Andoaindarrek garaipen garrantzitsuak eskuratu zituzten Herriartekoan

Iradi-Ponce eta Altuna-Rekalde bikoteak debarren gainetik igaro ziren, bi partida on jokatuta; 35-25 eta 40-32 hurrenez hurren. Maiatzaren 9an bueltako partidak jokatu beharko dituzte final erdietara igaroko diren jakiteko. Igandean goizeko 10:00etan Andoaingo Arrate pilotalekuan jokatuko da bueltako partida.

Ibai Iradik eta Koldo Poncek garaipen garrantzitsua eskuratu zuten paleta larruz (35-25). Lehen hamar tantoetan norgehiagoka oso orekatua izan zen, baina andoaindarrak maila handiagoa erakusten ari ziren; Poncek sakez min handia egin zuen eta Iradik defentsa sendoa erakutsi zuen. Horrela, 10 tantoko aldea lortu eta aurkariak menderatu zituzten. 

Pala motzean, berriz, hasiera kaskarra eduki zuten andoaindarrek; batez ere, Altuna partidaren lehen tantoetan desagertua egon zen. Partidaren azken txanpan Altunak teknikoki jauzi egin zuen, eta maila izugarria erakutsi zuen, aurkariak guztiz menperatuz. 22-30eko markagailua edukitzetik, 17 tantoko partziala egin eta garaipena eskuratu zuten (40-32).

Mateo Ponce aritu zen aholkulari eta entrenatzaile lanetan. Ordezko pilotari gisa, Xabier Alkorta sorabillarra egon zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!