Mikel Iradi zendu da, errepide istripu larri baten ondorioz

Aiurri 2021ko eka. 22a, 09:00

Mikel Iradi Berasategi astelehenean hil zen, istripu larri baten ondorioz. Baziren egun batzuk hil ala biziko egoeran zegoela ospitalean, eta astelehenean zendu zen. Andoainen aski ezaguna zen 56 urteko mutila, jendartekoa, eta zirrara berezia eragin du bere heriotzak.

Gogoko izan zuen Andoaingo zenbait herri ekimenetan parte hartzea. Besteak, beste, aipatzekoak dira soldaduskaren aurkako mugimendu intsumisoko kidea izan zela, Axeri Dantza dantzatu izan zuela Goikoplazan zenbait urtetan, eta Burdina elkarteko boluntarioa ere izan zela azken urtetan.

Mikel Iradi Burdinako kideekin, 2011ko apirilean, Bekaiztegi baserrian (Goiburu auzoa).

 

 Ondare historikoa berreskuratzea eta argitan jartzea helburu duen Burdina elkarteak atsekabea agertzeaz gain doluminak luzatu dizkie senideei. Elkarteko kideek azaldu dutenez, Iradik ederki asko barneratu zuen boluntarismoaren filosofia; beti edukiko dute gogoan berreskuratze lanei eman zien bultzada pertsonalaz gain, zabaldu zuen lagunarteko giroa.

Iradi Burdina elkarteko kideekin, Urtzuriaga baserriko (Asteasu) karobia berreskuratzen ari zirela, 2015eko uztailean (Argazkia: Burdina elkartea).

 

Intsumisoen ahotsa Santa Krutzetan

80 eta 90eko hamarkadetan zehar antimilitarismoaren eta derrigorrezko soldaduskaren kontrako mugimenduko parte-hartzaile ekintzaileenetakoa izan zen Andoainen. 1994ko Santa Krutzetan berak egin zuen pregoia Olajaunaneko balkoitik, Andoaingo intsumisoen ahotsa bilakatuz. Presoaren janzkeraz azaldu zen balkoian, estatuak intsumisioari ematen zion erantzun errepresiboa salatzeko.

+

Mikel Iradi Olajaunaneko balkoian, Santa Krutz jaien pregoia egiten, 1994an.

 

Gizartean sustraitutako mugimendua izan zen hura Espainiako estatuan, eta batik bat, Euskal Herria guztian. Datu argigarri bat topatu dugu orduko hemerotekan, fenomeno sozial haren dimentsioa azaltzen diguna: Andoainen, Iradik pregoia eman zuen urte hartan, 19-24 urte bitarteko 70 gazte baino gehiago intsumisoak ziren. Gainera, une hartan Julio Abrego preso zegoen, eta beste hainbat lagun edozein unetan atxilotua izateko zorian zeuden, "bilatze eta harrapatze" egoeran egoteko atarian, alegia. Jada 1992an, herriko bi gazte, Imanol Huizi eta Asier Garmendia lehen intsumiso presoak izan ziren estatu osoan.

Iradi eta beste milaka gazte ausarten jarrera tinkoari esker, azkenean, 2001ean, Espainiako gobernuak bertan behera utzi zuen derrigorrezko soldaduska.

 

 

Kirolari trebea

Gaitasun fisiko handiko mutila zen, eta kirol ugaritan jardun zuen, futbolean, pilotan, mendizaletasunean... Futbolean aurrelari bizkor eta bizia izen zan umetatik, eta Euskalduna taldean infantilen eta jubenilen kategorietan jokatu ostean, preferente mailan ere jarraitu zuen zenbait denboraldietan, 80eko hamarkadan.

 

Preferente mailako Euskalduna, 80ko hamarkadan, Berazubin (Tolosa). Ezkerretik, zutik: Otaño (entrenatzailearen laguntzailea), Lasa, Marquez, Hilario, Alberdi, Garin, Pedro Irazu (lehendakaria), Garmendia, Mendiluze, Aristi eta Pako Agirre (entrenatzailea). Makurtuta: Gurrutxaga, Ugalde, Ormaetxea, Letamendi, Garcia, Arano, Iradi eta Ramos. (Argazkia: Javier Zatarain). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!