Droga trafikoari lotutako atxiloketa, Andoainen

Aiurri 2021ko eka. 7a, 10:56

© Irekia, artxiboko irudia

Ostiral arratsaldean gertatu zen atxiloketa, eta Ertzaintzak ohar bidez zabaldu duenaren arabera, kokaina eta hatxisa zeraman. Baita 350 euro ere. Atxilotua 21 urtekoa da, eta lehen ikerketen arabera, bera litzateke ustezko droga trafikatzailea.

Ertzaintzak ohar bidez eman du albistea. Xehetasunak, hauexek: “Andoaingo taberna batean, egunean zehar, pertsona susmagarriak sartzen ziren taberna horretan, eta handik gutxira irteten ziren, kontsumiziorik hartu gabe. Horrek pentsarazten zuen lokala drogaren bat saltzeko erabiltzen ari zirela. Zaintza diskretu baten ondoren, ikerketaren arduradunek egiaztatu ahal izan zuten sarrera eta irteera horiek egun bakoitzean gertatzen zirela, eta horrek susmoak berresten zituen. Hala, joan den ostiral arratsaldean, Ertzaintzak sarrera bat egin zuen aipatutako tabernan, eta miatu egin zuen, han legez kanpoko salmenta horren ebidentziak aurkitzeko”.
Ertzaintzak miaketa lanari ekin zion, eta segidan atxilotuta eraman zuten 21 urteko gaztea. Droga trafikoa leporatuta eraman zuten komisaldegira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!