Andoain ez da hurrengo fasera igaro Herriartekoan

Aiurri 2021ko mai. 24a, 09:45

Andoaini hasieratik aurkari zaila suertatu zitzaion, baina maila ona erakutsi dute andoaindarrek lehen partidatik amaierara arte. Guztira, sei partida jokatu dituzte eta horietatik bi irabazi.

Larunbatean jokatu ziren itzulerako hiru partidak Tolosaren aurka. Hurrengo fasera igarotzea oso zaila zen arren, Andoaingo pilotariak gogo biziz kantxaratu ziren. Giro ona eta baikortasuna nabari zen taldekideen artean. 

Lehen partida Beroz-Gaztañaga bikote andoaindarrak irabazi zuen (22-4). Kolorerik gabeko partida izan zen, eta andoaindarrek maila bikaina erakutsi zuten partida osoan zehar. 

Bigarren partida bestelakoa izan zen, izan ere, aurkariek mendean hartu zituzten Eneko Beloki eta Iker Uria (10-22). Nabarmendu beharra dago, Beloki atzelari gisa jokatu zuela eta eskuak minduta zituela; eta Uriak aurrelari bezala jokatu zuen atzelari izanda. Bikoteak ahalegin handia egin zuen.

Hirugarren partidako garaipena ere Tolosarena izan zen (8-22). Norgehiagoka interesgarria izan zen, baina Egiguren aurkariak partida asko zaildu zuen, Artola eta Usandizaga mendean hartu arte. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!