Udalerrian zeresana ematen ari den gaia da, eta hainbat herritarrek tirolinaren aurkako sentsibilizazio lanari ekin diote. Aurreko astean bi ekitaldi antolatu zituzten. Lehenik, hitzaldia Bastero Kulturgunean. Eta, bigarrenik, elkarretaratzea Goikoplazan.
Hitzaldia Basteron, Eguzki taldearen parte hartzearekin
Andoaingo Udalak Unanibian jarri dituen tirolina eta Ferrata bidea aztertu zituzten Oskar Padura eta Garikoitz Plazaola Eguzkiko kideek, Unanibiaren Lagunak ekimenak maiatzaren 6an antolatutako hitzaldian. Proiektuak, bioaniztasun bereziko leku bat kolonizatuko duela eta hori ez dela kontuan hartu salatu zuten.
Oskar Padura Eguzki talde ekologistako abokatua da, eta ingurugiroarekin zerikusia daukaten egitasmoen arlo juridikoa aztertu ohi du batik bat. Eginkizun horretan pilatu duen eskarmentuaz mintzatu zen, lehenbiziko eta behin. “Berdin dio erakunde publikoetan alderdi bat egon bestea egon, bi ideia erabiltzen dituzte maiz, natura-gune berezietan (Txingudi, Aralar, Gorbea…) proiektuak gauzatzerako orduan: balorean jartzea, eta, zirkuluaren kuadratura. Nahiz eta leku horien aldeko babes-figurak deklaratu, “balorean jarri” behar izaten dute, turismo jasangarriaren eta antzeko terminoen aitzakiarekin. Natura-gune horiek, berez, balorea edukiko ez balute bezala! Era horretan, administrazioak proiektu bat nahitaez aurrera eraman nahi duenean, laster topatuko du bere gogoko txostenak egingo dizkion aholkularitzaren bat”.
Tirolinaren eta ferrata bidearen kasuan, antzeko eskema jarraitu dela adierazi zuen Padurak.
Arau aldaketa
Eguzkiko abokatuaren ustez, administrazioek badakite nola jokatu lege eta araudiekin, eta zenbaitetan bere asmoentzat traba badira, badakite horiek euren interesetara egokitzen. Jokaera horren adibidetzat jo zuen Andoaingo Udalak 2018ko urtarrilean Leitzarango parkearen antolamenduko araudia aldatu izana. “Antolamenduak ez zuen uzten parkean bertan aisialdiarekin edo kirolarekin lotutako instalaziorik ezartzen, eta hortaz, aldatu egin zuten, tirolina eta ferrata bideari atea irekitzeko. Gaur tirolina izan da, eta bihar, esate baterako, kanping bat izan daiteke. Azken batean, garapen iraunkorraren etiketa jarrita, dena justifikatua dagoela ematen du”.
Padurak gogoratu zuen Leitzaran ibaiari garrantzi handiko hiru babes-figura ezarri zaizkiola orain arte: Biotopo Babestua (espezie biologiko desberdinek bizitzeko duten toki fisikoa), KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua, Jaurlaritzako Kontseiluak izendatutako garrantzi komunitarioko lekua), eta, Natura 2000 Sarea (Naturgune babestuen sarea, Europar Batasunaren mailakoa). “Unanibiko zubia andoaindarrentzat sinbologia handiko lekua izateaz gain, instituzio desberdinek legez aitortu izan dute ingurumenaren ikuspuntutik aberastasun handiko habitatean kokatzen dela; gauzak horrela, Udalak baztertu egin behar luke Unanibian bertan instalaziorik ezartzea. Ulergaitza da leku horretan kokatzea proiektu hori”.
Padurak hitzaldian zehar auzitan jarri zituen proiektuaren barruan egin diren azterketak ingurumenaren gaineko eragina jakiteko. “Nik ehunka proiektu aztertu ditut, eta normalki, ezer ez egitearen alternatiba berehala baztertu ohi dute, bi esaldi erabilita. Oraingoan diotenez, halako instalazio bat ez jartzea turismoari eta hezkuntzari begira bailarak daukan eskaintza alferrik galtzea litzateke, eta horrek, Andoaingo garapen sozio-ekonomikoaren garapena galaraztea eragingo lioke. Makina bat proiektuetan entzun izan dugun mantra darabiltela, alegia”.
