Jolas-parke inklusiboa eta komun publikoa jarriko dira Karrika auzoan

Aiurri 2021ko mai. 11a, 09:42

Jolasgune berria jarriko du Udalak Karrika auzoan, uztailetik aurrera. Ez hori bakarrik, erabilera mistoko eta desgaitasun fisikoa pertsonentzako irisgarria izango den komun publikoa ere martxan jarriko da. 

Tokiko Gobernu Batzarrak Karrika auzoko Aiztondo plazan haurrentzako jolas multzoa hornitzeko kontratuaren esleipena onartu du. Mari Jose Izagirrek adierazi duenez, gune berria ingurunean integratuko da, eta diseinu inklusibo eta integratzailea edukiko du parkeak; egikaritza epea lau astekoa izango dela jakinarazi du Udalak. Esleipenaren zenbatekoa 61.328 eurokoa (BEZa barne) izango da eta Maderplay S.L enpresa Nafarrari eman zaio.

Andoaingo Udalak desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako egokitutako erabilera mistoko komun autogarbitzaile kabina bat jarriko du, obra zibila barne. Onartu berri den eskaintzak 57.946 euro balio ditu eta 5 hilabeteko exekuzio-epea du. Izagirrek adierazi duenez, Karrika-Aiztondon 120.000 euroko inbertsioa egingo da guztira eta bertako zerbitzuak hobetzea izango da helburua. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!