“Gu geu gara geure buruaren epaile handienak”

Alba Cabrera 2021ko api. 30a, 07:57

Nerea Redondo Otamendi coaching eta komunikazioan aditua da. Nork bere burua begiratzea eta ahalduntzea. Indarguneei eustea eta gabeziak aukera gisa ulertzea. Barrura begirako ariketan ipintzea du helburu "Autoestimua lantzen" ikastaroak.

Jendarte-eredua aztertzeak baino, are gehiago asetzen du Nerea Redondo Otamendi formakuntza erreztailea jendarte horretan aldaketa eragiteak. Orain urte batzuk, bere eskuetara liburu bat iritsi zen, “Abre el melon”. Pertsonak frutaren pareko ipintzen zituen egileak bertan: kanpotik, itxura ez oso atsegina izan arren, barrutik, freskoak bezain biziak izan litezke meloiak; eta alderantziz. Bada, gauza bera gertatzen da pertsonekin. Konparaketa horrek murgildu zuen Otamendi coaching munduan, hots, pertsonak aldaketa-prozesuetan laguntzen dituen metodologian. Hala, soziologia abiapuntu izan bazuen ere, beste zenbait adarretatik bideratu zuen bere formakuntza. Orain, Andoainen izanen da, aurki, “Autoestimua lantzen” ikastaroa ematen, hain zuzen. 

Egunerokoan, pisuzko gaia da autoestimua, baina nola definituko zenuke zuk? Zer da?

Gure barnean guztiok dugun zerbait da autoestimua. Barne-indarrari eta segurtasunari lotuta dago. Bizitzako lehen urteetan eraikitzen dugu kanpotik jasotzen ditugun mezuen bidez, baita gure baitan ditugun sinesmenekin ere. Hala ere, aldakorra da, eta guztiok landu genezake. Are gehiago, ez da nahikoa aldi bakarrean lantzea, beharrak zein premiak aldatu egiten baitira. Noski, behin landuta, bertatik ateratako ideiak zein tresnak eskura dituzu aurrera begira ere erabiltzeko, baina oso garrantzitsua da autoestimua elikatzea. Andoaingo ikastaroan, ez naiz klase magistralak ematera joango; azalpen teorikoak eman, emango ditut, baina guztiok batera egin beharreko lanketa izango da: lehenik eta behin, kontzientzia hartzea, geure buruari autoestimua nola dugun galdetzea, baita aurrerantzean nola egotea nahi dugun hausnartzea ere. Horiek horrela, nik formakuntza errazten diet emakumeei, ondoren, nork bere bidea egin dezan. 

Dikotomian jausteko joera dago autoestimuaz mintzatzean: autoestimu altuaz edo baxuaz hitz egin ohi da. Egokia al da? 

Niretzat egokiagoa da hori "autoestimua daukat" edo "ez daukat" esatea baino. Izan ere, "altua" eta "baxua" terminoak erabiliz gero, aukera izango dut nire egoera aldatzeko. Bestetik, oso lotua dago autoestimua gure segurtasunarekin, guk geure buruaren gainean dugun iritziarekin, eta guk geure buruari ematen dizkiogun mezuekin. Segurtasun eza sentitzea oso ohikoa da eta, gainera, beharrezkoa. Sentimendu hori, maiz, beldurra sentitzean sortzen zaigu, edota ezezaguna denaren aurrean gaudenean, erabakien aurrean. Hori guztia da bizirik gaudenaren adierazle eta bizirauteko baliabide. Izan ere, uneren batean, ez banuke segurtasun eza edo beldurra sentituko, zebra-bidea semaforo gorria egonda igaroko nuke, edo leku altu batetik egingo nuke salto, besteak beste. 

