Robotika, pornografia eta twich plataforma jorratzen dituzten lanak, Erreportari Gaztea Sarian nabarmenduak

Xabier Lasa 2021ko eka. 11a, 14:26

Gazteak euskarazko kazetaritzarako zaletasuna sustatzea helburu duen Erreportari Gazte Sariaren XXIII. edizioko sari ematea ospatu dute eguardian Gazte Lokalean. 60 gazte eta 25 lan aurkeztu dira 15-18 urte bitarteko gazteei begira Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen komunikazio sari honetan. Robotika industriala, pornografiaren inguruko heziketa eta twich plataforma jorratzen dituzten erreportariak saritu dituzte aurtengo edizioan. Kronika, argazkiak eta bideoak, klik batera:

Erreportai sarituak, sariak, egileak eta epaimahaikideek (Jone Larrañaga, Enekoitz Telleria eta Joni Ubeda) nabarmentzeko azaldutako arrazoiak, honatx:

 

* 3. saria: “Robotika industriala: onura ala mehatxu?”. 180 euro eta diploma.

Egileak: Markel Rabadan eta Eñaut Landa (Aita Larramendi Ikastolako ikasleak).

Saritzeko arrazoiak: “Lehen lerroko gaia jorratu dute. oso interesgarria eta ondo azaldua dagoen erreportaia da. Lan honetan, hainbat hausnarketara iristen da eta bertan jasotako mezua heltzen da”. Epaimahaikideek gehitu dutenez, pena da erreportaia gehiago osatu ez izana.

 

*2. saria: “Pornografia nerabeen sexu-hezitzaile bakarra”. 180 euro eta diploma.

Egileak: Unai Santano eta Lander Duran (Leizaran institutuko ikasleak).

Saritzeko arrazoiak: “Interes handikoa duen gaia jorratu dute, behar den bezala landuta. Oso ondo aurkeztuta dago zertara doazen. Gutxitan ikusi den hain sarrera ona daukan erreportaia da. Elkarrizketaren formatua bitxia da eta ahalgina egin dutela ikus daiteke. Mezuak helburua lortu du. Bai hasieran bai bukaeran egiten den hausnarketa edo eskaera kontuan izatekoa da”.  

 

* 1. saria: “Twich. Zuzeneko emankizunen etorkizuna?”. 360 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Egileak: Gorka Amatria eta Aitor Pulpon (La Salle-Berrozpeko ikasleak).

Saritzeko arrazoiak: “Hezitzailea bada ere, lanketa handia egindako lana da. Helburu jakin batekin idatzi dute: pedagogiko eta dibulgatiboa. Gazteen intereseko gai bat da, eurek kontrolatzen dutena, baina kontrolatzen ez duenari ere gakoak ematen dizkiona. Gurasoei erakusteko modukoa. Errealitate orokor bat aldatzera datorren mundu baten berri ematen du lan honek. Horrez gain, diseinu txukuna du, hiztegia eta atal banaketa landuta, gako oso onak ditu eta xehetasunak zaindu dituen lana da. Nabarmentzekoa da elkarrizketaren indarra, QR kode baten bidez egindako bigarren elkarrizketa luzea eta landutakoa”.

Gazteek aurkeztutako lanetan agertzen den gaien ugaritasuna ere azpimarratzekoa dela esan dute antolatzaileek zein epaimahakideek. Besteak beste, kontsumoa gaztetan, gaztea eta osasuna, exorzismoa, memoria historikoa (36ko gerra edo Algodonera fabrika)…

Andoaingo bi kazetariek egindako solasaldiak eman dio amaiera sariak banatzearen ekitaldiari. Gazte Lokalean. Hain zuzen, Aiurri aldizkariko zuzendari Joni Ubedak Berria egunkariko Ainara Arratibel elkarrizketa du, honek Tokioko hirian jokatzekoak diren Olinpiar Jokoetan berri emaile gisa jardun behar duela-eta.   

Sarituen lanak ikusgai daude Erreportari Gaztea Saria blogean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!