Ingurumenaren gaineko eragina jakiteko udalak egin duen azterketa beste zenbait aspektuetan ere kritikagarria dela gaineratu zuen Padurak. Leitzaran ibaiko ugaztun eta hegaztienganako eragin kaltegarriari dagokionez, esate baterako, nahiko azterketa arina egin dutela esan zuen. Bestalde, zeharkako eraginak ere apenas jorratu direla salatu zuen: “proiektuak erakarri dezakeen jendea, herri basoentzat eragin ditzakeen kalteak, obrarako bideak, zaborren sortzea…”.
Lehentasuna, gizakien aisialdia
Gari Plazaola Eguzkiko kideak, Andoaingo Udaleko ordezkariekin izandako bileren berri eman zien Basteroko entzuleei. “beraiek behin eta berriz esan digute Leitzaran erabat zaindu nahi dutela. Eta ez daukagu zertan ukaturik asmo hori. Baina kokapena izan da gure haserrea eragin duena. Tirolina eta ferrata bidea Leitzarango Biotopoaren gune babestuaren barruan eraiki dituzte. Europako Batasunak Leitzaran Natura2000 sarean sartu zuen, lehentasunezko habitat gisa. Hortaz, lehentasuna zertarako markatu?”.
Zer pentsatua ematen omen duten beste bizpahiru datu eman zituen segidan: “Leitzaranen, Biotopoaren izendapenak 91 hektarea bakarrik babesten ditu, ez bailara osoa; ibaia eta bost metroko ibai-ertzak alde banatan, alegia. 91 hektarea horietatik, Andoaini ia 16 hektarea dagozkio. Hots, Andoaingo azalera guztiaren %0,58a besterik ez dago babestua. Eta hain justu, zer da eta, Andoainen babestuta dagoen %0,58an instalazio bat ipintzea bururatu zaie!”.
Parte-hartzeko aukerarik ez
Plazaolak adierazi zuen Eguzkik hainbat helegite jarri zituela proiektuaren aurka 2019an. “Helegiteek lehentasuna inguruan eta habitatean jartzeko eskatzen zuten. Ibaian eta bertako haltzadiak zaintzeko, eta ur-zozoak, martin arrantzaleak, bisoi europearrak, kakalardo adardunak eta beste hainbat bizidunek bizileku egokia izan dezaten. Eta ez gizakiok aisialdi azpiegiturak muntatzeko. Baina ikusi dugu, zoritxarrez, naturguneak etiketa gisa erabiltzeko joerari eutsi zaiola, jendea erakartzeko, turismoa eta aisialdia indartzeko, ingurune horien babesa babestu beharrean”.
Jaurlaritzak helegiteei ez diela erantzun gaineratu zuen.
Aldi berean, proiektuaren gauzatze prozesuan herritarrei parte-hartzeko aukera galarazi egin zaiela azpimarratu zuen. “Egun, Andoaingo Udalak zein Jaurlaritzak hitzetik hortzera darabilten esaldia da herritarren parte-hartzea. Baina egitasmo honetan ez da halakorik gertatu. Legeak agintzen zuena bete dute, besterik gabe. Ez da legez kanpoko prozesua izan, ez du ezkutuko bidea jorratu, baina herritarrekiko transparentziatik urrun ibili da”.
Deiaren efektua
Proiektuak etorkizunean eduki dezakeen deiaren efektuarekin kezka agertu zuen Plazaolak. “Hasieran, eguneko 30 erabiltze aipatu zuten, eta orain 8ra jaitsi dute. Baina aukerak irekita daude, eta nork daki etorkizunean, neurri zuzentzaile batzuk ezarri ostean, zenbat pertsonentzat jarri dezaketen…”.