Askotan, ez gara jabetzen nola hitz egiten dugun, eta, garrantzia ematen ez badiogu ere, horrek guztiak eragin zuzena du gure emozioetan eta funtzionatzeko eran. Coachingaren lehen helburua kontzientzia hartzea da, alegia, asko lantzen dugu geure buruaz hitz egitean kontzientzia hartze hori, konturatze hori. Lehen bi saioetan, gutxi gorabehera, hori dugu hizpide, guk geure buruaz hitz egiteko dugun era: "Zeinen tuntuna naizen, zeinen lotsatia...". Hortaz, kontzientzia hartzean, beti botatzen dut galdera bera: horrela hitz egingo al zenioke zure lagun minenari? Autoestimua lantzeko modu onena zuk zeure burua zeure lagunik onenaren pareko zaintzea da. 

Zeren arabera neurtzen dugu autoestimua?

Seguru sentitzearekin lotuta dago autoestimua, izan ere, horrela sentitzean, zure indarguneetan duzu begirada. Behin kontzientzia hartuta, hori da hurrengo pausoa, zure indarguneak nahiz ahulguneak identifikatzea, ahulgune horiek aldaketarako aukera gisa ulertuta, noski. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait ongi bereiztea konfort egoera eta segurtasun sentimendua. Ohituta zauden testuinguruan bizitzea da konfort egoeran egotea, eta errazagoa da: ongi egon ez, baina gorputza ohituta horrela bizitzera. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi seguru sentitzen garenik. Konfort egoeratik segurtasun egoerara igarotzeak ibilbidea exijitzen du, ahalegina. Hagaxka magikoak ez dira existitzen; aitzitik, guztiok erosiko genuke autoestimuaren hagaxka. Autoestimuarekin, gainera, zerikusi zuzena dute norbanakoaren helburuek. Maiz, helbururik gabekoa da gure funtzionamendua, eta autoestimua lantzeko berebizikoa da horiek izatea: epe luzekoak zein laburrekoak. 

Barrura begirako ariketan ipintzen du norbanakoa autoestimuak; kanpo-faktoreek, ordea, eragina dute horretan.

Ezin dugu eskatu kanpoan guk barruan ez daukaguna. Geu gara gure autoestimuaren forofa nagusiak, geu gara gure autoestimua handitu eta txikitu dezakegunak. Horrek ez du esan nahi kanpo-faktoreek eragin ezin dutenik. Baina autoestimua lantzeko eta garatzeko baliabideak izanez gero, kanpo-faktorek puntu bat arte baldintzatuko gaituzte. Kanpo-faktoreak ezin ditut aldatu, eta ni naiz nire autoestimuaren forofa: onenetan zein txarrenetan berarekin egongo naiz. Gustatzen ez zaizkigun gauzak lantzea ere garrantzitsua da, oso geureak direlako. Esaterako, euria eginez gero, nik ezin dut ezer egin hori gelditzeko, baina bai erabaki dezaket zein jarrera eduki: batetik, kexatzea nahiz etxean gelditzea izan liteke aukera bat; bestetik, ostera, katiuskak jantzi, aterkia hartu eta kalera atera naiteke.

Noiz izaten du norbanakoak lehen harreman kontzientea autoestimuarekin?

 Haurretatik; beste kontu bat da hori hitzez adierazteko gaitasuna izatea. Nire ustez, gurean, asko lantzen da hori lehen urteetan, besteak beste, haurrak hiru urrats eman eta "zeinen ongi ari zaren!" esaten diogunean. Baina, ondoren, helduen artean, ez dago ohitura hori. Adin-tarte batetik aurrera, zer dagoen ongi eta zer gaizki epaitzen hasten gara, eta gure autoestimuan eragin zuzena du horrek. Hala, haurtzarotik hasten da norbanakoa zertarako gai den edota zailtasunak dituen identifikatzen. Ildo beretik, yoga egiten dut nik eta nire irakasleak behin eta berriz errepikatzen digu yoga ezin dela ondo ala gaizki egin, nork bere yoga egiten duelako.

