TicketBAI, bai ala bai

Jon Ander Ubeda 2021ko mai. 27a, 10:59
Isabel Santa Cruz Aldama-Tapiako langilea. AIURRI

Tiket bidezko salmentan aldaketa handiak datoz. Nahitaez ezarri behar direnak, gainera. Europar Batasunetik datorren irizpidea da, eta Euskadin Foru Ogasunak aldaketa bideratzen ari dira. 2022an hasita derrigorrezkoa izango da.

Eskuko telefonoak eta ordenagailuak eguneratu egin behar izaten dira, tarteka. Eta, beharrezkoa denean, aplikazio eta sistema berriena eskaintzen duen aparailu osoa berritzen da. Logika bera hori aplikatu behar da fakturazioari eta tiket sistemari dagokionez, 2022rako aldaketa handia datorrelako. Iraultza izango da tiket bidezko saltzaileentzat. Eta, ogasun erakundeak tarteko egonik, sistema berri horren erabilera derrigorrezkoa izango da.

Aldaketa handiak datoz. Izan okindegia, taberna, azokan postua duen dendaria, fisio zentroa, garraiolaria edo liburu-saltzailea. Jarduera ekonomiko guzti-guztiei eragingo die sistema berriak. Ez da salbuespenik egingo, eta nahitaezkoa izango da.

Europar Batasunetik datorren agindua da, eta Gipuzkoan Foru Ogasuna eta Eusko Jaurlaritza dira egitasmo honen sustatzaileak. TicketBAI izena du egitasmoak, eta hilabete gutxiren bueltan denon ahotan izango da. Etorkizun hurbila, garaiotan, nahi baino lehen iristen da. Eta etorkizun hurbil horretarako prestatzeko lanean hasi beharra dago. Beranduegi izan gabe. Aldama-Tapiak saio presentziala antolatu du Bastero Kulturgunean, sistema berri honi buruzko xehetasunak eskaintzeko. Ostiral honetan izango da, arratsaldeko 15:00tan hasita. Deialdia irekia da, baina bertan parte hartzeko izena eman beharra dago. Ez da ohikoa horrelako hitzaldi bat antolatzea, baina Aldama-Tapiakoek behar-beharrezkoa ikusten dute. Oraindik orain bezero askok salerosketen fakturaziorako ezarriko den sistema berria urruti antzera ikusten dutelako. Isabel Santa Cruz Aldama-Tapiako gestoriako langilea da: “Aldaketa handia dator, eta horretarako prestatzen hasi behar dugu. 2022ko urtrrilean aholkularitza-enpresetan eta gestoriatan ezarriko da. Martxoaren 1ean profesionalen txanda izango da, eta maiatzaren 1ean merkatariena eta ostalariena. Urrian, bestalde, garraiolariak, higiezinen enpresak eta abenduan fabrikazioari loturikoak”.

Ukabi group enpresako ordezkariek ere parte hartuko dute Aldama-Tapiakoekin batera. Sistema berria martxan jartzeko softwarea garatu duen euskal enpresetakoa da, eta xehetasunak eskaintzera hurbilduko dira. Beharrezkoa ikusi dute hitzaldia antolatzea, negozioak betebehar berrian aktibatzeko. Isabel Santa Cruzek egungo sentsazioa zein den deskribatu du: “Oro har, norberarekin ez doan kontua dela dirudi. Jarrera hori antzematen da, baina 2022ko martxoa segituan iritsiko da. Eta bapatean negozio guztiek internet eta software egokitzapenak egin, sinadura elektronikoa ezarri eta TicketBAI sistema berria barneratu, erabili eta eguneroko zereginean txertatu beharko dute”.

Salmenta eragiketa guztien aitorpena egitea, horixe da egitasmo honen atzean dagoen xede nagusia. Eta asmo horren atzean helburua bikoitza da: Zergadunei betebeharrak errazteko baliabideak jartzea eta iruzur fiskala saihestea. Euskadiko Foru Ogasunek asmo hori eufemismorik gabe azaldu dute: “instituzioak beren laneko sistema eta prozedurak etengabe hobetu eta modernizatzeko prozesu batean murgildurik daude, zergadunei beren betebeharrak betetzea ahalik eta gehien errazte aldera eta, aldi berean, iruzur fiskalaren aurkako borrokan eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko”.

On-line bidezko aukerak biderkatu eta hobetu egin dira, urteotan. Europak aurrera egiteko erabaki irmoa hartu du, egungo egoera teknologikoak une honetan ezartzeko aukera ematen duelako. Argudioa behin eta berriro errepikatzen dute: “zergadunari erraztasunak ematea eta zerga arloko kontrola hobetzea”.

Eta nor da zergaduna? Kasu honetan, adibide askoren artean, azokan postua duen dendaria, tabernaria, fisioa edo liburu-saltzailea dira. Guzti-guztiek sistema berrian lan egiteko egokitzapenak egin beharko dituzte. Jarduera ekonomikorako tiket edo faktura sistema erabiltzen duen edonor, beraz. Zehatz-mehatz, Aldundiaren ahotan: “Proiektuak eragingo dio ekonomia-jarduerak garatzen dituzten eta PFEZ-IRPFan edo sozietateen gaineko zergan Euskadiko Foru Ogasunen araudiaren baitan dauden pertsona eta entitate guztiei”.

Nolakoa izango da tiket/faktura  berria?

Hasteko eta behin internet konexioa beharko da, eta segidan interneta eta fakturazioa bermatzeko aukera duen gailu elektronikoa (eskuko telefonoa, tableta, balantza aurreratua eta ordenagailua, aukera askoren artean). Honi lotuta, fakturaziorako softwarea edo programa egokia beharko da. Segidan, TicketBAI sistema berriarekin salerosketa lau urratsetan emango da:

Saltzaileak erosketa bakoitzeko fitxategi bat sortuko du, horretarako gaituta dagoen programa edo softwarea erabilita. Fitxategi bakoitza TicketBAI fitxategia izango da.

TicketBAI fitxategia elektronikoki sinatu beharko da. Egungo sinadura elektronikoaren aldaera berria da, baina behin konfiguratuta sistema eragileak sinadura hori automatikoki egingo du.

Bezeroarentzat eta administrazioarentzat baliagarria den faktura sortuko da, formatu fisikoan zein elektronikoan. Besteak beste, faktura horretan identifikatzaile bat eta QR kode bat agertuko dira. Salerosketaren arrastoa jarraitzeko baliagarria izango da, edozein produktuk duen barra-kodearen parekoa.

Faktura hori sortzean, zuzenean jasoko du Gipuzkoako Foru Ogasunak.

Ezarpen-egunetik aurrera igorritako faktura guztietan aplikatu beharko da sistema berria. Ez da modu atzeraeraginean aplikatuko. Berria den egitasmoekin gertatzen den bezala, probatzen hasi aurretik korapilatsua dirudi. Baina behin martxan dagoela, egitasmoa automatikoki egingo da. 2021ean zehar borondatezko epealdia zabalduta dago, eta 2022an hasita nahitaezkoa izango da. Jarduera ekonomikoetako profesional askok harremana dute gestoria eta kontu-hartzailetzan espezialitaturiko zerbitzuekin. Informazio egokiaren bila hasi beharko da, hilabeteotan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!