Arte jarduera ezberdinak Bastero Kulturgunean

Xabier Lasa 2021ko mai. 14a, 09:00

Lau euskal artista piktorikoen artelanak ikusgai daude Basteron. Hauexek dira: Gonzalo Etxebarria (Bilbo, 1954), Patxi Laskarai (Lekunberri, Nafarroa Behera, 1967), Oaia Peruarena (Bera, 1972) eta, Iker Valle (Andoain, 1976).

Etxebarriaren espresionismoa, Peruarenaren abstrakzioa, Laskarairen Iratiko basoko argazki ilunak eta Valleren naturaren margolan interpretatiboak eta brontzezko eskulturak biltzen dira Espazio Kuttunak izenburuko erakusketan.

Nahiz eta nork bere ekarpen plastikoa oso modu pertsonalean garatu, beraien lanetan naturaren presentzia (itsasoa, mendia, basoa…) azaleratzen da ugari; argi eta ilunaren arteko elkarrizketak ikusi daitezke horietan. 

Valle artista andoaindarrak erakusketa kolektiboak non duen jatorria azaldu du: “2011n ezagutu genuen elkar. Pascale de Gilbert arte komisarioa Parisetik Mendikota herrira (Zuberoa) heldu zen, bertan arte galeria irekitzeko asmoz. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hainbat arte-sortzaile bildu zituen bertan, eta herrian antolatu zen jai ederrean egin genuen topo lauok, hain zuzen. Orduan hasi ginen adiskidetzen, eta arlo artistikoan bakoitzak egiten  zuenaren berri edukitzen. Geroztik, zenbait erakusketetan elkarlanean jardun izan dugu. Nolanahi ere, aurreneko aldia da erakusketa batek lauok batzen gaituela.”.

Iker Valle

Donostian bizi den artista autodidakta margo nahiz eskultura mordo batekin heldu da Basterora, Azken urteetan lan piktorikoez gain, erliebeak eta eskultura jorratu ditu; azken arte diziplinari horri dagokionez, Hernaniko Ave Maria Parkean eskultura ipintzea izan da bere azken ekimen publikoetako bat. “Abstraktuak dira nire lanak, bilaketa edo ikerketa prozesua pertsonalaren emaitza direla esango nuke; horretara eraman nau nire bilakaera pertsonalak, sorkuntza mundu honetan. Basteron, hiru lan sorta edo seriatu aurkezten ditut. Lehenbizikoak zuri beltzezko margoak dira; horietako batzuk pigmentu naturalak arroza paperaren gainean dira, eta marmola hutsean egindakoak besteak. Bigarren seriea naturarekiko loturatik dator; zuri beltzezkoak dira lanak. Neguan, Iratiko basoko zuhaitzen bertikaltasunak zeruaren zuriarekin egiten duten kontrastea oinarri hartuta nik egindako interpretaziotik sortu dira. Azkenik, eskulturaren arloan, “Itsasoaren idatzia” izenburua daramaten brontzezko piezak jarri ditut. Horiekin, gorazarre egin nahi izan diot euskal kostaldea zoragarriari; Biarritz, Angelu, Zumaia… eta beste zenbait tokietako harkaitzak suma daitezke horietan”.

Gonzalo Etxebarria

Espresionismoaren margolaria da Gonzalo Etxebarria. Biribiltasuna irudikatzen dute bilbotarraren zenbait margoek, akriliko eta pigmentuarekin egindakoak “esperimentazioa egin dut koloreekin, joko biribilekin konposaketa desberdinak osatuz, eta horiekin lan sorta erakusten dut. Bigarren margo sorta, berriz, karratua da, akuarelarekin egindakoa; hor, mundu mitologikoa eta erreala nahastea izan da nire intentzioa. Halaber, obraren beste zati batean, Zuberoako Santa Grazi edo Barkoxeko herrien paisajeetan barne minez torturatutako gizakia sumatzen da”.

Patxi Laskarai

Zuberoako natura guneetan eta Iratiko basoan egindako argazkiak jarri ditu ikusgai Lekunberriko argazkilariak, Basteron. “Aski ilunak dira; eguzkiaren argitasuna baino gehiago, lurraren edertasuna du azaldu nahi izan dut. Gaua ilargi betean denean, gauerdi aldera Iratira joaten naiz maiz”.

Oaia Peruarena

Abstrakzio aldera jotzen du beratarrak, margolaritzan. “Koloreak garrantzi handia du nire sormenean. Kolorea, trazua, margoaren dentsitatea, loditasuna eta gorputza… Arau jakin askorik gabe margotzea dut gogoko, hori da gehien asebetetzen nauena, margoa askatasunaren espazioa baita. Natura izaten da nire lan aunitzen abiapuntua, baina ez naturarekin zerbait adierazteko gogoz, baizik eta inspirazioa emateaz gain bizitza ematen didalako”.

Erakusketa ikusteko gomendioa

Oaia Peruarenaren aburuz, artelanak kontenplatzerakoan ez genuke obsesionatu behar horiek “ulertzeko”. “Nork bere sentsazioak, bizipenak, munduaren ikuskera… dauzka, eta hortik abiatuta, obraren batek zerbait biziarazi eta sentiarazi badizu, bada, primeran, eta bestela ere ez du zertan konplejurik eragin behar. Beharbada egileak zerbait zehatza transmititu nahi izan dio ikusleari, eta honek, bien bitartean, guztiz kontrakoa jaso du. Basteroko erakusketa gela herrigunean kokatzen da, eta andoaindarrei sartu-irten bat egin dezaten gomendatzen diet. Proba dezatela, eta ea sentimendu berezirik pizten dieten gure sorkuntzek”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!