Erreportari Gaztea Saria lehiaketa martxan dago

Aiurri 2021ko mai. 14a, 09:00

Eskualdeko ikasleek parte har dezakete Andoaingo Udalak antolatzen duen lehiaketan.

Andoain euskarazko kazetaritzari oso lotuta dago, euskal kazetaritzaren izen handien artean nabarmentzen baitira Martin Ugalde eta Rikardo Arregi. Biak ala biak, bakoitza bere garaian, euskarazko kazetaritzaren alde mugarri izan diren egitasmoetan murgildu ziren. Azken 23 urtetan, euskarazko kazetaritza sustatzeko, Erreportari Gaztea izeneko lehiaketa antolatzen dabil Andoaingo Udala. Xedea honakoa da: "Andoaingo eta inguruko herrietako gazteen artean komunikazio idatzia euskaraz zuzen ez ezik txukun eta egoki ere egiteko gaitasuna eta kazetaritza-zaletasuna bultzatzea". Lehiaketan parte har dezakete Beterri-Buruntza eta Aiztondo aldeko ikasleek, 2000 eta 2003 urteen artean jaiotakoek. Erreportajearen egilea pertsona bakarra edota taldea izan daiteke. Erreportajea hiru orrialdekoa edo 6.000 karakterekoa aurkeztu behar da. Saria, gainera, potoloa da: 360 euro eta Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura.

Erreportarigazteasaria.wordpress.com

Lehiaketaren xehetasun guztiak erreportarigazteasaria.wordpress.com blogean aurki daitezke. Lan bakoitzaren kopia bat paperean eta beste bat PDF formatuan entregatu beharko dira, maiatzaren 25era bitartean Andoaingo Udaletxean, Ataria arreta zerbitzuan. Ekainean emango da ezagutzera epaimahaiaren erabakia, eta saria ekimen berezi baten bidez emateko asmoa dute.

Kazetaritzan adituak diren pertsonek osatuko dute epaimahaia, eta bere erabakia apelaezina izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!