Gizarteak goitik behera epaitzen gaitu, baina gu geu gara geure buruaren epaile handienak. Egun bakarrean, 60.000 bat pentsamendu ditugu gutxi gorabehera; bertatik, % 82 ideia ezkorrak dira, eta horien erdia geure buruaren aurkako epaiketa da. Hori lagungarria da konturatzeko ditugun pentsamenduez, joera baitugu negatibotasunetik jarduteko. Eta dena lotua dago: pentsamenduek sentimenduak eragiten dituzte, eta horiek eragina dute gure autoestimuan. Jabekuntza eskolako ikastaroaren gisakoek laguntzen digute jabetzen ez garela bakarrak, ondokoari ere pasatzen zaizkiola burutik zure ideia berak. Horrez gain, taldean aritzea oso interesgarria da, lasaitu egiten duelako; gainera, nik beti animatzen dut jendea parte-hartzera, kezkak eta zalantzak argitzeko, baita desadostasuna adierazteko ere. 

Emakumeek zein gizonek oso era bestelakoan bizi al dute autoestimuarekin duten harremana?

Emakumeen kasuan, maiz, lanketa handiagoa zein sakonagoa egitera behartuak gaude. Zer dela eta? Gaur egun jarraitzen duelako gizonezkoak, batez ere, espazio publikoan lehentasuna edukitzen. Guraso gisa ere emakumeak joera handiagoa dugu geure burua zalantzan jartzeko, jendarte-ereduak exijitzen digulako “ama ona” izatea. Emakumeak gure garapenean eta jabetzarako bidean, gaitasuna daukagu onartzeko uneren batean autoestimua ez dugula guk nahieran, eta ondorioz, horrek bultzatzen gaitu ikastaroetan izen-emateko aurrerapausoa ematera. Horrez gain, emakumeok gaitasun eta entrenamendu handiagoa dugu barrura begiratzeko. Gizonezkoei dagokienez, denetarik egongo da. Jendarteko arauek, noski, ahalbidetzen dute beren autoestimua altuago izatea, beren rola gizonezkoarena delako, boterea dutelako. Horiek horrela, autoestimuan eragingo die gizontasun eredu hegemonikoan kokatzen ez direnean. 

Ikastaroari dagokionez, erronka handia al da konplizitatea sortzea?

Saio guztietan azaltzen dut konfiantza eta konfidentzialtasunaren ideia, nire jardunean garrantzi handia ematen baitiot horri. Horrelako ikastaroetan, bizipen intimoak partekatzen dira, baliagarriak guztiak. Ez dira klase magistralak. Erronkak proposatzen dizkiet ikastarotik at ere beren hausnarketa egiten jarrai dezaten, egiteak ematen baitizu egiten jarraitzeko gogoa. 

Zergatik da garrantzitsua horrelako ikastaroak egotea?

Geure bizi-erritmoa kontuan izanik, izugarrizko erabakia da ikastarora etortzeko tartea aurkitzea. Jendea animatuko nuke parte hartzera: astelehen goizetan izanen da, modu horretan, deialdia egiten diegu arratsaldeetan lanean dauden emakumeei. Izan ere, egungo lan-espazioaren inertzian, arratsaldeetan antolatu ohi ditugu ikastaroak. Baina interesgarria deritzogu goizetan ere emakumeei espazioa emateari. Beraz, horixe proposatu nahi diet Andoaingo zein inguruetako herrietako emakumeei, astelehen goizetan beren buruari erreparatzeko aukera.

_______________________________

Autoestimua lantzen ikastaroa

  • Astelehenak, 10:00-12:00. Maiatzak 10, 17, 24, 31.
  • Urigain. Nerea Redondo Otamendi. Ele bitan.

IZEN EMATEA ETA HARREMANA: www.andoain.eus 

Andoaingo Udaleko Berdintasun lansaila: Tel. 943 300 830, luz. 380 – 397

berdintasuna@andoain.eus • Andoaingo Udaleko ATARIA zerbitzua

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!