Zuzendaritzak bazkideei diru kontuen berri eman ostean, gai nagusiari heldu zioten guztiek ere: kolokan dagoen elkartearen etorkizuna, alegia. Izan ere, 2019an, lanerako hautagairik aurkeztu ez zenez, lehendik zegoen zuzendaritzak jarraitu behar izan zuen, derrigor. Geroztik, osasun krisialdia sortu zen 2020ko martxoan, eta ohiko jarduera eten behar izan zuen elkarteak. Azken hilabeteetan, Guillermo Alcala, Nerea Bueno eta Fernando Otamendi zuzendaritza batzordeko kideek eutsi diote elkartearen martxari, lan administratiboak eginez batik bat.
Zuzendaritza, azarora bitarte
Hain zuzen ere, hirukoteak larunbateko batzarrean adierazi zuenez, datorren azaroan utzi egingo ditu oraingo ardura guztiak, eta ordurako jende berriak pauso bat aurrera egin beharko du, baldin eta Euskalduna elkartea bizirik mantendu nahi bada. Luze jo zuen bazkideen artean piztu zen eztabaidak, eta argi zehaztu ziren zeintzuk diren alderdi baikorrak eta zeintzuk ezkorrak. Mendi elkarte gehienetara zabaldu litekeen diagnostikoa deskribatu zuten bazkideek, era horretan.
Alderdi baikorren atalean, bi dira aipatzekoak, batik bat: Andoaingo eta inguruetako mendizaleek estimatzen dute Euskaldunak urtean zehar antolatzen dituen ekintzak (mendi-irteerak, Adarramendin salda-ematea urte-berri egunean, hitzaldiak…), eta horietan handia da parte hartzea. Bestalde, elkarteak kolaboratzaile sare sendoa dauka ekimen anitz horiek gauzatzeko orduan.
Alderdi ezkorrei dagokionez beste bi aipa daitezke. Lehenbizikoa, belaunaldi gazteei Euskalduna elkartea ez zaiela erakargarria egiten; nahiago dute euren kasa ibili, gizartean aisialdiaren arloan gertatzen ari den joera aldaketekin bat eginez. Bigarrengoa, gizartean orohar gertatzen ari den beste fenomeno bat pairatzen duela Euskaldunak ere: diru irabazirik gabeko elkarteetako ardurazko postuetan inplikatzeko dagoen gogo falta.
Irtenbide zehatzak aztertzen hasita, elkartearen lan administratiboetarako langile bat kontratatzearen aukera aztertu zuten, batik bat. Batzarraren amaieran, berriz, bi erabaki hartu zituzten, etorkizunari begirakoak: irailean bazkideen lan bilera egitea, eta bertan, besteak beste, zuzendaritza batzorde berrirako hautagaiak aurkeztea eta administrari baten kontratazioa aztertzea. Azaroan urteko batzarra egitea izan zen hartu zuten bigarren erabakia.