Gaur, inoiz baino gehiago, gure oroimenean zaude

Maider Lainez Lazcoz 2021ko mai. 7a, 13:20

Maider Lainez Lazcoz Andoaingo Sozialisten Idazkari Nagusiak gutuna helarazi du hedabideetara, Jose Luis Lopez de Lacalleren heriotzaren urteurrenean.

2000. urtean hil zintuztenetik bigarren urtez jarraian, eta COVID-19aren ondorioz, Andoaingo sozialistok, lagun askorekin batera, ezin izango dugu lore-eskaintza hau egin nahi genukeen bezala. Ez zaigu egokia iruditu herritarrei eta komunikabideei ekitaldi honetan parte hartzeko deia egitea. Ildo horretan, Ma Pazen eskuzabaltasuna azpimarratu eta eskertu nahi dut, erabaki hori ulertu baitu, baita iradoki ere, erantzukizunez jokatzea beste edozein desio pertsonalen aurretik.

Egia da gaur gogorra izango dela besarkada hori, hainbeste berotzen eta batzen gaituen musu hori ezin ematea. Baina, fisikoki egin ezin badugu ere, hitz hauen bidez, besarkadarik eta musurik

handiena bidali nahi diet Ma Pazi, Aitziberi, Alaini, zure familia osoari eta gaur aurkitu ohi ditugun lankide eta lagunei.

Izan ere, Jose Luis, oso gogoan zaitugu, nahiz eta duela 21 urte ETAko hiltzaile batzuek zure bizia kentzea erabaki zutela, zure ideiak defendatzeagatik eta pentsalari aske bat izateagatik, askatasuna eta herri hau hitzen bidez defendatzeagatik, lehenik Francoren aurka eta gero ETAren aurka. Zoritxarrez, zuk eta zure familiak prezio garestiegia ordaindu zenuten horregatik. Baina zure ondarea oso bizirik dago eta ez gaituzte isilarazi.

Gero eta zailagoa egiten zaigu hainbeste indarkeriaren zentzugabekeria ulertzea, baita zure hilketak eta beste hainbatek eragindako sufrimendu guztiaren zergatia ere. Zertarako hainbeste familia hondatu? Izan ere, argi daukagu terrorismoak ez duela inoiz zentzurik edo justifikaziorik izan.

Ausartak izan behar dugu eta argi eta garbi esan.

Gaur inoiz baino gehiago aldarrikatzen ditugu zure hitzak, José Luis; ahots konplexu eta beldurrik gabea. Eta, herri honetan gertatu denaren irakurketa kritikoa egin ondoren, guztion artean memoria kolektibo eta inklusiboa eraiki behar dugu. Baina ezin izango dugu hori egin, batzuek gertatutakoa zuritu nahi badute edo gauzei beren izenez deitu nahi ez badiete.

Hain zuzen ere, memoria hori izan behar da gure bizikidetza eraikitzeko oinarria. Etorkizunari begiratu behar diogu, baina memoriatik, egiatik, justiziatik eta ordainetik azterketa sakona egin ondoren. Desberdinarekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza da erronka, baina oroituz, memoriarekin.

Jose Luis, gaur inoiz baino nabarmenago geratzen da distantziak eta denborak ez dutela ahazten, hemen gurekin jarraitzen duzulako, gure bihotzean eta gure oroimenean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!