86 herri-bide, 103 kilometro denera

Xabier Lasa 2021ko mai. 29a, 09:00

Andoaingo Udalbatzak landa eremuko herri bideen sarearen inbentarioari behin betiko onespena eman zion 2020ko maiatzaren 28an. Conchi Uriarte nekazal teknikaria da memoriaren egilea; Gipuzkoako beste hogei bat herrien memoriak egin izan ditu aurretik.

Ramon Varela Andoaingo udaleko Ingurumen teknikariak eta biek landa-eremuko herri-bide publikoen inbentarioari buruzko azalpenak eman dizkigute.

Zer ulertzen dugu herri bidea aipatuz gero?

Conchi Uriarte: Edonor pasa daitekeen bidea da herri bidea, printzipioz. Leku bat beste batekin lotzeko zentzua eduki du herri bideak, historian zehar; esate baterako, baserri edo lur-sail batetik bestera joateko. Herritarrek bide horiek beti erabili izan dituzte beren zereginetarako, baita elkarrekin ere komunikatzeko; badago tradizio bat horien atzetik. Horrela, herriaren ondarea da herri bide bat.

Ramon Varela: Conchik aipatu duen bezala, tradizioari daude lotuta herri bideak. Batez ere baserri giroan, zentzu utilitarioa eman zaie: garoa garraiatzeko, eliz-bide eta gorputz-bide gisa, errege-bide gisa… Erabileraren erabileraz, baserritarrek ondo identifikatu izan dituzte berarekin daukaten izaera publikoagatik.

Zer dela eta egin da herri-bideen inbentarioa, eta ondoren onartu udalbatzan?

R.V.: Udalak lehendik egina zeukan inbentarioa, baina tramitazio publikorik ez zen egin berarekin. Herritarrei ez zitzaien erakutsi, eta ondorioz, jendea guregana kexatuz hurbiltzen zen, “hau eta hori zergatik onartu duzue?” galdera luzatuz. Alde horretatik bazeukan zilegitasun falta, eta orain, legezko zilegitasunaz gain soziala ere irabazteko bidean jarri dugu. Gainera, garrantzi handiko tresna daukagu eskuartean etorkizunerako, herri bideen ondarearen arloan.

Memorian metodologia aipatzerakoan, dokumentazio idatziaz gain, ahozko testigantzak jaso direla zehaztu da.

C.U.: Landa-inguruetako bizilagunekin elkarrizketak egin ditut, bai, batez ere bide horiek ezagutu eta erabili ahal izan dituztelako. Baserriz baserri ibili naiz, eta normalki jendeak harrera ona egin dit, errespetuarekin. Argi uzten nien nik ez nuela Udalaren interesa defendatzen, nire zeregina modu inpartzial batean bideei buruzko ahalik eta iturri gehienak biltzea, horiek kontrastatzea, titularitateak akreditatzea, eta puzzle lana eginez, ondoriorik objetiboena ateratzea zela. Denetariko erantzunak jaso nituen, baina gehienek segituan ulertu zidaten zertan nenbilen; haiengana hurreratu izanagatik eskertzeaz gain laguntza handia eskaini zidaten.   

Herritarrek aurkeztu al zituzten alegazioak, memoriaren azalpen publikoa egin zenean?

R.V.: 13 alegazio aurkeztu ziren. Batzuen batzuk planoak, fakturak eta beste zenbait agiri aurkeztu zituzten; horiek aztertu ostean, batzuenak kontuan hartu ziren. Azkenean, 13etatik bik administrazioarekiko auzi-prozesuaren bidea hartu dute, Leizotz eta Sorabillako auzoetan kokatuta daudenak. Aspalditxotik enkistatuta dauden kasuak dira bienak, eta epaitegietan erabaki beharko dira.

C.U.: Azken urtetan beste herrietan edukitako eskarmentuak esaten dit %2a bilakatzen dela gatazkatsu, eta Andoainen kopuru hori bete da gutxi asko. Azken batean, ehundik gora kilometroetatik, liskartsuak bi kilometrora ez dira iristen.

Zein balorazio egiten duzue zerrendatu dituzuen herri bideen inguruan?

C.U.: Orohar, Andoainek herri bideen sare aberatsa daukala esan daiteke. 98 herri bide zehaztu dira, guztira 103 kilometroko sarea osatzen dutenak. Horietaz aparte, erabilera pribatuko bi herri bide daude, harrobi zaharrera eta Rezolako harrobira doazenak, eta, erabilpen publikoa duten jabari pribatuko beste bi, Sagastiondotik Ubillotsera doan bidea (Renfe da jabea), eta, Lekunategitik Xoxokara doana. Salbuespenak dira lau kasu horiek, eta bide-zortasuna (“servidumbre de paso” delakoa) aplikatzen da horietan.

R.V.:  Gainera, nabarmendu beharko genuke andoaindarrak pribilegiatu samarrak direla, kalean bizi direnak batez ere. Izan ere, tamaina politeko herria da Andoain; urbanistikoki herrigunea nahiko bilduta eta naturaz inguratuta dago, eta oinez ibiltzeko edozein herri bidetan barrena murgildu zaitezke etxetik abiatuta, autoaren beharrik gabe.

