"Etxebizitzak alokatzeko eskaera handia dago, baina aukera eskasa da"

Andoni Urbistondo 2021ko eka. 5a, 09:38
Higiezinen sektorea bizi-bizi dago, eta pandemiak ez du gerarazi.

Ana Iriondo Leizaran alokairu eta etxe salmenten bulegoko kidea duela 18 urte hasi zen higiezinen sektorean lanean. Cesar Ramos-ekin elkarlanean, etxeen salmenta eta alokairua da euren eguneroko ogia.

Etxebizitzen salmenta eta alokairuaren azterketa orokor bat egin nahi dugu. Zein da zuen zeregin nagusia Andoaingo Kale Nagusiko bulegotik bideratzen duzuena?

Alokairuak eta salmentak bideratzen ditugu, eta jarduera horri lotuta kudeaketa lan handia dago. Bigarren eskuko etxebizitzak eskaintzen ditugu, gehienak Andoaingoak dira. Ondoko herrietan ere aritzen gara, besteak beste Amasa-Villabonan, Tolosan, Lasarte-Orian, Urnietan edota Donostian. Lan egiteko modua aldatuz doa, eta modu telematikoa gailentzen ari da. Azken aldian kudeaketa lan handia posta elektronikoz edo telefonoz egiten dugu, eta baita internet bitartez ere. Garaiotan, jendea kalera ateratzen denean ez da bulego batean hain erraz sartzen. Eta internet garaian Fotocasa, Idealista eta antzeko webguneetan ez bazaude, ez zara existitzen.

Zein da lan egiteko ohiko prozedura?

Prozesua hauxe da: bezero bat etortzen da, bere etxeko giltzak ematen dizkit, zer lortu nahi duen esaten digu, saldu edo alokatu nahi duen zehaztu..., baldintza jakin batzuk jartzen dira. Guk etxebizitza horren balorazioa egiten dugu, egina ez badauka. Batzuk balorazioa egina dutela etortzen dira. Guk, halere, gure balorazio propioa egiten dugu. Kasu guztirtan. Salneurria gero saltzaileak jarrriko du, baina guk balorazioa egin ohi dugu. Normalean bezeroak errespetatzen du gure aholkua, baina batzuk ez. 

Salneurri bat adosten dugu: hilabeteko ordaina, fidantza, eta gure webgunearen bitartez etxebizitzen salmentara edo alokairura bideratutako webgune ezagun horietan erakusten ditugu. Bezeroren batek interesa erakutsiko balu, gestio osoa egiten dugu: salmentaren bat bada, etxea ikusteko bisitaldia, dokumentazio guztia lantzea, lan hitzarmena sinatzea, notaritzara joatea, suministro titular aldaketak eta udaletxeari lotutako aldaketa lanak… Alokairua bada ere antzera jokatzen dugu, baina errentapeko negozioak baditu bere Òabardurak. Demagun zorrotzagoak garela alokatzerakoan, saltzerakoan baino. Bezeroak bermerik ematen duen aztertzen dugu, ematen ez badu arazo asko sortzen baitira. Ezezko dezente ematen ditugu, eta alokairuen kasuan, etxe asko publizitaterik egin gabe alokatzen saiatzen gara, demanda ikaragarria delako. Saiatzen zara zure kontaktuen bitartez bezeroaren inguruko informazioa lortzen, nor den jakitea, fidatzeko moduan dagoen jakitea edo ez. Zalantzaren aurrean ez dugu alokatzen, bitartekariak garelako, eta guregana etorri den bezeroak gure aldetik bermea nahi duelako. Bistan da alokairuan etxebizitza jartzen duenak hileroko diru saria, eta maizterrak arazorik ez sortzea, nahi izaten du. Eta oso lohikoa da hori. Norbaitek bere etxea zure eskuetan uztea nahiko erantzukizun bada. Beraz, bezero horri ahalik eta zerbitzu onena emateen ahalegintzen gara. Nik nire lana atsegin dut, baina lanaren atal batzuk ez dira atseginenak.

Ana Iriondo, Leizaran alokairu eta salmenta bulegoan

Egoera zailekin topatu zarela, alegia.

Bai, eta egoera zailei aurre egin behar zaio. Ezetz esan beharra, eta sarri, benetako arrazoia aitortzeko komeriak izaten dira. Gurean badugu egoera berezi bat: etxea alokatu nahi duenari kosta egiten zaio atzerritarrei etxebizitza alokatzea. Ez dute nahi izaten, eta geroz eta gutxiago bada ere, badago jokamolde errepikakor bat. Orduan, nola adierazi hori etxebizitza alokatu nahi duen bezeroari? Ez da lan erraza. Eta jabearen eta bezeroaren artean, azkenean, aurpegia ematen duguna gu gara. Ez da samurra, une zailak dira. 

Atzerritar askok, ordea, alokairuan bizitzea beste aukerarik ez dute.

Atzerritar askorekin hitzartzen ditugu alokairu-hitzarmenak, baina badira ezezkoa eman behar ditugun kasuak, bezeroak horrela eskatuta. Eta zaila da. Alokairu bila datozen ia guztiak formalak dira, hitza eman eta betetzen duten horietakoak dira. Baina aurriritziak ditugu, bereziki  jatorri jakineko pertsonekiko. Baina haiek ere lanera etorri dira, bizitza aurrera ateratzera. Nik ez dut partekatzen irizpide hori, baina bezeroak agintzen du. 

Gai honen bueltan psikologo jardunean aritzea dagokigu. Jarrera hori urteekin murrizten ari da, dena esatera. Hamar urte atzera askoz handiagoa zen kanpokoei ez alokatzeko joera hori. 

Zein da normalean zuengana hurbiltzen denaren profila?

Alokatu nahi dutenen profila oso zehaztua dago: Atzerritarra; edo bikote gazteak; banandutako bikoteak, etxebizitza erosi ezin dutenak gutxienez %20a aurreztua eduki behar duelako.

Eta zer da nagusitzen dena? Salmenta ala alokairua?

Negozioaren bolumen osoari erreparatuta, %70a salmenta da, eta %30 inguru alokairua. Negozioaren ikuspuntutik askoz hobea da guretzat salmenta bat egitea, salerosketan diru kopuru handiagoak mugitzen direlako. Eta behin salmenta eginda, gure bitartekaritza lana egiteagatik komisioa jaso eta kitto harremana. 

Alokairuen kasuan etxebizitzaren jabea eta alokatzen duenaren arteko jarraipena guk geuk egiten dugu. Kontratua bost urtekoa bada, bost urtera luzatzen da gure lanaldia. Eta alokairuetan gorabeherak sarri gertatzen dira. Adibide askoren artean faktura bat nork ordaindu behar duen, galdararen errebisio bat nork ordaindu behar duen. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 584. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!