Erakusketak Andoaingo artistaren hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea jasotzen du, eta berrehun pieza baino gehiago biltzen ditu, artistaren sortze etapa ia guztietakoak. Francisco Javier San Martín komisarioak eta Amondarainek berak aukeratu dituzte hainbat serietako lanak. San Martinen hitzetan, artistaren lana zera da, "hiru hamarkadako begirada arretatsua munduari eta gizarte garaikideari, baina baita artearen barnealdeari, artista garaikideen lanari edo tradizio modernistari".
Kutxa fundazioak zabaldutako oharraren arabera, mimo handiz prestaturiko erakusketa da: "Artelanek Kubo Kutxa aretoko espazioa betetzen dute, haren jabe bihurtuta, bertan habitatuta; Amondarainek ongi pentsatuta aukeratu du piezen kokapena, erakusketa batek izan behar duenari buruz buruan darabilen ideiarekin bat datorren emaitza lortzeko. Eskulturen baso estrategikoki diseinatu batek hartutako espazioaren ideia, edo piezen multzokatzea".
Ibilbide oparoa
Hainbat aretoetan erakutsi du bere lana andoaindarrak: Rekalde Aretoa, Bilbo; Guggenheim Museoa, Bilbo; Museo Patio Herreriano, Valladolid; DA2, Domus Artium, Salamanca; CAAM, Las Palmas Kanaria Handikoa; Palais de Beaux-Arts, Brusela; La Casa Encendida, Madril; Koldo Mitxelena, Donostia; Museo Galdiano, Madril; Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa, Vitoria-Gasteiz. Nazioarteko azoka batean baino gehiagotan parte hartu du.