Herri bideak, herri ondarea?

R.V.: Inbentarioa aurrez aurre daukazula jabetzen zara benetan, zenbaterainoko altxorra daukan herriak. Eta ez hori bakarrik, gero landa-gunean zabiltzala eta leku edo paraje batetik bestera joan nahi duzunean, eta ezinbestekoak dituzunean bide horiek… Gure arbasoek erabilera jakin batekin lotu dituzte bide horiek historian zehar, eta egungo gizarteak bestelako erabilerak erantsi dizkie, kaletarren aisialdi eta mendiko paseoekin ari dira lotzen gero eta gehiago.

Pandemiak gure herrian dauzkagun bide eta naturguneak deskubritzea eta baloratzea eragin du.

C.U.: Azken 20 urtetik hona datorren fenomenoa da, eta gehitu egin da orain bizi dugun osasun krisiaren eraginez. Izugarrizko aldaketak gertatzen ari dira herri bideen erabileraren arloan. Lehen ez zegoen internetik ez GPSrik, ez zen mendi korrikalaririk ezta lasterketarik antolatzen, bizikletan jende gutxi animatzen zen… Egun, geroz eta kexa gehiago ari naiz entzuten baserritarren aldetik, orain arte bizi izan duten bakea galdu dutela-eta: bizikleta zaleak eta korrikalariak abailan, oinezkoak zakurrak aske dituztela… Gogoratzen naiz azken elurtea zela-eta, zein deigarria izan zen ENBA nekazarien sindikatuaren oharra egunkarietako lehen orrialdean, kaletarrei errespetua eskatuz.

Eta ez zaie arrazoirik falta. Izan ere, kaletarren artean badago uste duenik edozein bideetatik joateko eskubidea daukala GPSak markatzen diolako, edo besterik gabe, hala nahi duelako. Hortxe hasten dira liskarrak, egin behar baita kontu pribatua dela Gipuzkoako lur sail gehiena, eta bide asko ez direla publikoak.

R.V.: Aldaketa horien artean, erantsiko nuke azken urteetan zabaltzen ari den mentalitatea, baserri girora bizitzera joaten diren zenbait kaletarrek jabetzaz daukaten kontzeptuarekin lotzen dena, batez ere. Izan ere, badira bakea bilatu nahian baserria erosi, eta bere lur-saila itxituraz inguratzen dutenak eta ez dutenak aintzat hartzen landa-eremuetan oso sustraituta egon den herri bideen filosofia komunitarioa.

Baserritarren auzolanari esker kontserbatu izan dira makina bat herri bide…

R.V.: Arrazoia duzu. Ahozko kontakizunek ez ezik udal artxiboko zenbait agirik ziurtatzen digute auzotarrek udalarekin nola egiten zuten tratua, batzuk esku-lana eta besteek obrarako materiala eta hamaiketakoa jartzeko. Andoainen auzolan horren emaitzarik ikusgarrienetakoak, igual, Otietatik Idoiagara edo Goiburura doazen gurdi bideak, galtzada moduko bi bideak izan daitezke, baserritarrek garo bila joateko ezinbestekotzat baitzituzten.

Zoritxarrez, galbidean doa auzolanaren filosofia hori. Nagusitzen ari da txukunketa lanak Udalaren bizkar jartzeko joera. Hala ere, saiakerak sumatzen dira zenbait tokietan (Tolosa, Oiartzun…) berreskuratzeko usadio zahar hori. Tolosan, esate baterako, ordenantza jarri dute indarrean auzo bakoitzean auzokideak hainbat zereginez ardura daitezen.

Gomendagarria ikusten duzue herritarrek inbentarioaren berri zuzena eduki dezaten? Informazioa nahi duenak, nora jo behar du?

R.V.: Gomendagarria da, noski, bere ezagutza. Udaletxera ingurumeneko sailera jo dezakete, informazio zehatzaren bat nahi izanez gero edo eta memoria nahi badute. Nolanahi ere, herri bideak banan-bana zehazten dituen planoa paperan eta edozein formatutan nahi duenak, Urrats inprimategian lor dezake.

Ramon, inbentarioa etorkizunerako tresna baliagarria dela aipatu duzu lehen.

R.V.: Egia da Udalari aukera ugari ireki zaizkiola etorkizunerako, herri bideen mapa zehaztearekin. Hasteko eta behin, bide horien erabilerarekin lotutako ordenantza (oinezkoen jokabide zuzena, motordunen tona-kopuruaren mugatzea…) egin ahal izango dugu. Bestalde, badira beste zenbait ekimen ate joka datozkigunak. Besteak beste, mugarrien katalogoa egitea banan-banan koordenadak finkatuz; ezinbestekoa izango da herri mugakideekin hitzegitea horretarako. Baita ere, memoriak egoera kaskarrean daudela aipatzen dituen bideak txukuntzea, herri bideen inguruko ibilbideak markatzea…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!