketa Ruiz, eta, Migel Urretabizkaia Gereño.
Hogeitaseigarren lore sorta, kanpoko herrietan atxilotu eta Andoainera ekarri ondoren bertan eraildako herritarrak gogoratzeko ipini zuten.
Bi bertso hunkigarri
Punttuka bertso eskolako Xabier Arantzeta Toxak eta Unai Ormaetxeak esanahiez betetako bi bertso kantatuz, aurreko belaunaldiei eskerrak eman nahi izan zizkien:
Xabier Aranzeta Toxak:
Eskerrik asko attona
memoriaren zaindari,
eskerrik asko amona
zu ere borrokalari.
Eskerrik asko anarka,
sozialista, gudari,
garai hartan zail zen arren,
euskaraz mintza zenari.
Fusilamendu hormetan
entzun zen irrintziari,
borrokaren deiadarra
jarraitzen zuen orori (bis)
Gure bizitza hobetzeko
berea eman zuenari.
Unai Ormaetxea:
Andoaingo zenbat gizon
joan zirenak gudari.
Baina abestu nahi diot
etxean gera zenari.
Gizona gerra joanda
dirua ez zen emari,
eskutitzak gutxi eta
urduritasun ugari.
Historiak berriz ere
ez dizue iten argi,
bainan hemen harro nahi det
zuengatikan nabari (bis)
Etxetik ere izan ziteken
emakume ta gerlari.