“Ez da erraza jaso ditudan eskertza mezu guztiak barneratzea”

Xabier Lasa 2021ko uzt. 9a, 09:30

Andoaingo musika eskolak ateak itxi ditu hogeita bat ikasturteko ibilbidearen ostean. Ekainaren 26an azken emanaldia eskaini zuten, Bastero Kulturgunean Susana Cencilloren eskutik. 

Susana Cencillok ongi merezitako aitortza jaso zuen azken emanaldi horretan.

Egun batzuk igaro dira ikasleekin batera Basteron agertu zinenetik. Hunkigarria gertatu zen ekitaldia.

Ez nuen inondik ere espero! Susmatu, susmatzen nuen ikasleek lore sortaren bat emango zidatela emanaldia bukatu bezain pronto, baina ez gertatu zen guztia! Ikasleak, ikasle ohiak, Andoaingo kultur munduko eragileak, udal agintariak, Basterora etorri ezinda bideo-muntaiaren bidez agurtu nindutenak… Askok eta askok agertu nahi izan zidaten gertutasuna eta maitasuna, eta hori ez da erraz ahaztekoa. Oraindik ere barru-barruan prozesatzen ari naiz gertatu zen guztia, emozio guztiei kabida ematen.

Eta ez pentsa erraza denik dena barneratzea. Izan ere, Basterokoa pasa eta hurrengo egunetan mezu mordoa jasotzen jarraitzen dut; askok pena agertzen didate ezin izan zutelako ekitaldian bertan egon. Harrigarria da, etxetik irten, eta kalean noala ere makina bat herritar bidera ateratzen ari zaizkit nirekin aldarte txikia edukitzeko eta esker oneko hitzak helarazteko gogoz.

Elkarrizketa hauxe baliatu nahi nuke eskerrak emateko guzti-guztiei.

Ezustean heldu zitzaizun estimaziozko adierazpenen uholdea…

Hala da, bai. Etxean familiakoek ere ez zekiten Ainhoa Aiertza eta besteak aurreko egunetan zer ari ziren antolatzen, ezkutuan… Nik egia esan, eskolaren azken emanaldiarekin buru-belarri ibili naiz azken boladan. Musika eskola ixteko erabakia hartu zenetik, derrigorrezkoa ikusi genuen ikasleen azken kontzertua eskaintzea publikoari, ikasturte oro egin izan dugun bezala. Eta lanak eman dizkigu emanaldia ondo prestatzeak, izan ere, pandemiak ez digu utzi musika tailerreko ikasle txikienen taldea sortzen, eta hortik aurreragoko ikasleek ere talde murritzetan entseiatuz egin diote aurre Basteroko emanaldiari, ahalik eta gauzarik txukunena osatzeko.

21 ikasturteko ibilbidea egin du Soinuak eskolak. Atzera begira jarrita, balorazio orokorra egiteko tarterik hartu al duzu? Zer eman dizun, zer kendu…

Perspektiba sakonagoa beharko dut behar bezala baloratzeko. Nolanahi ere, sentsazio pertsonalen ikuspegitik, pozik nago. Nola ez naiz, bada, hala egongo, balio izan badit irakasle gisa ikaragarri hazteko, giza harremanetan aberasteko, jende pila ezagutzeko eta lagun mordoa egiteko, eta gainera, Andoaingo herrigintzan parte hartzeko? Kendu dizkidan gauzen artean, zuzendaritzako ardurak eragiten dizkizun buruhausteen gainetik, familia aipatuko nuke, jakina. Familiari eskaini beharreko ordu eta ordu asko lapurtu dizkit eskolak. Eskerrak musikari lotutako familia daukadan, eta erabat identifikatuta sentitu den musika eskolaren proiektuarekin…

Ikasle askok bat egin dute zuk musikarako maitasuna transmititu diezula aipatzeko orduan…

Naturaltasunez egin dut musika eskolan egin dudan guztia. Ez da gauza kontzientea izan, musika bizi dudan bezalaxe jardun dut. Ikasleekin astero-astero aritu naiz, eta baliteke konturatu gabe horiei transmititu izana musikarako grina.

Zerk arrazoik bultzatu zaitu musika eskola ixtera?

