Bi hilabete hauetan bizi izan ditugun argiak eta itzalak liseritzen hasteko abagunea dugu esku artean. Denboraren dimentsioetan murgiltzeko aukera izan dugu. Denbora oasiak batzuentzat, batzuetan. Denborazko basamortuak, besteetan. Amesgaiztoen eta amets utopikoen errusiar mendian bizi izan dugun guzti hori, ez dezagun orain ahaztu! Elkarrekin dugun etorkizuna eraikitzeko oparitu zaigun altxorra baita.
Zein harremanekin sentitu gara gertu, eroso, seguru? Ustez hurbilekoak ziren hainbat kiderekin bat-batean urrun sentitzera heldu al gara? Zein harremanek merezi dute hemendik aurrera gure arreta eta zaintza? Zer bota dugu faltan? Zer ez dugu faltan bota (gure harridurarako)? Zerk sortu digu askapen sentsazioa? Zerk harritu gaitu gure bizikideetaz? Zertan sentitzen dugu huts egin dugula edo egin digutela? Eta galderetan potoloena... Norekin konfinatuko ginateke etorkizunean?
Txinan, izurritearen ondorioz, bikotekideen arteko banaketak biderkatu dira. Nola gaude gure bikotekidearekin, halakorik dugunok? Nola partekatu dira etxeko lanak elkarrekin bizi diren horien artean? Zer deskubritu dugu elkarrengandik? Zer gustatu zaigu? Eta zerk ikaratu?
Musukoen adierazkotasun ezari aurre egiteko, elkar atsegin dugunon arteko giro afektiboa zaintzeko garaia dugu. Sentimenduak, emozioak, laudorioak, animoak eta abar partekatzeko unea. Harremanak indartzeko ausardia baliatu dezagun, elkarrenganakoari eta esanguratsua denari lekua egiteko .
Atal honetan eta Plax! Sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuaren bitartez, harremanen inspekzio teknikoa egiteko hainbat galdera eta baliabide luzatuko dizkizuegu. Erein beharrekoak ureztatu eta iraganari dagokiona pakean betirako uzteko.