Euskalduna Mendigoizale Elkartearen urteko batzarra, larunbat honetan

Aiurri 2021ko eka. 10a, 12:46

Zuzendaritzak agertzeko deia egin du, elkartearen etorkizuna aztertuko baita bertan.

Euskalduna Mendigoizale Elkarteko kideen urteko batzarra Aita Larramendi Ikastolako pilotalekuan egingo da, larunbatean, 09:45etan hasita. Zuzendaritzak bazkideei dei berezia egin die batzarrera azal daitezen, elkartearen etorkizuna aztertuko baita bertan.

Hona zeintzuk izango diren aztergaiak: 2020ko balantze ekonomikoa, 2021erako aurrekontua, 2020an egindako jardueren balantzea, 2021erako jarduera programa, hauteskunde batzarrerako kideak hautatzea, eta, elkartearen etorkizuna.

Zuzendaritza berritzeko deialdia

2017ko azaroan, orain dagoen zuzendaritza batzordeak elkarteko ardurak hartu zituen; 2019an hautagairik aurkeztu ez zenez, segitzea erabaki zuen. Pandemia heldu zen ondoren, eta elkartearen jarduerak eten behar izan zituzten. Azken hilabeteetan, Guillermo Alcala, Nerea Bueno eta Fernando Otamendi zuzendaritza batzordeko kideek elkartearen gutxieneko kudeaketari heldu diote. Nolanahi ere, hirukoteak 2021eko azaroan elkarteko erantzukizunak bertan behera utziko dituela iragarri du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!