Andoaingo Udalak 250.000 euroko partida zertara bideratu erabakitzeko aukera zabaldu die herritarrei

Jon Ander Ubeda 2021ko eka. 18a, 18:00

2022ko Udal aurrekontuko diru-partida bat prozesu parte hartzailearen ondorioz erabakiko da. Horixe da gaurkoan Udal gobernu taldeak iragarri duena. Proposamenak 16 urtetik gorako herrikideek aurkeztu ahal izango dituzte, beti ere “legezkotasuna, toki-eskumena, aniztasunarekiko errespetua eta interes orokorra” bermatzen badira.

Garrantzia handia eman dio Udal gobernu taldeak gaurko agerraldiari, bertan izan baitira Maider Lainez, Andoaingo alkatea, Mari Jose Izagirre alkate-ordea, eta Petri Romero eta Alexander Huitzi gobernu taldeko zinegotziak. Lainezek deialdiaren irekitasuna nabarmendu du: "Andoainen egiten den lehen aldia da, eta gastu publikoari buruzko eztabaida eta erabakiak hartzea herritarrei zabaltzeko helburu argiarekin sortu da, aurrekontuak egiten parte har dezaten”. Izagirrek 2019-2023 gobernu-programan jasotakoari men egiten dion egitasmoa dela berretsi du: “Andoain Elkarlanean dinamika barruan kokatzen dela, herritarrekin dugun interakzioa hobetzea helburu duena”. "Andoain. Erabaki Orain" izeneko komunikazio kanpainaren bidez, parte hartze prozesuaren irismena handitzea helburu dute.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik da

Udalak inprimaki bat prestatu du eta on line edota paperean aurkezteko aukera izango da. Etxebizitza guztietara iritsiko da eskuorria, eta 16 urtetik gorako andoaindarrek Andoain.eus bidez edo hainbat buzoitan aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.

  • Webgunea: Andoain.eus. Prozesuari buruzko informazioa eta inprimakia bertan aurki daitezke.
  • Buzoiak: Udal eraikinetan ipiniko dituzte proposamenak aurkezteko ontziak: Ataria, Allurralde, Ambrosia Olabide, Bastero, Udaltzaingoa, Urigain Etxea, Arrate, Gazte lokala, Liburutegia, Ludoteka.

Lau urrats, proposamen hutsa errealitate bilakatu arte

  • Ekainak 18-Uztailak 18: Proposamenak aurkezteko bidea zabalduko da.
  • Uztaila-Iraila: Udal-teknikariez osatutako batzorde batek aztertuko ditu jasotako proposamenak.
  • Urria: Aukeratutako proposamenak hautatzeko bozketa egingo da.
  • Azaroa: Bozka gehien jasotakoak 2022ko Udal aurrekontuetan txertatuko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!