Emakumearen sexualitatea sakonki zeharkatzen duen aldia da menopausia edo plenipausia. Aldaketa emozionalen bezain fisiologikoen eragile da. Hori ardatz, “Menopausia-plenipausia: beste ikuspegi bat” hitzaldia antolatu du Plax bikote eta sexu aholkularitza-taldeak, Andoaingo Berdintasun Sailarekin elkarlanean. Abagune izan nahi du tertuliak edozein adin-tarteko emakumeentzat; aukera, beldurrez, mugez eta premiez mintzatzeko, askotariko bizipenen topagune izateko. Izan ere, horixe du helburu Plax-ek, andoaindarren sexualitatea herriratzea. Edurne Mendizabal aholkularitza taldeko kide da.
Menopausia, plenipausia. Bi kontzeptu ezberdin dira, baina aldi berari egiten diote erreferentzia, ezta?
Bai eta ez. Biek hitz egiten dute emakume batek adin jakin batean (50 urteren bueltan, gutxi gorabehera, nahiz eta aldagarria izan) izaten dituen aldaketa fisikoei buruz, baita emozionalez zein sozialez ere. Plenipausia hitzarekin bizitzako aldi hori testuinguruan kokatu nahi dugu, hots, ikuspegi zabalago batetik eutsi. Azken hamarkadetan, gainera, emakumeen bizitza izugarri medikalizatu da, eta, are gehiago: zenbait adituren esanetan, medikalizazio kasu handiena da historian menopausiarena. Nolabait, arazo, zailtasun eta galera gisa irudikatzen da. Horren gainean hausnartu nahi dugu, jendearen bizipenak entzun. Izan ere, ematen du derrigor sufritu behar dugula, eta ez du zertan horrela izan. Elkar lagunduta eta nork bere burua zaintzeko lan hori eginez gero, askoz arinagoa da prozesua. Garai ederra irekitzen zaio emakumeari aldi horretan, indar eta aniztasun gehiagorekin bizi da, baita eskarmentu handiagoarekin ere.
Beraz, aldi hori indargune gisa ulertzea du oinarrian plenipausiak?
Plenipausia hitza osotasunetik, betetasunetik dator. Mugak aukera gisa ulertzean datza plenipausia. Badirudi emakumeak ez garela emakume harik eta hilekoa izan arte; ondoren, zikinak eta zatarrak gara, eta ziklo hori bukatzean ere gaizki, ez garelako emankorrak. Oso lotuta dago besteentzat izateko ideiarekin, familiarekin, edertasun eredu jakin batekin. Horri guztiari buelta emanez gero, batzuentzat liberazio-aldia izan liteke, bakea, gozamenerako aukera. Onarpena eskatzen duen unea da, noski baietz, adin-tarte orok baititu onartu beharreko haibat kontu.
Emakumearen bizi-zikloaren parte da menopausia.
Bai, erabat, eta zukua ateratzeko momentua izan liteke. Nolanahi ere, interneten "menopausia" hitza bilatuz gero, guztia da medikamentu, guztia, sufrimendu. Hori al da gaur egungo 50 urteko andrazko baten bizitza? Aukera pila ditu aldi horretan emakumeak, baita urte asko aurretik bizitzeko ere.
Erotismoarekin eragin zuzena duen aldia al da?
Bai, badirudi menopausia duzunean ez duzula ez desirarik eta ez zarela desiragarri. Guztia sufrimendutik bideratzen da. Ideia horiei buelta bat ematea beharrezkoa da, geure erotismoa berreraikitzeko.
Emakumearen gorputzaren fisiologiari eragiten al dio?
Horren harria, hasieratik argituko dut tertulian hitzordua ez dela jorratuko medikuntzaren ikuspegitik, sexologiatik zein feminismotik baizik. Emakume bakoitza mundu bat da, eta inoiz ez dira bi prozesu berdin bizitzen. Hala ere, oro har, hainbat aldaketa eman litezke gorputzean, besteak beste, hormonen jarioak behera egin lezake, sofokoak ager litezke, bagina lehortu, baita atrofia muskularra eman ere; horrek sarketetan mina eragin lezake. Azken horren bidetik, aukera polita da gai horretaz hausnartzeko eta plazera sentitzeko beste hamaika bide deskubritzeko, eredu koitozentristatik zein genitalizatutik harago. Emakumeak adin batetik aurrera deskatalogatu egiten dira erotismotik. Beraz, aukera polita da gutaz espero dena pentsatzea baino gehiago, zein desira ditugun ezagutzeko. Gaia indibidualki zein kolektiboki lantzean oinarrituko da tertulia: onarpenetik, umoretik, tratu onetik... Horregatik da interesgarria bertaratzen den jendearen parte-hartzea.
Aipatu duzu esperientzia aldakorra dela, alegia, nork bere erara bizitzen duela aldia.
Inportantea da konturatzea zein aldarterekin erreparatzen zaion gaiari eta, ondorioz, nola zaintzen garen, zenbat barre egiten dugun geure buruaz… Horrek guztiak prozesua arintzen du. Tertulia abiapuntu izan liteke. Hari horri tiraka, inork jarraipen zehatza nahiko balu, gure sexologia-zerbitzura jo lezake, arreta pertsonalizatua egiteko.
Horrelako tertulietan konplizitatea sortzen al da, nahiz eta, oro har, esperientziak partekatzeko joera ez egon?
Normalean bai. Nahi duenak nahi duenetik kontatzen du: lasaitasuna, patxada, epairik eza, onarpena. Horixe da hasieratik jartzen dena mahai gainean, hor esaten dena hor gelditzen da. Gehienetan, zailena izaten da isiltasuna aurkitzea, hitz egiteko behar handia baitago. Entzutera bakarrik doana ere entzutera bakarrik doa, ez da ezer pasatzen. Niretzat entzule izatea parte hartzeko modua da.
Zergatik dute garrantzia horrelako saioek?
Beti dugu bizitzako hainbat garaietan eta esparrutan aurrera egiteko premia. Gainera, emakumeon esparrua eta, bereziki, sexualitatearena, ikustezina da ia. Eta hortik sortzen dira arazoak. Horrenbestez, garrantzitsua da isilpeko horiei argia ematea, makina bat pertsonari eragiten dion prozesua baita.