Unanibiko tirolinaren aurka, hainbat herritar Goikoplazan

Xabier Lasa 2021ko mai. 9a, 14:14

Unanibian Udalak ipini dituen tirolinari eta Ferrata bideari ezezkoa azaltzeko, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute Goikoplazan eguardian, Unanibiren Lagunak taldeak deituta. Unanibia eta bere inguru naturala herriaren altxorrak direlako, eta leku horiek andoaindarrentzat ez ezik naturzale guztientzat ere leku kuttunak direlako jarri direla egitasmoaren kontra adierazi dute taldeko ordezkari Julen Arribillaga eta Olatz Telletxeak. Udalak, aurreko legegintzaldian, “adrenalina sortzailea” omen den egitasmo hori gauzatzeko biotopo babestuaren araudia aldatu izana salatu dute.

Gaineratu dute tirolina eta bide ferrata egiteko obra berak baino, kalte handiagoa eragingo duela bere erabilerak.

Hiru puntuz osatutako eskakizuna egin dute:

1.- Tirolina eta bide ferratarentzat beste leku bat topatzea, Leitzarandik kanpo.

2.- Leitzaranen babestua dagoena zaintzea, interbentziorik gabe, dagoen bezala utziz.

3.- Leitzaran natur parkea izendapenaren aldeko urratsak ematen hastea.

Eguzki talde ekologistako kide den Garikoitz Plazaolak ere hitza hartu du elkarretaratzean, eta adierazi du egitasmo honek gizakiok aisialdi azpiegiturak muntatzeko gogoari eman diola lehentasuna, Otieta inguruko habitat aberatsa babesteko premiaren gainetik. Aldi berean, egitasmoa burutzerakoan Udalak prozesu parte-hartzaileari uko egin diola salatu du.

Azkenik, Gipuzkoako natur taldeak koordinatzen dituen Aritzalde taldeko Xabier Rubiok babesa agertu die Unanibiaren Lagunak Taldeari eta elkarretaratzean parte hartu dutenei, eta naturaren alde lanean jarrai dezaten animatu ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!