Kale Nagusiko tabernak 1957an ireki zituen ateak. Jabego ezberdinarekin izan bada ere, ibilbide oparoa izan du Andoainen.
Alarma egoera kenduta afariak emateko aukera zabaldu zaizue. Normaltasunera iristeko beste urrats bat al da?
Pauso txiki-txikia da, baina ez da erabakiorra guretzat. Euskadin bizi gara eta ez da inor iluntzeko 19:30ean afaltzera etorriko. Frantzian egingo lukete, hemen ez. Beraz, gure kasuan gaueko 22:00etako mugarekin afariak emateko oso aukera murritza dugu.
Zuen negozioan afariak giltzarri dira. Pentsatzen dugu eragin izugarria izan duela zuengan orain artekoak?
Ikaragarria. Zazpi lagun geunden lanean, eta orain lau besterik ez gaude lanean. Afariei esker egiten genuen aurrera. Zorionez, bezeroak joera aldatu du eta bazkarirako joera areagotu egin da. Alabaina afaririk gabe, jai dugu.
Aforoa murriztuta duzue taberna barruan. Arazo handia da hori zuentzat?
Noski, aforoa erdira murriztuta... izenak berak dio. Aforoa erdira murriztuta, eta barran ezin dugu zerbitzurik eskaini. Arazoak biderkatu egiten zaizkigu.
Lauko edo seiko mahaiak zenbateraino eragiten du zuena bezalako negozio txikietan?
Aurreko galderari lotuta dago. Eragin handia du gure negozioan. Mahaiak bost edo sei pertsonekin osatuz gero, aukera handitzen zaigu. Gure kalkuluen arabera, lauko mahaiekin, bezeroen %60a galtzen ari gara.
Ostalaritza elkarteak eta tabernari askok oinarrizko arauak betearazteko prozedura betetzen dute. Segurua dela, alegia.
Gaurko egunez, ulertzen dut nire kolega gehienek araudia betetzen dutela. Ia ziur nago. Beraz, ostalaritza-negozio batean egotea kalean edaten baino seguruagoa da. Taberna batean neurriak betearazten ditugu, higiene eta segurtasunaren aldetik. Segurtasun osoa eskaintzen dugu. Kalean, 10-12 lagun elkartu daitezke edozein txokotan.
Zuen lantaldearengan eragina izan du aldaketa berriak?
Araudi berriarekin afariak emateko aukera eskasa dugu. Turistak ez ditugu asko, eta araudi berriarekin Andoaindik mugitzeko aukera ematen zaio herritarrari. Lehen bezala gaude, aldaketa bakarrarekin. Negozioa gaueko 22:00tan itxi genezakeela. Gauzak horrela, zaila da jendea hain goiz afaltzen hastea. Erabateko normaltasuna nahi dugu, eta ez indarrean jarri dituzten aldaketa txiki horiek.