EkonoVID

Ekaineko eskaintza berezia, kontsumo-bonoa

Aiurri 2021ko eka. 10a, 07:57

Andoaindarrak arin ibili dira, eta lehen egunetan Salkin elkarteko egoitza dagoen Agustin Leitza kalean ilarak sortu dira. 25 euro ordaindu eta 50 euro gastatzeko aukera eskaintzen du kontsumo-bonoak. 

Erosketa-bonoen ekimen berria martxan da, eta dagoeneko amaitu dela esan daiteke. Egun gutxiren bueltan agortu baitira bono guztiak.

Andoaingo Udala 75.000 euroko gastua aktibatuko delakoan dago, 1.500 bonuen bitartez zuzeneko kontsumoa ahalbidetuko baita. Bonoa erosten duenak 25 euroko gastua egingo du, eta bono horrekin erosketa ahalmena 50 euroraino igoko da. Aukera ona, beraz, eroslearentzat.

Maider Lainez Andoaingo alkatea, Mari Jose Izagirre Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria zinegotzia eta Maite Ramos Salkin elkarteko presidentea izen ziren kanpaina berriaren aurkezpen ekitaldian. Haiekin batera, Petri Romero (PSE-EE), Alex Huitzi (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin Podemos) ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak ere bertan izan ziren.

Izagirrek azaldu duenez, "gure merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat hain beharrezkoa den pizgarri bat eskaintzea da kanpaina honen helburua, gure laguntza osoa merezi baitute kalitatearen, konfiantzaren eta Andoainekiko konpromisoaren alde egiten duten lanarengatik".

EH Bilduk ere bat egin du kanpainarekin. Bideo bidez, Jon Zulueta bozeramaileak parte hartzeko deia egin zuen: "Andoaindar guztiak animatu nahi ditugu herriko merkataritza babestea helburu duen sustapen kanpaina honekin".

Bonoak Salkin elkartean eskura egon dira

Kontsumo bonoak ekainaren 11ra bitarte erosi ahal izan dira, Salkin elkarteak Agustin Leitza kaleko 11n daukan egoitzan. Udalak 75.000 euroko balioa duten 1.500 kontsumo-bono kaleratu ditu, herriko merkataritzari eta ostalaritzari bultzada emateko asmoz. Bonoak ekainaren 30a bitarte kontsumitu ahal izango dira.

Herritar bat, bono bat

Gehienez ere, aurkezten den NAN bakoitzeko bono bat saldu da. Kanpainari atxikitu diren edozein saltokietan kontsumitu ahal izango dira bonoak; euren erakusleihoetan jarriko dituzten bereizgarriekin identifikatuko dira denda horiek.

Agerraldian adierazitakoaren arabera, irailean eta abenduan beste bi kanpaina abiatuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!