Unanibiako Ferrata Bidea estreinatu dute gaur

Aiurri 2021ko uzt. 2a, 14:14

Gaurtik aurrera irekita egongo da Unanibiako Ferrata bidea, tirolina barne. Inaugurazio ekitaldian, iaz ETB2ko El Conquistador del Caribe saioko irabazle Mikel Perez kirolaria gonbidatu dute, lehenbiziko aldiz proba dezan. Mari Jose Izagirre zinegotziak adierazi duenez, 220 metroko ibilbide interpretatu berritzailea da, eta Leitzarango geologiarekin eta biodibertsitatearekin zuzeneko kontaktuan sartzeko aukera emango du. Ekitaldiko bi bideo ikusgai, mintzaldiak batetik, eta  bestetik, Perezen lehenbiziko ibilaldia Ferrata Bidean:

Irekiera ekitaldiko mintzaldiekin, bideoa:

 

Lehen bidaia tirolinan, El Conquis saioko irabazle Mikel Perezen eskutik, bideoa:

 

Gaurtik aurrera, erabiltzeko aukera

Hemendik aurrerako erabiltzaileei, gidari espezializatu baten laguntzaz, ingurunearen balio natural eta ekologiko handia azalduko zaie, udal ordezkariek azaldu dutenez. Gaurtik urriaren 31ra bitarte, erabili ahal izango da. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da horretarako, leitzaran-andoain.eus wegunean. Egunean bi talde baino ez dituzte hartuko, eta bakoitza lau pertsonakoa izango da; egunean zortzi lagun, hortaz. 35 eurokoa izango da jardueraren prezioa, eta andoaindarrek deskontua izango dute, 14 euroko tarifa bereziarekin.

Tirolinak 70 metroko luzera du (hamasei metroko garaieran dago), eta behin harkaitzetara iritsita, hortik gora 220 metroko igoera egin behar da; bost horma bertikal gainditu behar dira, hain zuzen. Ibilbidea Goiburu bailaran dagoen baso-pista batean amaitzen da, eta bertatik Bisitarien Etxerako itzulera oinez egin beharko da.

 

Euskadin lehen altuerazko zeharkaldi pedagogikoa

Gaur eguardian Otietan egin duten irekiera ekitaldian, Maider Lainez Andoaingo Alkateak, Mari Jose Izagirre Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria zinegotziak eta Ainhoa Zuazu Leitzarango Bisitarien Etxeko kudeatzaileak hartu dute hitza.

Lainezek azpimarratu du Andoaingo Udalak 20 urte baino gehiago daramatzala Leitzaran bailara babesten, eta naturgune gisa balioesteko egindako lana goraipatu du. “Ferrata Bideak ahalegin berri bat gehitu dio helburu horri, proposamen berritzaile eta aitzindari batekin, Euskadi osoko lehen altuerazko zeharkaldi pedagogikoa baita”.

Izagirrek gogorarazi duenez, 2016an Leitzarango Bisitarien Zentroa ireki zenean, “naturako turismoaren aldeko apustu irmoa egin zen, slow adventure edo abentura sosegatuan oinarritutako eskaintza batekin, jasangarritasuna, irisgarritasuna, kultura eta tokiko ondarea kontuan hartuta”. Proiektua diseinatu eta aurrera eramateko orduan iraunkortasuna funtsezko zutabea izan dela “inguru fisikoari eta bertako habitatei kalterik ez egiteko asmoz”, gaineratu du Izagirrek. Otietako Ferrat Bidea Euskadiko altuerako lehen ibilbide interpretatua dela ere esan du Izagirrek.

Zuazok adierazi du Leitzarango natura ondarea balioan jartzea izan dela Otietako Bisitarien Etxeko kudeatzaileen helburu nagusia hasiera-hasieratik, eta horretarako antolatu izan dituztela, esate baterako, bisita interpretatuak, edota, oinezko edo bizikletazko irteerak. “Eta oraingoan, Ferrata Bidearekin, ondare hori altuerazko ikuspuntu batetik ikusteko aukera edukiko da. Izan ere, ingurunearen interpretazioari ematen diogu berebiziko garrantzia; ondare horrekiko interpretazioa, ezagutzatik ez ezik baita ere esperientziatik eta sentipen ugarietatik (usaimena, ukimena,  entzumena…)”.

Azkenik, Mikel Perezek ohoretzat jo du Ferrata Bidea estrainatzen duen pertsona izatea, eta edonor animatu du, hemendik aurrera froga eta goza dezan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!