"Gaika bereizten ikasten ari da jendea"

Xabier Lasa 2021ko eka. 7a, 07:49

Joxe Agustin Carrera Andoaingo Garbiguneko arduraduna da. Egurra, altzariak, plastiko gogorra, elektrotresnak... Andoaingo profesionalentzat nahiz norbanakoentzat, eta Urnietako norbanakoentzat zerbitzua eskaintzen du Mankomunitateak.

2013ko urrian, Tolosaldeko Mankomunitateak etxeko hondakinak gaika biltzeko eta egoki kudeatzeko Garbigunea jarri zuen martxan. Andoain eta Urnieta arteko mugan dago, Aranaztegi hiribidean. Geroztik, herritarrek birziklatu daitezkeen materialak eraman ditzakete bertara.

Zu hasieratik al zaude?

Bai, hasieratik. Aurretik Tolosako Garbigunean aritu nintzen, ia bost urtez.

Zenbat langile zarete bertan?

Tolosaldeko Mankomunitatean lau langile gara: idazkaria, teknikari-gerentea, administratzailea eta lauok. Esan behar da, horiez gain, Segihiruko enpresarekin hitzarmena egina daukala Mankomunitateak, eta horren arabera, enpresa horretako langileak Garbiguneko lanak burutzen dituzte. Izan ere, Mankomunitateak bi Garbigune kudeatzen ditu: Tolosako San Blas eta Andoaingo hauxe.

Gustuko lanean aritzen al zara?

Bai, baina era berean esan behar dut lana, lana dela, eta leku eta ogibide guztietan bezala, izaten dira egun hobeak eta txarragoak…

Zeintzuk dira zure eginkizun nagusiak Aranaztegiko Garbigunean?

Eginkizun garrantzizkoena, hona etortzen den jendeari harrera egitea, dakartzaten hondakinak nora eta nola bota jakinaraztea. Hortaz gain, bulegoko lanak burutu behar ditut, instalazioko garbitasuna mantendu, eta mantenu lan txikiak egin.

Aspertzeko betarik ez dugu edukitzen hemen.

Andoaingo Garbigunea eskualdean erreferentziazko tokia bihurtu dela esango daiteke?

Gaur egun, Garbiguneak behar beharrezko instalakuntzak dira; horixe ondorioztatzen da, behintzat, egunero hona hurbiltzen den jende kopurua ikusita. Eskerrik horri!

Andoaingo instalazioa Tolosako Mankomunitatea osatzen duten 28 herrietako herritarrentzat zerbitzua eskaintzeko ireki zen. Eskualde edo mankomunitate bakoitzak bere Garbigunea dauka. Adibidez, Hernaniko batek ezin ditu Andoaingo Garbigunera hondakinak ekarri, berari dagokion tokira eraman behar ditu. Nolanahi ere, Urnietako partikularrek ere erabili dezakete zerbitzu hauxe, gertutasun geografikoa zela eta Tolosaldeko Mankomunitateak eta Urnietako Udalak bere garaian sinatu zuten hitzarmenari esker.

Zer jende mota etortzen da zuengana?

Bi multzotan bana daiteke: partikularrak eta gremio profesionaletako jendea (igeltseroak, arotzak, iturkinak, etab.). Garbigunea bereziki partikularrentzat dago zuzenduta, nahiz eta gremioetakoak onartu. Talde bakoitzak bere arauak dauzka. Esate baterako, partikular batek, astean gehienez 750 kg. hondakin ekar ditzake. Gremioetako langileek ordea, ezin dute kopuru hori ekarri; beraientzat propio irekitako gunera jo behar dute, eta bertan zer edo zer ordaindu. Momentuz, Garbiguneko zerbitzua doakoa da.

Herritarrek Garbiguneari ematen dioten erabilerari buruz, zer esan dezakezu?

Jendea ari da ikasten, erabileraren erabileraz, nahiz eta zenbaiti gehiago kosta. Onartu behar dut guk jendeari hondakinak bereizten laguntzen diogula. Zenbaitetan "poliziaren" egitea egokitzen zaigu, baina jeneralki, gehiengoak txukun egiten ditu gauzak. Nabarmentzen hasiz gero, esango nuke emakumeek gizonezkoek baino sentsibilitate handiagoa erakusten dutela hondakinak bereiztearen kontu honetan.

Goraka al doa uzten dien hondakinen portzentaia?

Orain, ditxosozko pandemia honekin gauzak piska bat trakestu egin dira, baina oro har, gorako joera mantentzen da.

Urtean, zenbatek erabiltzen dute zerbitzua?

Egunero, batez beste, ehun pertsona sartzen dira Garbigunera.

Eta hondakin kopurua?

Ez nuke nahi zifrekin inor zorabiatu nahi. Egurra da gehien pilatzen dena, 90-100 mila kilo hilero. Guk, altzariak, hau da, sofak, koltxoiak eta antzekoak deitzen ditugunak, asko ateratzen dira, nahiz kilotan ez hainbeste suposatu; astero, lau edo bost edukiontzi. Plastiko gogorra esaten dioguna ere maiz betetzen den edukiontzia da. Inausketak (hostoak, belarra, zuhaitza adarrak…) urtean 250.000 kilo inguru. Tresna elektrikoak ondoren, 200 milatik gora. Hondakin guztiak kontuan edukita, 2020an 2.800.000 kilotik gora hondakin jaso ziren. Bada zerbait!

Bildutako guztitik, gero zenbat birziklatzen den jakin al liteke?

2020an, erabiltzaileek egindako hondakinen sailkapenean, %79,9 zabortegitik desbideratzea lortu zen. Hondakin batzuk birziklapen altua dute; egurra, txatarra, inausketa, beira, kartoia, elektratresnak…, horiek %100a. Baina beste batzuekin ezin dugu gauza berbera esan. Plastikoen kasuan, adibidez, egin dira saiakerak, baina oraindik ez dago birziklapena modu eraginkorrean egingo duen benetako industriarik.

Zerbitzu hobetze aldera, zer gomendatuko zenieke erabiltzaileei?

Pare bat eskaera, bai. Lehenbizikoa, kalean jarritako edukiontzien bitartez jasotzen diren hondakinak solik, Garbigunera ekartzea. Eta bigarrena, hondakinak, ahal dela, sailkatuta ekartzea, lanak errazteko. Hemengo ordutegia gogoratu nahiko nuke, jende asko nahastu egiten baita. Goizean, 09:00etatik 12:30era, eta arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara. Larunbatetan, 09:00etatik 13:30era. Azkenik, esan, aldizkari honek eskaintzen didan aukera probestuz, urte hauetan, norbaitek nik esan edo egindako zerbaitekin minduta sentitu bada, barka nazala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!