Leitzaran, Parke Naturala
“Halako egitasmo txiki batekin zergatik hainbesteko zalaparta”, galdetu izan diotela adierazi zuen Plazaolak, “are gehiago Leitzaranen beste makina bat arazo daudenean. Bada, guretzat, badu garrantzia egitasmo honen inpaktuak, biotopoan leku berri baten kolonizazioa dakarrelako, naturaren kaltetan”.
Leitzarango bailararen kudeaketari heldu zion segidan, aitortuz Leitzaranen inpaktua eragiten duten beste hainbat errealitate ere ondo aztertu beharrekoak direla: hala nola, “gizakien bainuekin zerikusia eduki dezakeen ur kalitatea, ehiza, motoak, erabiltzaile (oinez, bizikletaz, korrika…) kantitatea, baso-politika…”.
Azkenik, Garikoitz Plazaola Leitzaran Parke Naturala izendatzearen alde mintzatu zen. “Aldarrikapen zaharra da, autobiaren gatazkaren garaitik datorrena; promestu ziguten orduan, baina ez da gauzatu harrezkero. Ez dakit lortuko dugun tirolina eta ferrata bidearen instalazioa kentzea, baina Leitzaran babestearen alde sortu den herri mugimendu hauxe baliatu beharko genuke, aldi berean, parke naturalaren aldeko aldarrikapenari eusteko berriro ere, Leitzarango bailararen kontserbazioak eta bere bioaniztasunak irabaziko duelako horrela”.
Elkarretaratzea Goikoplazan
Unanibian Udalak ipini eta maiatzean martxan jartzeko asmoa duen tirolinari eta Ferrata bideari ezezkoa azaltzeko, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten Goikoplazan, Unanibiren Lagunak taldeak deituta. Unanibiko paraje naturala herriaren altxorra delako, eta leku hori andoaindarrentzat ez ezik naturzale guztientzat ere leku kuttuna delako egitasmoaren kontra agertu direla adierazi zuten
taldeko ordezkari Julen Arribillagak eta Olatz
Telletxeak.
Udalak, aurreko legegintzaldian, egitasmo hori gauzatzeko biotopo babestuaren araudia aldatu izana salatu zuten. “Inguru hori biotopo babestua zen eta araudia aldatu gabe ezingo lukete bertan jolas-kirol ekintzarik sartu”. Tirolina eta ferrata bidea egiteko obra berak baino, erabilerak kalte handiagoa eragingo duelakoan daude.
Unanibiaren Lagunak taldea
Unanibiren Lagunak taldeak hiru puntuz osatutako eskakizuna egin zuen Goikoplazan egindako elkarretaratzean:
- Tirolina eta ferrata bidearentzat beste leku bat topatzea, Leitzarandik kanpo.
- Leitzaranen babestua dagoena zaintzea, interbentziorik gabe, dagoen bezala utziz.
- Leitzaran natur parkea izendapenaren aldeko urratsak ematen hastea.
Eguzki talde ekologista
Garikoitz Plazaolak ere hitza hartu zuen elkarretaratzean. Egitasmo honen kasuan aisialdiari lehentasuna eman zaiola adierazi zuena, Otieta inguruko habitat aberatsa babesteko premiaren gainetik. Aldi berean, egitasmoa burutzerako Udalak prozesu parte-hartzaileari uko egin diola salatu zuen.
Azkenik, Gipuzkoako natur taldeak koordinatzen dituen Aritzalde taldeko Xabier Rubiok babesa agertu zien Unanibiaren Lagunak Taldeari eta elkarretaratzean parte hartu zutenei, eta naturaren alde lanean jarrai dezaten animatu zituen.
Sinadura bilketa
Unanibiaren Lagunak taldeak proiektuaren aurkako sinadura bilketarekin jarraitzen du, change.org plataforman. Sinadurak Udalaren, Aldundiaren eta Bisitarien Etxea kudeatzen duen enpresaren esku uzteko asmoa dute.