"Urtez urte handitzen doan jaialdia da Andoaingoa"

Xabier Lasa 2021ko eka. 17a, 12:24

J.A. Areta Goñi "Juxe" Andoaingo Rock Jaialdiko erakusketako argazkilaria da. Larunbatean rock-jaialdira hurbiltzen direnek atzera begirako erakusketa topatuko dute Basteroko erakusketa-gelan. Zabalik izango da uztailaren 3ra bitarte.

Joxe Angel Areta Goñi 'Juxe' Errenteriako argazkilariak argazki-erakusketa ipini du Basteron, uztailaren 3a bitarte ikusgai. Argazkilaria eta rock zale amorratua izanik, Andoaingo Rock Jaialdiko edizio guztietan aritu da argazkiak ateratzen, eta horietako ikusgarrienak hautatu ditu Basteron erakusteko. Jaialdiaren arnasa eta espiritua sentitu litezke argazki bilduman.

Zer ikusiko du erakusketa gelara hurbiltzen denak?

Edizio guztietan atera ditudan argazki mordotik, 76 hautatu ditut. Analogikoki zein digitalki ateratakoak, zuri-beltzean nahiz koloretan. Jaialdiaren historia modu xumean bildu dezakete, nahiz eta ez egon jaialditik igaro diren artista guztiak, hori ezinezkoa zelako espazio kontuagatik. Batek pentsa dezake musikariak eszenategian zuzenean ari direneko argazkiak direla guztiak, baina hori baino gehiago da erakusketa. Beti saiatu izan naiz musikarien erretratu pertsonalak lortzen, eszenategian nahiz eszenategitik kanpo, kalean, kamerinoetan… Plazan gozatzen ari den publikoak ere bere tokia hartzen du erakusketan.

Nafarroa plazan, alde batetik bestera etengabe mugitzen ikusten zaitugu, kamera eskuetan. Milaka irudi aterako dituzu jaialdi bakoitzeko…

Ez pentsa, milaka ez baizik ehunka batzuk. Jendeak oholtzan ikusiko nau hara eta hona, baina askotan ez naiz disparatzen ari. Gehiago ari naiz argi egokia bilatzen, musikarien postura on baten zain… Kontzertua kameraren bisoretik kontenplatzea ere gogoko dut maiz, denbora puska batean egon naiteke horrela. 

Argazkilaria eta rock zale amorratua izaki, bi zaletasunak uztartzeko modurik topatzen al duzu?

Izugarri gozatzen dut, badakit biren larrutan sartuta bizitzen Jaialdia. Pribilegiatua sentitzen naiz. Une jakin batzuetan, gelditu behar izaten dut, eta zera ohartarazi buruari: “Hi, lanean ari haiz, ez haiz jarraitzaile bat!”. Badakit Nafarroa plazan jende ugarik gozatzen duela; bada, ni ez naiz atzean geratzen. 

Zer dauka berezitik Andoaingo Rock Jaialdiak?

Urtez urte handitzen doan jaialdia da. Makro-festibal famatuen antzik ez dauka, xumeagoa da, baina badu bere xarma. Plazan dagoen publikoa ere anitza da, gurasoak, umeak… Doan izatea ere lagungarri da. Etortzen diren artistak pixka bat flipatu egiten dute Nafarroa plazan begi-bistan jartzen zaien panoramarekin. Eszenategitik gertu-gertu, denetik topatzen dute: parkeko kulunkan umeak jolasean, adin askotako publikoa eta batzuk igual ez dutenak rockzalearen profilarekin bat egiten, tabernak ere inguruan, ikusleak hurbildu egiten zaizkie eta eurekin natural hasten dira solasean merchandising-eko mahaietan… Nik uste gogoko dutela herrikoitasun eta gertutasun hori; eta azkenean, antzeman egiten zaie musika jotzeko orduan.

Ikuspegi pertsonaletik, jaialdia Andoainen kokatzeak badauka arrazoi erantsia. Lagun mordoa daukat bertan, Gaztetxera-eta maiz joan izan naiz kontzertuetara-eta, eta, bestalde, bertako Zine eta Bideo eskolan ikasitakoa naiz.

Musikariak erraz uzten al dira erretratu pertsonalak ateratzen?

Ez dute inongo arazorik jartzen, normalki. Aurrez azaldu egiten diet zertan nabilen, eta, gainera gogoko izaten dut eurekin hitz egitea honetaz eta hartaz, euren diskoak erostea... Bestalde, jaialdiko antolakuntzako jendea ezagutzen dut eta tarteka laguntzea egokitzen zait, nire furgona-rekin musika-taldeekin gidariarena egitea eta abar. Elkarren arteko tratua sortzen da horrela, eta, jakina, erraztu egiten da musikariek nigan konfiantza jar dezaten.

Argazki bakoitzak oroitzapen jakin bat ekarriko dizu gogora. Bakoitzak bere istorioa edukiko du... Baten bat kontatzeko modukoa?

Guztiek gordetzen dute istorio propioa. Bakoitzaren aurrean jarri, eta puska batean egon ninteke kontu kontari. Burura oraintxe datozkidan batzuk aipa nitzake: Ivan Julian eta Capsula taldea kamerinoan eserita atsedenean; The Nomads Suediako garaje estiloko formazioa eszenategian sutagarrean; Bob Log gizon-orkesta bere janzkera xelebrea eta guzti, Johnny Casino australiarra bere saioa amaitu bezain pronto gitarraren hariak apurtu zituen unean; Penny Lkinger bere gitarra ferekatzen; The Budd Shakers taldeko abeslaria umeei autografoak sinatzen, artisten eta publikoaren arteko konplizitatea irudikatzen duen instantea…

Argazkilari profesionala al zara?

Bai, kostata ateratzen den lanbidea izan arren. Estudioa eta argazki galeria daukat Errenterian bertan, paisaiarekin lotutako erretratuak ateratzen ditut, argazkigintzako ikastaroak antolatzen ditut…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!