Hernaniko Atsegindegi plaza estalian ekainaren 24an, eta Donostiako Trinitate plazan ekainaren 27an. Horiexek dira eskualdeko musikari hauen bi hitzordu nagusiak. Kontzertuak bi atal izango ditu. Horietako bat Txirri, Mirri eta Txiribiton euskal pailazo aitzindarien kantutegiko hainbat piezek osatuko dute, eta horietan zuzendari lanetan ariko da Joxe Mari Oiartzabal musikaria. Txirri, Mirri eta Txiribiton; Paristik natorren; Behin edo behin; Allakuidaos; Lagunen itzala; Barre egin; eta Zapi zuria eskainiko dituzte. Pailazoen kantutegi klasikoaren parte dira. Andoaindarrak abesti horien partiturekin moldaketa lanak egin ditu, musika bandako instrumentu guztiek jotzeko modura egokituz. Ez da txikia hartu duen lana, baina hala eta guztiz ere Oiartzabal pozik geratu da: “Gogo onez hartzen dudan eginkizuna da abestiak moldatzea, are gehiago aspaldiko bidelagunak ditudan pailazoen ondarea eskuartean edukita. Ikaragarria da zenbat eta zenbat kantu bikain sortu zituzten, zein baino zein doinu politagoarekin! Zazpi abestiz osatutako Suit bat moldatu dugu kontzerturako, baina nahi izanez gero, beste hogei suit osa ditzakegu! Gainera, suit horietan ere zuzendari lanetan jardungo dut. Jorge Pachecok luzatu dit gonbidapena, eta pozez zoratzen nago. Opari bat izan da niretzat. Donostian eta Hernanin halako musikari bikainak zuzentzea ohore handitzat jo behar dut”.
Hernanin ekainaren 17an, musika guztiak bilduta, entsegu orokorra egin zuten. Horra saioaren zatitxo bat, bideoz ikusteko moduan, "Paristik natorren..." abestiarekin:
Nabarmentzekoa da bi kontzertuetan andoaindarren eta urnietarren parte-hartzea, Joxe Mari Oiartzabalena ez ezik. Hain zuzen ere, Iñaki Aizpurua (txistua), Joxe Ramon Berrondo aita-semeak (fliskornoak), David Belber (tronboia), Imanol Iribarren (tronboia), Manex Olasagirre (perkusioa), Oier Parada (saxoa), eta, Eneritz Jauregi (flautina).
Euskal barrearen bidegileak
Ez da ohikoa izaten haurrentzat pentsatuta dauden abestiak musika bandek interpretatzea. Pachecok azaldu du pailazoen doinuak kantutegi tradizionalagoarekin uztartu izanaren arrazoietako bat: “Hurrengo urtean 50 beteko dira Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak euskal plazan ezagutzera eman zirenetik; orduz geroztik, haurrei barre eragiteaz gain, euskal musikagintza aberastu dute, eta horrexegatik, aitortza merezi dutela iruditu zaigu. Eta zer hobea euren musika zabaltzea baino?”.
Hiru pailazoak 1972an azaldu ziren lehenbiziko aldiz, jendaurrean. Hasierako garai haietan Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenekin. Frankismo garaian gogor jarraitzen zuen gaztelaniaren aldeko kultur inposaketak, eta gizarteko makina bat arlotan bezala, haurren aisialdian ere nabarmena zen euskaraz barre egiteko premia. Gutxira, izen artistikoa betiko finkatuko zuten Txirrik (Xabier Otaegi), Mirrik (Jose Ignazio Ansorena) eta Txiribitonek (Txema Vitoria).
Geroztik, ehunka plaza eta auzotan sortarazi dute irribarrea. Ibilbide luze eta oparo horretan, 22 disko kaleratu dituzte, ehundik gorako abestien altxorra pilatuz, eta makina bat belaunaldien soinu banda osatuz. Gainera, Euskal Herriko bazterrak ondo zapaltzeaz gain, ETB1n ere zenbait programa egin izan dituzte; hala nola, Don Don Kikilikon, Funtzioa, Barre busa edo Altza porru!.
Andoaindarrak aspaldi ezagututako lagun zaharrak ditu pailazoak: “Funtzioa telebista saioan (1981-1991) eurekin lanean aritu nintzen. Euskal Herriko zein kanpoko musikari famatuak gonbidatzen zituzten programan zuzenean jo zezaten, eta atzean edukitzen zuten musika bandako zuzendaria izaten nintzen neu”.