Andoaingo zenbait kantarik eta musikarik osatzen duten Banda Errepublikanoak Donostian emanaldia eskainiko du, larunbat honetan. Orain 90 urte Ategorrieta auzoan guardia zibilak hil zituen zazpi langileen aldeko kultur egitarauan parte hartuko du Bandak.
1931ko maiatzaren 27an, itsas langileek antolatuta, 2.000 lagunez osatutako manifestazioa Pasaian bildu eta Donostiarantz abiatu zen. Ogia gure seme-alabentzat leloa zeramaten, eta askatasuna eskatzen zuten aurreko egunetan atxilotako lankideentzat. Haur, gazte eta helduek osatutako kale protesta Ategorrietako erlojuaren parera iritsi zenean, guardia zibilek tiroka eraso zioten. Zazpi lagun erahil zituzten bertan; Pasaian bizi ziren arrantzaleak ziren guztiak. Gertakizun haiek oroitzeko eta biktimei gorazarre egiteko antolatu dira ekitaldiak larunbat honetan, hain zuzen.
Ategorrietako ekitaldietan parte-hartzeko gonbidea jasota, berriro martxan jartzera animatu da Banda, osasun alarma egoera dela eta urte eta erdiz geldirik egon ostean.
Kantutegi antifrankista biziberritzeko eta plazaratzeko jaio zen Banda, eta asmo horri helduko dio Ategorrietan ere. 11:00etan, Letaman gaztetxean, Josetxo Otegik “Ategorrietako sarraskia” hitzaldia eskainiko du lehenbizi. Eta ondoren, Ategorrietara kalejira egingo dute Andoaingo Banda Errepublikanoarekin. 13:15etan, Ategorrietan bertan, omenaldia eskainiko zaie biktimei. Ondoren, Uliako seminariora joango dira. Arratsaldean kontzertuak iragarrita daude.