Azken aldian buruan bueltaka nebilkien ideia zen. Baneukan kontzientzia bukatzen ari zela nire bizitzaren aro bat. Eta pandemia errematea izan da, bizkortu egin du azken erabakia; jaitsi egin da matrikulazioa, eta oso esperientzia latza izan da etorri diren ikasleekin aurrez-aurreko irakaskuntzarik ezin egin izana.

Zenbat ikasle igaroko ziren eskolatik?

Guztira 400 bat ikasle bai gutxi gora behera, eta mila matrikulazio 21 urte horietan. Irakasleak, berriz, hamar bat, bai. Zenbait ikaslek musikaren ibilbideari eutsi diote, baita modu profesionalean ere; tarteka hemen eta han jotzen jarraitu dutenak ere ezin konta ahala dira. Eta badira musika instrumentua etxean bazter batean gordeta daukatenak, baina noizean behin, hari heldu eta musika ateratzen diotenak, beren egunerokotasunetik deskonektatzeko gogoz. Guztiek ere, beraiekin gordeta edukiko dute Soinuak eskolan jasotako musika formazioa eta bizitutako esperientzia.

Badago esaten duenik meritua eduki duzula 21 urtez irauteagatik, Udal Musika eskolaren konpetentzia gertu-gertu edukita…

Baliteke, baina esango nuke filosofia desberdineko eskolak izan direla. Gure eskola txikia izan da, oso tratu pertsonalizatua eskaintzen saiatu dena. Gertutasun hori zailagoa da lortzea ikasle asko dituen udal musika eskola handi batean. Nik uste ezaugarri hori baloratzen jakin izan dutela bai seme-alaba txikiak Soinuak eskolara bidaltzen zituzten gurasoek, eta baita ere, gitarra edo akordeoia jotzera etortzen ziren helduek.

Sanjuanak, Santakrutzak, inauteriak… herriko jai anitzetan antolatu izan dituzuen kontzertu edo kalejirekin familia giroko musika transmititu izan duzue beti…

Hasieratik, eskolan, argi eduki genuen helburua irakasteaz gain irakatsitako hori kalera eramatea behar zuela izan; klaseetan ikasitakoa herriari erakutsi behar geniola, eta bide batez, herriko kale giroan gure ekarpena egin behar genuela. Izan ere, ikasleek kalean gozatu egiten dute; motibazioa berezia sentitzen dute egunez egun gehiago ikasteko eta publiko aurreko musika agerraldiak prestatzeko.

Txikiak, gazteak eta helduak denak elkarrekin aritzea ere izan da beti gure nahia, familia eta musika, bi kontzeptuak uztartuz. Balore ugari lantzen dira era horretan: txikiek gazte eta helduak eredu gisa hartzen dituzte, haiengandik ikasten saiatzen dira; gazteak ere arduratsu sentitzen dira txikien aurrean… Musika esperientzia polita bizitzen dute guztiek ere, bere oroitzapenetan errotuta geratzeko moduan.

Andoaingo kultur dinamika aipatu duzu. Nola ikusten duzu egun?

Kezkatzeko modukoa! Egunotan jaso ditudan mezu eta telefono deietatik batzuk herriko musika eta dantza taldeetako eragileenak izan dira, eta horiekin mintzatuz, lehendik ere agerikoa egiten zitzaidan errealitatea bistaratu zait: kezkagarria da Andoaingo kultur panorama. Izan ere, azken boladan, batzuk ezin izan dute entseguetarako bildu, beste batzuk ahalegin bizia egiten ari dira talde txikietan eta kontuz-kontuz nola edo hala segitzeko… Pandemiaren ostean, nekez eutsiko diote iraganeko dinamikari zenbait taldeek. Altxorra dauka Andoainek horiekin, eta ezinbestekoa izango da aparteko bultzada ematea talde horietako kideen, udalaren zein herritarren aldetik. Soinuak musika eskola itxi da, baina Andoainen bizitzen jarraitzen dut, eta iraganean bezalatsu, prest nago proposatzen zaizkidan proiektuetan parte hartzeko, edo kolaboratzeko.

