Joan den ostiralean aurkeztu zituzten jaialdiaren inguruko gora beherak. Bertan izan ziren Txitxu Ruiz kultura zinegotzia, Iyuya kultur teknikaria, Juancar Garcia Bloody Mary promotorako ordezkaria, eta, Felix Buff (Rüdiger), Ager Isunza eta Ruben Garatea (Audience) eta Eneko Abrego (Inoren Ero Ni) musikariak.
Txitxu Ruiz zinegotziak adierazi zuenez, jaialdira datozen zaletu guztiek kontzertuez berme guztiekin gozatzeko aukera izan dezaten prestatu da Rock Jaialdia. Iaz osasun larrialdiak jaialdia ospatzea eragotzi bazuen ere, aurten berriro heldu diote apustuari “rock zaleentzat erreferentea delako eta herriari giroa ematen diolako”.
Bost kontzertu izango dira ekainaren 19an, eta bakoitzarentzat gonbidapenak eskuratu beharko dira. Hain zuzen, ekainaren 4tik aurrera, interneten (Kutxabankeko kutxazainetan) edo Bastero Kulturguneko leihatilan, 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.
Bost kontzertu
* 12:30. Ondarreta. Audience Gernikako taldeak Tolesdurak disko berria aurkeztuko du, bere bederatzigarrena. Freskotasun handiko pop-rock estiloa lantzen du.
* 15:30. Ondarreta. Rüdiger artistak (Felix Buff) Before it´s vanished estreinako diskoa aurkezteko, pop-etik folkera eta nazioarteko indi-era doan proposamen zabala.
* 17:45. Bastero. Angel Kaplan eta Bubblegum taldea. Kaplan musikari asturiarra Estatuko power-pop onenaren erreferentzia da.
* 19:00. Ondarreta. Inoren Ero Ni. Euskal post-rockaren kultuko taldea da andoaindarra, eta Il cercatore di perle disko berria aurkeztuko du.
* 20:45. Bastero. Belako. Mungiako taldea, iaz aurkeztu zuen Plastic Drama diskoa besapean duela etorriko da, post punk estilo indartsuarekin.
Argazki erakusketa
Azkenik, ekainaren 11tik uztailaren 3ra bitarte, J.A. Areta Goñi Juxe argazkilariak Andoaingo Rock Jaialdiaren historia eta espiritua irudiz kontatzen dituen argazki erakusketa jarriko du Basteroko erakusketa gelan.