Ponpeyako okinek egiten zuten ogia ekoiztuko du Arrutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2021ko eka. 5a, 09:47

Aspaldian egiten zen ogia salgai jarriko du Arruti gozotegiak.

"Pannis Quadratus" ogi berritua Arrutin salgai izango da, ekainaren 11tik 13ra. Eskaera enkarguz egin beharko da.

Joxe Arruti gozogilearen ospea handituz doa, eskualdetik kanpo. Euskadi irratiak bota zion erronka onartu eta, Gasteizko Artepan okindegiarekin batera, ponpeyako okinek ekoizten zuten ogia egin zuen. 2.000 urte atzera egindako ogiaren errezeta dastatu ahal izan dute andoaindar batzuk, eta bezeroak gose geratu dira. Eskaerak ikusita, ekainaren 11tik 13ra "Pannis Quadratus" ogia erosteko aukera izango da Arrutin. Hori bai, enkarguz egingo dute. Beraz, interesa duenak 943 593 777 telefono zenbakira deitu behar du. Edo Arrutitik bertatik igaro.

Irratian bikain definitu zuten ogi berritua dastatzearen esperientzia: "Oso zapore berezia du. Mitxoleta haziek, perrixalerenek eta, batez ere, mihilu haziek egiten dute 'pannis quadratus'aren zaporea berezi. Anis ukitua balu bezala uzten du zapore arrastoa ahoan. Ogi sendoa da, osoa, eta itxura ederrekoa. Ponpeyako okinek egin zuten bezala,  lau ebaki diametral eginda, zortzi triangelutan banatua".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!