Adierazpenak egin ditu Udalak Santakrutz zubiaren inguruan egiten ari diren lanen gainean

Mikel Arberas 2021ko mai. 28a, 11:56

Andoaingo Olagain auzoan, OPUA eta Santakrutz zubiaren artean, saneamendua eta ibai-pasealekua hobetzeko lanak egiten ari dira. Bertan izan da Mari Jose Izagirre alkateordea azalpenak ematen. 

Olagain auzoko saneamendua hobetzeko eta Leizaran ibaira zuzenean egiten diren isurketak kentzeko, ur-hornidurako sarea berritzeko eta Kaleberria eta Santakutz zubien artean ibai-pasealeku bat egiteko lanak amaitzen ari dira. 273.000 euroko aurrekontua du proiektuak eta Construcciones Mariezcurrena enpresa ari da lana egikaritzen. Izagirreren esanetan, "obra oso aurreratuta dago, aste honetan bertan aglomeratua eta goiko hormigoia egin dira, eserlekuak jartzea eta baranda osatzea falta da". 

Proiektua, irisgarritasuna eta oztopoak

Izagirrek adierazi duenez, "eskailerek mugikortasuna guztiz bermatzen dute. Elkartu elkartearekin harremanetan egon gara eta obra euren irizpideei jarraituz egin dugu". Alkateordearen esanetan, eskailerek pertsona itsuen mugikortasuna bermatzen dute. Bestalde, arrapala faltak mugikortasun arazoak dituztenei zuzenki eragiten die eta mugikortasuna oztopatu. Izagirreren esanetan, "ez zen horren beharrezkoa ikusten malda bat egitea, izan ere, atzeko kaletik zubirantz aldapa eskuragarri dute. Gainera, eskailerak irisgarri egiteko aukerarik ez legoke proiektuan".

Espezie autoktonoen birlandatzea

Ibaiertzeko berezko espezieekin landareztatzeko lanak egingo direla nabarmendu du Izagirrek; horretarako, haltzadi kantauriarra eta sahats-landareak erabiltzea lehenetsiko da. Birlandatzearen helburua bertakoa den ibaiertzeko basoa berreskuratzea da; ez hori bakarrik, "higadura-prozesuak saihesteko, ibilguari itzala emateko eta bertan dauden fauna-espezieentzako babesguneak sortzeko" nahia azaldu du Udalak.

Galgo paper-fabrika zaharreko presa eraitsiko dute

Era berean, Lizarkola auzoan dagoen Papelera Leitzaran (Galgo) presaren eraispen osoa urte honetan bertan hasiko dela iragarri du URAk. Jarduketen helburua ibaiaren zati hori iragazkortzea da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!