“Askatasuna ematen dizu autokarabanak”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko uzt. 4a, 10:38

Ainara Etxarte Itsas Mendi karabanetako jabearekin hitz egin du Aiurrik. Hornitutako furgonetetatik hasi eta autokarabanak bitarte, eskaintza zabala du Andoaingo negozioak. Salmentaz gain, ibilgailuen konpoketa ere egiten dute.

Etxe ibiltariz inguratuta bizi da Ainara Etxarte. Bere anaiarekin batera, Andoaingo Itsas Mendi Karabanak enpresan egiten du lan, orain lau bat hamarkada gurasoek sortu zuten familia-negozioan, hain zuzen. Pandemiak pandemia, zutik dirau Itsas Mendi Karabanak dendak, beso zabalik, uda ate joka den honetan, bestelako esperientziak bizi nahi dituen jendearen esperoan.

Zein motatako ibilgailuak dituzue Itsas Mendi Karabanetan?
Askotariko ibilgailuekin egingo du topo hona gerturatzen denak: lehenik, kotxeari atxikitzen zaizkion karabanak ditugu, campingera joan nahi duten horientzat. Bigarrenik, camper delakoa ere badugu gurean, hots, 5,40-6 metro bitarteko hornitutako furgoneta. Azkenik, autokarabanak dira gure ibilgailu handienak, 6,30-7,30 metro bitartekoak.

Karrozeriari dagokionez, hamaika enpresarekin egiten dugu lan: Eriba (Alemania), Benimar (Peñiskola), Hymer (Alemania), Etrusko (Italia) eta Pilote (Frantzia), besteak beste. Aldiz, motorretan, oro har, Fiat eta Ford markekin egiten dugu lan, baita noizean behin Mercedesekin ere.

Normalean, orain, ibilgailu berriak ditugu salgai. Izan ere, egoera dela-eta, ez dira gugana iristen bigarren eskuko produktuak, bezeroak saldu egiten baititu internet erabilita. Halaber, salmentaz gain, tailerra ere badaukagu, konponketa-lanetarako. Osagarriak jartzen ditugu, adibidez: toldoak, eguzki-plakak, bizikleta-euskarriak, hozkailuak… Garai batean alokatzeko aukera ematen genion bezeroari; dena den, egun, ez daukagu zerbitzu hori eskuragarri.

Askotariko bezeroak gerturatzen dira zuenera, ezta?
Denetatik izaten dugu: bikote gazteak, familiak, pertsona bakarrak, erretiroa hartu berri dutenak eta abar. Azken horiei dagokionez, autokarabanatik camper-era igarotzeko joera dute. Turismo aktiboari begira, erosoagoak dira errepidean aritzeko, alegia, hain zabalak izan ez arren, errepide jakinetarako aproposagoak dira.

Karabanarekin campingera joaten da jendea. Camper-arekin nahiz autokarabanarekin, berriz, aukera hori ere badago, baina bidaiatzeko erabili ohi dira bi ibilgailu horiek, eremu jakinak daude-eta horientzat. Hemen, Euskal Herrian, ez da askorik ikusten, baina Frantzian zein Alemanian, esaterako, oso ohikoa da.

Bidaia motari dagokionez, askotarikoak izan daitezke; zenbaitek nahiago dute hondartza; beste hainbatek, ostera, mendia. Nork bere gustuetara egokituta bidaiatzeko aukera ematen du.

Oro har, zein litzateke zure ustez ibilgailu horiekin bidaiatzeko urteko sasoirik onena?
Aste Santutik uda bitarteko denboraldia oso ona dela uste dut, baina aukera izan behar da  horretarako. Gehienbat, jendeak uztailean zein abuztuan antolatzen ditu bidaiak, eta, ondorioz, zailagoa da lekuak topatzea, jende pilaketak medio. Iraila ere sasoi interesgarria da.

Bestalde, neguan joera handia dago, astebururo jotzen baitu jendeak eski-estazioetara.

Pandemiak eraginik izan al du zuen jardunean?
Itxiera perimetrala ezarrita zegoenean guk zabalik izan genuen, baina telefonoak ez zigun jotzen kasik. Hala, astean pare bat bisita izaten genituen, aurrez lotutakoak, gainera. Geldituta egon da; alabaina, aurretik interesa agertu zuten bezero batzuk genituen. Beraz, zenbait salmenta egitea lortu genuen, jende oso zehatzari, baina.

Joera mantendu delakoan nago, nahiz eta komunikabideek esan izugarrizko igoera egon dela. Izan ere, egunetik egunera ez duzu erabakitzen sekulako inbertsio ekonomikoa egin nahi duzula horrelako ibilgailu batean. Mugimendua egon, egon da, baina ez esaten duten adinakoa, alegia, uda guztietan egoten da ibilgailu mota horien eskari handia. Horrez gain, zenbait eskaera atzeratu egin behar izan dira, eta 2022. urterako aurreikusitako batzuk ere kendu egin dizkigute: denboraldia hasi aurretik aurreko urteetan baina mugatuago gaude.

Pandemiaren atzetik datorrena ez dugu ikusten, baina egoera ez da erraza. Piezak falta dira, baita lehengaiak ere: egurretik hasi eta burdinera bitarte. Horrek guztiak prozesua mantsotzea eragingo du, zenbait enpresek, besteak beste, ekoizpen-prozesua geldituta dutelako. 2022. urteari begira, ezjakintasun handia sentitzen dugu.

Egoerari aurre egiteko diru laguntzarik jaso al duzue?
Guri ez dagokigu ezer ere ez: ez udalerrian, ez Euskal Autonomia Erkidegoan. Lehena merkatalgoei eta enpresei bideratuta dago, gehienezko fakturazio zehatz batekin. Gure kasuan, langa gainditzen dugu, ibilgailu bakarrarekin 50.000 euroko fakturazioa egiten dugulako, nahiz eta irabazia ez izan hori. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, erakundeak automoziora begira emandako diru-laguntzetan ere ez gara sartzen. Ahaztutako sektorea gara, eta, orain, are gehiago nabari da hori.

Euskal Herrian nabari al duzu ibilgailu mota horiekiko zaletasuna?
Jakina, betidanik, gainera. Haurtzaroko oporraldiak horrelako ibilgailuetan igaro izan dituzten bezero asko ditugu. Orain, behin nagusituta, zaletasuna transmititu nahi diete beren seme-alabei. Bizipena errepikatzeko gogoz gelditzen da behin esperientzia probatu duena.

Zer du berezitik autokarabanan egindako bidaia batek?
Oroitzapen politak ditugu anaiak eta biok gure haurtzaroaz, zeren campingera joaten baikinen sarri. Nik orain autokarabana daukat, eta askatasuna ematen dizu bertan bidaiatzeak: haurrek poz handiz hartzen dute bidaia bat egitea proposatzen diegunean, izan ere, bostak batera egoteko aukera ematen digu. Beste patxada batekin egiten dituzu planak, era inprobisatuagoan bidaiatzeko aukera ematen duelako. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!