Paradoxa mingarri bati helduz segi zuen Araolazak bere mintzaldia: “Tradizioari heldu izan zaio emakumearen presentzia ukatzeko, eta hain justu, tradizio hori aztertuz gero, ohartzen zara guztiz kontrakoa izan dela iraganeko errealitatea”.
Oier Araolaza (Elgoibar, 1972) euskal dantzari eta ikertzaileak Basteron ekainaren 15ean Andoainen, Urki dantza taldeak antolatuta. Araolaza dantzan.com elkartearen sortzaileetakoa da, eta aldi berean, euskal dantzen gainean gaur egun sarean dagoen web orririk osatuena den dantzan.eus webgunearen editorea da.
Emakumeek euskal dantzetan iraganean hartu izan duten lekua aztergai izanda, Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan izeneko liburu mardula (421 orrialde) argitaratu zuen iaz. Aurrez, 2019an, Euskal Herriko Unibertsitatean tesi gisa aurkeztu zuen ikerketa lana.
Ikerketari ekiterakoan zeintzuk ziren bere helburuak zehaztu zuen Araolazak, hitzaldiaren hasieran. “Lehenengo helburua, euskal dantza unibertsitatera eramatea izan zen; gabezia handia baitago bertan; euskal dantzek ez baitute espazio propiorik, ikerketarako, irakaskuntzarako, zabalkunderako…”.
Gaur egungo euskal dantzaren unibertsoari irizpide batzuk eskaintzea ere bururatu zitzaion Araolazari, tesiaren eskutik. Gaurko dantza taldeen eguneroko martxan sortzen zaizkigun galdera eta zalantzei erantzunak topatu nahi nituen. “Noiztik bereizten ditugu gure dantzak generoaren arabera, noiztik sailkatzen oinarrizko kategoria generoen arabera, eta noiz eta zergatik?”, “Planteatu liteke neskek mutilen dantzak egitea, nahiz mutilek neskena?”, “Zer egin ezpata dantzarekin, makil dantzarekin…?”.
Izan ere, ikusten dugu gizartea, nola doan berdintasunerantz pausoak ematen hainbat arloetan, eta euskal dantzetan, berriz, motxilekin segitzen genuela. Are gehiago, planteatzen zaizkigun galderei erantzuterakoan, badirudi derrigortuta gaudela aurrera egiteko atzera begiratzera justifikazio bila, jakin arren gizartean ez dela horrela jokatzen, baizik eta eskubideei gehiago begiratzen zaiela?".
Gezur historikoari aurre eginez
Mito edo gezur handia ikerkuntzarekin eta datuekin barruz-hustutzea izan da tesia idazteko beste helburuetako bat, handiena akaso: “XX. mendean behin eta berriz errepikatu zaigu emakumeek apenas egin zutela dantza gurean; dantza, nagusiki, gizonezkoen kontua zela. Eta gainera, azken aldian egin dutenean, izan dela propio beraientzat sortu direlako dantzak, edota, gizonezkoek, hain “jatorrak” garenez, aukera eman diegulako zenbait dantzetan parte har dezaten. Hori gezur galanta da! Historian zehar makina bat testigantza, kronika, aipu, argazki, debeku eta isun… topa ditzakegu, zeinek adierazten diguten emakumezkoak dantza egin dutela eta modu normalizatuan egin ere, debekatu ez zaien bitartean noski”.
Emakumeak dantzari, mendeetan zehar
XVI. mendetik aurrera argitaratu izan diren kronika, lekuko, agiri, debeku eta isun, grabatu, ikonografia, argazki… mordoa topatu eta aztertu ditu Araolazak, eta horietan oinarritu da dantzetan emakumearen presentzia naturala zela aldarrikatzeko. “Normala zen emakumeen parte-hartzea gizartean egiten ziren dantzetan, izaera soziala edo kulturala zutenetan ez ezik baita kristau kutsuko liturgietan”.
Aipamen historiko horietako zenbait deskribatu zituen Basteron, eta Frantziako erregeak Euskal Herrira egin zuen bisita zela-eta Cachopin kronika egileak 1558an argitaratu zuen testigantzarekin hasi zen. “Euskal neska gazteak ikusi zituen euskal erako dantzetan, eta hori idatzita utzi zuen”.
Historian aurrera, poliki-poliki joan zen gauzatzen emakumeari plaza publikoan dantza egiteko debekua. Sevillan bere urrezko aroan gertatukoak aipatu zituen. “XVIII. mendearen azkenaldera, egundokoak ziren Corpus Christiko jaiak; gerora gurera etorriko ziren osagai guztiak biltzen zituen festak ziren Sevillakoak (musikariak, erraldoiak, erensugeak, ezpata dantzak, trokel dantzak, makil dantzak…). Emakumeak modurik naturalean eta aktiboenean parte hartzen zuen jai horietan. Jaime de Peñafiel y Cardona artzapezpikua heldu zen, eta Trentoko kontzilioaren printzipioak ezarri zituen Sevillan: alegia, emakumea deabruarekin identifikatzea eta emakume dantzaria gizonezkoa bekatuan erortzeko pizgarri izatea”.
Gertuago, XVIII. mendean, Euskal Herrian elizgizon ugari aritu ziren kanpaina gogorra bultzatzen emakumeak dantzatik egotzi nahian, “emakumeek lujuria eta lizunkerietarako bidea errazten zutelakoan”. Araolazak gaineratu zuenez, Aita Larramendi ere eztabaida horretan sartu zen, baina jarrera posibilistagoari heldu zion: “nahiz eta juzgu moralak ez alboratu, argudiatu zuen euskaldunak fededun zintzoak zirela, eta hortaz, euskal emakumeek ezin zutela gauza txarrik eragin”.
Ilustrazioaren eraginez, “Iztueta idazleak jarriko du abian dantzak jerarkikoki antolatzearen joera, hots genero-identitatearen arabera sailkatzea”.
Axeri Dantza eta Ezpata Dantza, eredugarri
Oier Araolazak 1936ko gerrara bitarte luzatu du bere ikerketa. Nolanahi ere, Basteron tartea hartu zuen Axeri Dantza zein Urki taldeak Santa Krutzetan antolatu ohi duen Ezpata Dantza, bi dantzak goraipatzeko, kontuan hartuta eman izan dituzten urratsak, genero bereizketarik gabeko onbidean. “XXI. mendearen sarreran, 2000an, euskal dantzaren unibertsoan bide urratzailetzat hartu behar dugu Axeri Dantzaren ekimena, eta baita gerora Urkirena ere. Azkeneko urtetan harro egoteko moduan gaude Ezpata Dantzarekin Euskal Herrian gertatzen ari den fenomenoarekin, Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltzen konplizitatearekin gainera”.
Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 586. zenbakian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.