1.500 kontsumo-bonu, Andoaingo merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko

Xabier Lasa 2021ko eka. 4a, 14:26

Andoaingo Udalak 75.000 euroko balioa duten 1.500 kontsumo-bonu kaleratuko ditu datozen egunetan, herriko merkataritzari eta ostalaritzari bultzada emateko asmoz. 50 euro balioko du bakoitzak, eta 25 eurotan erosi ahal izango dira, Salkin elkarteak Agustin Leitza 11 kalean daukan egoitzan.

Kontsumo bonuak ekainaren 7tik 11ra bitartean edo izakinak agortu arte erosi ahal izango dira, eta ekainaren 30a bitarte erabili ahal izango dira. 10:00etatik 13:00etara izango da goizez, eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez. Gehienez ere, aurkezten den NAN bakoitzeko bonu bat salduko da. Erosketa kreditu-txartelarekin ordaindu beharko da, ez da eskudirurik onartuko. Ordutegia, 10:00etatik 13:00etara izango da goizez, eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez.

Salkin elkartearekin egindako hitzarmenari esker, 2021ean zehar beste bi kanpaina jarriko ditu martxan Udalak, irailean eta abenduan hain zuzen.

Kanpainari atxikitu diren edozein saltokietan kontsumitu ahal izango dira bonuak; euren erakusleihoetan jarriko dituzten bereizgarriekin identifikatuko dira denda horiek.

 

Herriko merkatari eta ostalarientzat bultzada

Maider Lainez Andoaingo alkateak, Mari Jose Izagirre Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria zinegotziak eta Maite Ramos Salkin elkarteko presidenteak aurkeztu dute kanpaina, udaletxeko arkupetan egindako aurkezpenean. Petri Romero, Alex Huitzi eta Pepe Iparragirre udal ordezkari politikoek ere bertan izan dira.

Izagirrek azaldu duenez, "gure merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat hain beharrezkoa den pizgarri bat eskaintzea da kanpaina honen helburua, gure laguntza osoa merezi baitute kalitatearen, konfiantzaren eta Andoainekiko konpromisoaren alde egiten duten lanarengatik".

Gaineratu duenez, ekainean kaleratuko diren 1.500 bonuen zuzeneko kontsumoaren bidez 75.000 euroko gastua aktibatuko da. Kanpainak "tokiko kontsumoa, hurbileko merkataritza eta gure dendek eta zerbitzuek ematen diguten guztiaren balioa” nabarmenduko duela adierazi du.

Salkin Andoaingo merkatari eta ostalarien elkartearen laguntza eta kolaborazioa eskertu du Mari Jose Izagirrek, eta sektore horretako pertsona guztiak jasaten ari diren zailtasunak gogoan hartu ostean, haien aldeko hitzak luzatu ditu, “eurak dira kalitatezko, konfiantzazko eta Andoainekin konprometitutako kontsumoaren bermerik onena".

Lainezek pandemiak jotako urtea izan du hizpide, “oso gogorra izan da, eta ekintza honekin, Udalak bultzatutako beste batzuekin batera, 2021a suspertze sozioekonomikoaren eta Andoainen bultzadaren urtea izatea bilatzen dugu. Eta hori egiteko modurik onena herritarrekin batera egitea da, lehen ekimen honekin 75.000 euro Andoainen gera daitezen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!