"Ibilgailutik harago doan afizioa da motorzaletasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera 2021ko uzt. 6a, 09:00

Txopo, bere tailerrean.

Joxe Mari Beraza "Txopo" Txoperhead tailerreko arduraduna da. Jaiotzez andoaindarra bada ere, Tolosan du kobazuloa Txopok. Harley Davidsonen artean etxean bezala sentitzen da: motorrak artelan bihurtzen ditu, pasiotik bizi baitu bere ogibidea.

Motorraren burrunba maite du Joxe Mari Beraza andoaindarrak eta ogibide du haurtzarotik datorkion pasioa. Errepidean “Txopo” goitizenez ezagun, Radikal Cheyenne Saloon du sorterri, eta orain bizpahiru hamarkada ekin zion motorgintzari. Tailerra museo bilakatuta, bertan igaro ohi ditu orduak ihes-hodien artean. Erreferente bilakatu da Txoperhead tailerra ordu luzez asfaltoaren gainean hara eta hona ibiltzea gustuko duten kideentzat; izan ere, fintasun handiz zaintzen ditu bere bezeroak. Bi gurpileko ibilgailuen artisaua da Txopo; motorrak artelan bihurtzen ditu. 

Zure kobazuloan jaso gaituzu: Txoperhead tailerrean, hain zuzen.

Bigarren etxea da tailerra niretzat, zeren egun osoa bertan egoten bainaiz, baita nire aisialdian ere: ostirala iritsi orduko, lan jarduna eteten dut. Alabaina, hemen gelditzen naiz, tailerrean, zaletasuna ere badelako, alegia, ofizio izatea ez ezik, afizioa ere badudalako. Biziki gustuko ditut motorrak.

Haurtzarotik datorkizu ibilgailuak pertsonalizatzeko ohitura, ezta?

Jakina. Haurra nintzela itxuraldatu nuen nire lehen ibilgailua, bizikleta. Betidanik izan dut oso gustuko ibilgailuei ukitu berezia ematea, ezaugarri bereizgarriz janztea, gainontzenkoengandik ezberdintzeko. 

Autodidakta izan al zara ikasketa-prozesuan?

Mekanika-ikasketak egin nituen, tornuez eta fresatzaileez inguratuta. Betidanik izan ditut gustuko motorrak, eta, beraz, hobeezina iruditu zitzaidan gustuko nuen horrekin uztartzea ikasketak. Egun, motorrei ukitu berezia ematen diet, baita konponketak egin ere. 

Zein da zure eguneroko jardunaren oinarria?

Denetatik egiten dut. Tailerraren atzeko aldean igarotzen ditut lan-ordu gehien, hain zuzen ere, motorrak egiten: erruberak aldatzen, euskarriak mekanitzatzen... Duela hamarkada bat mekanika-lanak egiteari ekin nion, eta, egun, fabrika izateaz gain, konponketak egiteko erabiltzen dut tailerra, baita ibilgailuak ikuskatzeko ere. 24 urte daramatzat gehienbat Harley Davidson motorrekin lanean. 

Zerk bereziten du Harley Davidsona gainerako motorrengandik? Zer du berezitik?

Oso ondo ezagutzen dudan motorra da. Oso gustuko dut bere soinua nahiz mekanika. Traste zahartzat jotzen du jendeak, hots, ez duela ezertarako balio uste dute askok. Aitzitik, izugarri gustatzen zaizkit niri. 

Motorrekin artisautza-lana egitean datza zure ogibidea.

Motorra osatzen duten atalak sortzen ditut, heldulekutik hasi eta txasisera bitarte. Horretarako, apur bat, bezeroa ezagutu behar dut lehenago, bere nahien eta desiren berri izateko. Azken finean, eskulangintza da motorrekin egiten dudana.

Nondik ekin motozikleta bat sortzeari?

Ez da kolpetik etortzen. Lehen pausoa motorra erostea izan ohi da, denda batean edo bigarren eskuko merkatuan. Nolanahi ere, jendeari gainontzekoengandik ezberdintzea gustatzen zaio, eta hortxe sartzen da jokoan customize delakoa, itxuraldaketa. Finean, nire gustuei muzin egin gabe, bezeroaren premietatik zein desiretatik abiatuta egiten dut lan. Gainera, motorrak berak asko dio jabeaz: nolako motorra, halako jabea.

Zein da eskuen artean izan duzun motorrik ikusgarriena?

Mende laurdeneko ibilbidean makina bat motor ikusi ditut. 90. hamarkadan Frantzia aldera joaten ginen; beste mundu bat da bertakoa. Makina bat kilometrotako bidaia egiten genuen motor-jaialdi batera joateko, eta aho bete hortz gelditzen nintzen. Harley Davisdonen gisako motorretan Frantzia bada erreferente, besteak beste. Bestalde, Alemanian, Ingalaterran, Belgikan eta beste hainbat tokitan ere nabarmena da motorzaletasuna. Gainera, Kustom Kulture-a zabalduta dago, izan ere, bizitzeko era bat da: pentsakera, musika eta janzkera barnebiltzen ditu. Europan oso zabalduta dagoen joera da aspalditik, Euskal Herrian baino gehiago. 

Kultura aipatu duzu. Hori al da zuretzat motorzaletasuna?

Ezbairik gabe. Motorzale asko dago errepidean. Bizi-estilo bat markatzen du, ibilgailutik harago doan afizioa da motorzaletasuna. 

 

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 586. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!