Eskolaz gain, musika proiektu anitzetan buru belarri ibili izan zara akordeoi jole gisa. Has gaitezen, banan-banan errepasatzen bizirik direnak. Koldobika Jauregi artistarekin, esate baterako…

S.K. Efimeroak du izena proiektuak, 2012n sortu genuena. Izenak berak definitzen du zertan datzan proposamena: Susana eta Koldobika, tokian-tokian, errepika ezina edo efimeroa den kultur eskaintza egiten saiatzen dira. Batek eskultura edo margo lan bati ekiten dion bitartean, bestea, musika arte lan prozesu horretara egokitzen saiatzen da. Normalki, musikariren bat gonbidatzen dugu emanaldietara, hirukoa osatuz. Guggenheimen, Arantzazun, Tabakaleran, San Telmon… aritu izan gara. Oso ekimen aberasgarria gertatzen ari zait, aktuazio bakoitzean zer gerta litekeen ez jakiteak asko hazten baitzaitu inprobisazioaren arloan.

Zer da Bohemien Trio taldea?

Oraindik orain Ondarretako ikastetxeko patioan Mikel Urdangarinekin aritu diren Nika Bitchiashvili biolin-joleak eta Jon Cañaberas kontrabaxu-joleak eta hirurok sortu genuen 2018an, jazzaren, swingaren edo Frantziako musikaren eragina daukan musika jotzeko asmoz. Kantak sortzen hasi gara azken aldian, eta ez dakit ekimenak disko batean amaituko duen ala ez.

Javi Perez tronpeta joleak, Iban Gurrutxaga gitarra-joleak eta hirurek beste taldea osatuta daukazue…

Izenik ere ez daukan formazioa da gurea! Kontzertu didaktikoak eskaintzen ditugu, “New Orleansetik Euskal Herrira” izenburupean. Musikaren historia kontatzen dugu hitzezko azalpenak eta musika txandakatuz; XX. mendeko jazz doinuekin hasten gara eta egungo Euskal Herrira iristen gara, bidean hainbat erreferentzia aipatuz: jazza, gitarra elektrikoa, pop-rocka, The Beatles, musika-protesta, Ez dok hamairu mugimendua, punka, euskal rock erradikala, Gatibu, Esne Beltzak... Orain eskolaz eskola gabiltza eta iruditzen zait premiazko eginkizunari eusten diogula, izan ere, gazteek apenas dakiten musika estilo eta mugimendu askoren jatorria edo eboluzioa.

Garazi Kamiorena eta biena da Konpasetan proiektua…

Hitzaldi musikatua dela esango nuke, “Bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar” gisa aurkeztuta. Kontalari aparta da Garazi, eta historian nabarmendu den emakumeren bat hizpide hartzen du, nik musikarekin lagundu egiten diot.

Diren eta ez diren estilo eta formaturi heltzen diozu, izurik gabe…

Akordeoia edozein musikarako moldagarria dela argi dago, eta ondo menderatzen baduzu gauza asko egin ditzakezu berarekin. Egin kontu, punk musika ere jotzen dugu kontzertu pedagogikoetan… 2002 arte musika klasikoa jo nuen soilik, baina hartaz gero erabaki nuen ezeri aterik ez ixtea, musika munduan edozer probatzeko prest egotea.

Nondik datorkizu musikarako grina, akordeoiarenganakoa bereziki?

Familian ez dut bidea markatuko zidan musikaririk eduki, baina egia da gurasoek beti jartzen zutela musika etxean. San Esteban egunean jaiotakoa naiz, eta gogoratzen naiz egun horretan, txikitan, nola joaten ginen Goiburu auzoko jaietara, egun-pasa. Plazan, erromeria izaten zenean mundu guztia dantzan hasten zen, eta ni, bien bitartean, txora-txora eginda egoten nintzen Joxe Mari Oiartzabal (aita) soinujoleari begira. Etxera joan, eta musika tresna hori jo nahi nuela matraka ematen nien gurasoei. Horrela, Alberto Agirreren alabekin Kinkileria etxeko musika eskolan hasi nintzen, eta gero, Donostiako Musika Eskolan, Mikel Bikondoa eta beste zenbait irakaslerekin ikasi nuen. Akordeoi jazz munduan murgiltzeko orduan Victor Prieto, Didier Ithursarry eta Luciano Biondinirekin ikasten jarraitzen dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!