2020ko Greba Orokorraren harira jazotako gertakariak salatu dituzte hainbat herritarrek

Aiurri 2021ko mai. 15a, 09:41

Greba Orokorraren harira egindako ekintzetan hiru pertsona identifikatu eta 1.500 euroko isuna ordaindu behar izan zutela azpimarratu du Andoaingo Greba Komiteak. Ez hori bakarrik, mementoan identifikatu gabeko 11 herritarrei ertzain etxetik deitu zieten ikertuak izango zirela esateko. 

Honako ohar hau irakurri da elkarretaratzearen amaieran:

Jakingo duzuenez, 2020.urteko urtarrilaren 30ean Euskal Herriko karta sozialak deituta, "Lan, pentsio, eta bizitza duina"k aldarrikatuz greba orokorra burutu zen. Horren harira Andoainen emandako gertaeren ondorioz elkartu gara gaur hemen.

Batetik, greba bezperatan, udaltzaingoak hiru gazte identifikatu eta pintada batzuk egin izana leporatu ziguten. Inolako salaketarik gabe, pindata batzuen garbiketa faktura igorri zigun udalak. Honen aurrean errekurtsoa jarri arren, hau artxibatu eta %20eko errekargoarekin igorri ziguten berriro beranduago. Orotara 1500€ko santzioa ordaindu behar izan dugu. Gainera, prozesu honek urte beteko iraupena izan duela zehaztu beharra dago, martxoan jaso genuelarik azken errekargoa.

Bestetik, greba egunean, pikete informatiboak egiten ari ginela, inolako istilurik egon ez arren, udaltzain bat agertu eta parte hartzaileak grabatzen hasi zen. Beranduago, konfinamenduan geundela, 11 lagunei Ertzain etxetik deitu ziguten. Ikertuak izaten ari ginela eta deklaratzera deituak izango ginela mehatxatuz.

Gertakari hauen aurrean emandako errepresio poliziala eta udalaren jarrera da gaur salatu nahi duguna. Ezin dugu ahaztu, gainera, greba eguneko aldarrikapenak bizirik dirautela gaur egun, pandemiak egoera areagotu egin duela soilik eta horregatik, borrokan jarraituko dugula argi dugu! Greba eskubidea legitimoa delako, ez dugu errepresiorik onartuko!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!