Artelanen erakusketa Txitibar tabernan

Jon Ander Ubeda 2021ko mai. 27a, 11:38

Xabier Aranburu herrikideak urak zizelkatutako egurrak ikusgai ipini ditu Andoaingo Zumea plazako Txitibat tabernan.

Duela urtebete edo izan zen. Txuki zakurra lagun hartuta, uretatik egur pieza bat atera eta eskuartean artelan bat zuela ikusi zuenean. Urak –eta denborak– zizelkatutako egur pieza bat zen. Geroztik, eta gertukoen laguntzarekin, Xabier Aranburu andoaindarrak hirurogei pieza atera ditu uretatik. Duela urtebeteko bisio hori erakusketa bilakatu da, eta aste honetan hasita naturak eskaini dizkion altxor horiek ikusgai ipini ditu Andoaingo Zumea plazako Txitibar tabernan.

Urak zizelkatutako egurra artelan bilakatzeko prozedura ezagutzeko, Txitibar tabernan bertan elkartu gara Aranbururekin: "Andoaindik Leitza bitarteko ibai, erreka, ubide eta bazterrak zeharkatu ditut. Ertzean edo ur azpian topatu ditudan egur zatiak dira. Gehien-gehienak akaziak, baina baita zumarra ere. Uretan murgildu naiz, sarri. Egur zati bat hartu eta irudi batekin lotu ohi dut. Kasu batzuetan, aurretik edo atzetik ikusita, egur pieza bakar batek zentzu ezberdinak har ditzake". Zentzu berezia izan ditzaketen horiek jaso eta artelan bilakatu ditu. Balea irudikatzen duen pieza bat du eskuartean, artikulua ilustratzeko argazkian. Baina baditu adarrak, eta mendi ezagunen siluetekin lotzen dituen egur piezak. "Artelan hauek mendiari loturiko sariak banatzeko oso aproposak dira". Hortxe izan dezake aterabidea, Xabier Aranburuk mimo handiz landutako artelana. Mendi lasterketak, irteerak eta naturari lotutako jarduerekin zerikusia duten sariketa eta omenaldietarako opari egokia izan daitezkeelako. Dekoraziorako baliagarriak dira ere, hoteletan zein jatetxeetan jartzeko. Urak zizelkatutako artelanak direlako. Horixe, Aranbururen lanaren balio erantsia.

Ur barrenetik tailerrera

Uretatik hartu eta berarekin eramaten ditu piezak. Presiopeko ura erabiliz, egurrari itsatsitako lohia eta zikina kentzen dio. Hainbat egunez lehortzen utzi, eta bernizarekin estaltzen ditu ondoren: "Dauden bezala ikus daitezke, erakusketan. Nik ezer gutxi egiten dut. Urak, denborak eta naturak egin dute ia lan osoa. Obra bakoitzaren azpialdea berdintzen dut, hori besterik ez, azpialdean marmolezko oinarria jartzeko. Artelan bihurtu aurretik, pieza bakoitza ikusten denbora ematen dut.Batzuetan tximistak botatako zuhaitz zatiak dira, eta horietako batzuk erredurak dituzte. Ibaira erori, eta urpean 30-40 urte egon dira. Uretan murgildu naiz eta benetako altxorrak topatu ditut. Pasio bereziz bildu ditut, eta konturatu orduko dozenaka batzuk bildu nituen".

Estrainekoz, jendaurrean ikusgai ipini ditu Aranburuk. Txitibarren ikusgai izango da erakusketa, eta nahi duenak bertan erosteko aukera izango du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!