Emakumeek euskal dantzetan hartu izan duten lekua aztergai, Araolazaren eskutik

Aiurri 2021ko eka. 15a, 15:10

Emakumeek euskal dantzetan historian zehar hartu izan duten lekua aztergai izango du Oier Araolaza (Elgoibar, 1972) euskal dantzari eta ikertzaileak Basteron, gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera. Araolaza dantzan.com elkartearen sortzaileetakoa izateaz gain dantzan.eus webgunearen editorea da, euskal dantzen gainean gaur egun sarean dagoen informazio iturririk oparoena alegia. Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan izeneko liburu mardula argitaratu zuen iaz.

Aipatutako web orrian, gaurko hitzaldiaren nondik norakoa irakur daiteke:

“Mutilen dantzak batetik eta nesken dantzak bestetik. Horrela bereizita jaso ditugu euskal dantza gehienak. Baina noiztik bereizten dira dantzan nesken eta mutilen dantza bezala? Nola eragin dio banaketa horrek emakumeen dantza egiteko aukerari? Emakumeek aurreskua dantzatzen bazuten garai batean nola gertatu da gizonen dantza bezala transmititzea?

Luzaroan itxita ezagutu dituzten ateak irekitzen joan dira emakumeak azken hamarkadetan. Dantzariak gizon ala emakume diren begiratu gabe, bereizketarik gabe dantzatzeko nahiak bidea egin du eta milurtekoaren hirugarren hamarkadaren atarian han-hemenka errotzen hasi dira genero markarik gabeko dantzariek osatutako taldeak. Nolanahi ere zalantzaz betetako bidea izan da eta izaten ari da oraindik ere. Baina nondik datoz zalantza eta zailtasun horiek guztiak elikatzen dituzten aurreiritziak? Galdera horiei erantzuna eman nahian gure artean izango dugu Oier Araolaza dantzaria eta ikertzailea”.

Argazkian, Oier Araolaza (eskuinetik hasita, lehenbizikoa) Andoaingo Urki dantza taldeko kideekin ageri da, 2009ko Santa Krutzetan Ezpata dantza dantzatzera gonbidatu zutenean.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!