1963ko San Isidro eguna gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2021ko mai. 24a, 07:46

Sotero Etxeberria, Aramanea baserriko semea, 1963ko erretratuarekin.

Apartekoa izan zen urte hartako baserritarren zaindarien eguna. Maiatzaren 19an, igandearekin, ospatu zen eta Gipuzkoa mailako zabalkundea izan zuen. Gipuzkoako Nekazari eta Sindikatu Ganbara Ofizialarekin elkarlanean antolatu zuen Andoaingo baserritarren kooperatibak.

Garai hartako gizartean ohikoa zen bezala, baserritarrak goratzeko baino gehiago, diktaduraren eta agintarien aldeko propaganda egiteko eta horien baserritarrekiko ikuspegi paternalista agertzeko balio izan zuen ekitaldiak. La Voz de España eta El Diario Vasco egunkarien kronikak irakurrita osatu liteke egunaren nondik norakoa. 

Goizeko 11:00etan Udal agintariek Gipuzkoako agintariei udaletxean harrera ofiziala egin zieten, txistulari eta dantzarien laguntzaz. Bertan hitza hartu zuten Matias Ansa Andoaingo nekazarien kooperatibako lehendakariak, Joxe Mari Garagorri alkateak eta Manuel Valencia gobernadore zibilak. Ondoren, San Martin parrokiara abiatu ziren, meza nagusia entzutera. Sarreran Andoaingo baserritarrek egindako arkutik igaro ziren. 

Erlijio ospakizunak eginda, Joxe Lizasok eta Txomin Garmendiak bertso saioa egin zuten udaletxeko balkoitik. Pilotarien partida heldu zen ondoren. Eta eguerdi parteko ekitaldi sortari amaiera emateko, Gipuzkoa mailako sarien banaketa heldu zen udaletxean bertan. Añorgako Bidarte baserriko Joxe Izagirre nabarmendu zuten, 4.000 pezetako lehen saria emanez. Eta aldi berean, Gipuzkoako hainbat baserrietako etxeko-nagusiei sari bana eman zieten, etxean berrikuntzak egin izanagatik. Azkenik, Gabiriako Baztarrika baserriko etxeko-nagusiari Nekazarien Mutualitateko Funtsetik 45.000 pezeta eman zizkioten, egun batzuk lehenago suak kiskali baitzuen baserria.

Arratsaldean, bertsolarien bigarren saioa heldu zen. Ondoren, Pasaiako Moneda eta Aiako Etxenagusiako idiak lehian jarri zituzten nork plaza gehiago egin, eta eguneko azken ekintza gisa, euskal erromeria ospatu zuten.

Lehen lerroan: (1) Txomin Usandizaga (Serorategi); (2) Pello Santa Krutz (Antzizu); (3) Juan Joxe Uranga (Etxarri); (4) Sotero Etxeberria (Aramanea); (5) Juan Kruz Amantegi (Etxetxiki); (6) Felix Arruti (Talai). Bigarren lerroan: (7) Praxku Ansa (Upategi); (8) Asentxio Jauregi (Txertoeta); (9) Fernando Iturralde (Irurain Berri); (10) Martin Aranburu (Buruntza Etxeberri); (11) Pedro Ugartemendia (Antzizar); (12) Joxe Urkaregi (Bazkardo Txiki); (13) Antonio Manterola (Xapatanea). Atzeko lerroan: (14) Joxe Joakin Jauregi (Illarramendi); (15) Joxe Ramon Irastorza (Penadi); (16) Joxe Antonio Arregi (Ikutza Zar); (17) Ixidro Itsaso (Atorrasagasti); (18) Joxe Azpillaga (Lakatxe); (19) Andoni Amantegi (Juandaleizaneaberri). Atzeko emakumeen artean, (20) Maria Etxeberria, Sotero Etxeberriaren ama. Goikoplaza, 1963/05/19. @ moises. Andoaingo Udal Artxiboa.

Baserria, gainbehera

60ko hamarkadan jada nabaria zen baserritik bizimodua atera ezinaren errealitatea; are gutxiago kide askoko familia bizi bazen teilatupe berean. Baserriko eguneroko martxari ekiteaz gain kalera irtetea lantokietara edo etxeetan zerbitzatzera, horixe izaten zen baserriko seme-alaba askoren patua. 1963ko argazkiak datu aski argigarria eskaintzen digu: hemeretzi baserritarretatik, gehien-gehientsuenak, denak ez esateagatik, lantegiko beharginak ziren une hartan. Halaxe aitortu digu Etxetxikiko Juan Kruz Amantegik. “Bakarrenetakoa izango nintzen baserritar-baserritarra kuadrilla hartan; nolanahi ere, handik hilabete gutxira Leizarango paper-fabrikara jaitsi behar izan nuen, etxeko martxarekin karrera ezin aterarik”.  

Banco Vizcayak 1963ko San Isidro egunarekin batera argitaratu zuen txosten ekonomikoan, Francisco Mombiela Gipuzkoako Abeltzaintzako zuzendariak herrialdeko nekazaritzari buruzko analisia egin zuen. Gipuzkoako baserria, oro har, produktibitate eskaseko ekonomia zela adierazi zuen. Bi arrazoi aipatu zituen: abeltzaintzaren arraza aniztasuna, eta batez ere, behi-aziendaren %25a gaixo egotea baldintza higieneko kaskarragatik. 

 

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 582. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!