Segurtasun-kamerak kentzea eskatzeko sinadura bilketa martxan

Aiurri 2021ko eka. 5a, 10:30

Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistako kideek sinadura bilketa bat hasi dute "kontrol sozialerako" erabiltzen diren segurtasun-kamerak kentzea eskatzeko.

Honako idatziaren bitartez kontrol sozialaren gorakada salatu nahi izan dute:

Idatzi honen bitartez, Andoainen eman den kontrol sozialaren gorakada eta bereziki herriko sarrera zein irteeretan bideozaintza kamerak jarri izana salatu nahi dugu.

Kezkagarria deritzogu grabatua izan gabe herritik ezin atera edo sartu ahal izatea, gure oinarrizko eskubideen aurkako urraketa bat suposatzen duelarik gainera. Era berean, herrigunean bertan aurkitzen diren jabetza publiko zein pribatuko bideokamerek egoera hau larriagotu besterik ez dute egiten. Are gehiago horietako askok bideozaintza kamerak erregulatzen dituen araudia bera ere errespetatzen ez dutenean: espazio publikoa grabatzen duten kamera pribatuak edota seinaleztapen egokirik ez dutenak, adibidez.

Horregatik, eskatzen dugu maiatzeko lehen astean jarritako bideozaintza kamarak berehala kentzea eta legez kanpo dauden kamera publiko zein pribatuak zuzentzea, pixkanaka Andoain bideozaintza kameraz libre geratu arte.

Izena emateko aukera egongo da, gaur (ekainak 5) Zumea Plazan, 12:30etik aurrea. 

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!