Ezpata-dantzariak ETBn agertu zirenekoa

Aiurri 2021ko mai. 6a, 11:09

Maiatzaren 3an hasita, bista ugari pilatu ditu ezpata-dantzarien bideoak. Egun hartan ikusitakoa joan zen apirilaren 24an grabatu zen, eguraldi ederra baliatuta. Alba Cabrera eta Mikel Arberas Aiurriko kideak ekoizpen lan osoaz arduratu ziren.

Apirilaren 24a, larunbata. Goizeko 08:45ak aldera geratu ziren Unanibia zubian, arduradunekin hitz egin eta grabaketa baino lehenagoko azken ukituak egiteko. Grabaketa berezia izanik, baliabide ugari erabili zituzten; hiru kamerekin eta dronarekin lanean aritu ziren. “Unanibiko zubia bezalako leku magiko batean, ahal bezain beste irudi jaso nahi genituen, bideoa modu egokia osatzeko. Ez hori bakarrik, airetik hartutako irudiek bideoari ez-ohiko ikuspegi bat eman zioten”, aitortu du Mikel Arberasek.

Grabaketa lanak ia bi ordu iraun zituen, ezinbestekotzat jotzen baitzuten alde guztietatik planoak grabatzea. Nabarmendu beharra dago, dantzariek esfortzu fisiko handia egin zutela, dantza lauzpabost aldiz errepikatu baitzuten. Hainbat egunez edizio lanean murgilduta ibili eta gero, andoaindar askok txalotu duten ekoizpena izan da.

Zabalkunde handiko bideoa

Euskal Herrian barrena arreta zabala lortu zuen, maiatzaren 3an. Eitb Kultura kanalean eta maiatzaren 3ko ETBko albistegietan, ezpata-dantzarien bideoarekin albistea zabaldu zuten. Dantzan.eus webgune ezagunak ere zabalkundea eman zion bideoari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!