Santakrutzak gogoan 2021

Iragana gogoan hartuko dute, irudi bidez

Aiurri 2021ko api. 26a, 07:40

Jai Batzordeak aurreko urteetako irudiak ipiniko ditu auzoko merkatalguneetan: "Santakrutzak era xume batean aurkeztuko dira aurten, atzerantz begiratuz eta aurreko urteez oroitzeko aukera eskainiz, momentuak eskatzen duen ardurarekin".

Bazkari, dastaketa, kontzertu eta pilaketak sor daitezkeen ekitaldiak antolatu ezinik, Jai Batzordeak iragana gogoan hartuko du. Helburua etorkizunean ipinita dago, aurtengorako aukerak eskasak direlako: "Zaindu gaitezen, datorren urtean berriro bueltan izan ditzagun auzo bazkaria, pintxo lehiaketa, kuadrillen eguna, erreka jaitsiera, sagardo lehiaketa, txosnatako kontzertuak, elkarteen danborradak eta herriko eragile desberdinek urtero antolatzen dituzten hainbat eta hainbat ekintza gehiago. Gora Santakrutzak!".

Ez baita baldintza egokirik ematen, jaiak behar bezala antolatzeko: "Aurreko urtetik egoera orokorra aldatu bada ere, Santakrutzak bezalako jai parte hartzaileak aurrera eramatea ezinezkoa dela ikusten dugu, eta arduragatik ezin ditugu antolatu nahiko genituzkeen gauzak. Gune itxietan jende kopuru mugatuarekin ibili beharrak halabeharrez zenbait jende egitarauaz gozatu ezinean utziko luke, gure jaien ideiaren aurkako zentzuan dagoena, ez baitzaigu justua iruditzen.

Gune irekietan antolatzeaz pentsatzean, aldiz, aurkako egoerarekin aurkitzen gara, ikusleen segurtasun baldintzak mantendu eta pilaketak saihestea lan nekeza iruditzen baitzaigu, parte hartzaileena bermatzeak jada nahikoa lan suposatzen baitu, inoren gainean egon behar izan gabe".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!